Sondikako AMPA Gorondagane IGE: “Leku-falta dogu

Aikor aldizkaria 2007ko urr. 24a, 09:28
Seme-alabak irailean hasi ziran eskolan eta eurekaz batera, gurasoak be bai. Gurasoen elkarteek ezinbesteko papera dabe ikastetxe barruan, izan be, familia eta irakasleen arteko zubia dira. Esti Atxalandabaso, Teresa Arbeloa, Idoia Aurrekoetxea eta Jesús Esteban Sondikako herri ikastetxeko AMPA Gorondagane IGEkoek euren beharraren barri emon deuskue. Zer egiten dozue? Guraso guztien ordezkari izan; hau da, gure iritziak, onak zein txarrak, irakasleei jakinarazo. Eskolan egiten diran jaialdietan be oso paper garrantzitsua dogu, horreen antolakuntzan parte hartu eta diruz laguntzen dogu-eta. Iaz Guraso Eskola martxan jarri genduan eta hainbat hitzaldi antolatu ziran gurasoek seme-alaben hezkuntzan laguntzeko asmoz. Jantokiko langileei zuzendutako ikastaroa be egin zan. Era berean, eskolaz kanpoko ekintzak antolatzen dozuez umeei begira. Gure ustez, umeek atsedenaldi luzeegia eben eguerdian, eta tailerrak prestatzea pentsatu genduan euren adina eta kurtsoa kontuan hartuta: musika, antzerkia, informatika, ingelesa… Hasieratik argi eduki dogu tailerrok izaera ludikoa izan behar ebela, eta, egia esan, ume askok emon dabe izena. Beste alde batetik, eskolako eraikin barria egiten dabilz eta beharren ondorioz, ez dago umeak jolasteko lekurik. Horrek guraso asko animatu ditu seme-alabak tailerretara ekartzera. Arratsaldeetan eta asteburuetan kirol ekintzak bultzatzen dozuez… Programa horren barruan ekintza mota bi ezberdin daikeguz: Foru Aldundiaren menpean dagozanak –surf, multikirola, atletismoa…- eta guk antolatzen doguzanak. Lehenengoak 8 urtetik gorako umeei zuzenduta dagoz, eta bigarrenakaz haur txikiagoentzat dagoen hutsunea betetzen ahalegintzen gara. Holan, aurrebenjaminentzako areto-futbola eskaintzen dogu eta gure taldeek Uribe Kostako Torneoan parte hartzen dabe. Multikiroleko hastapen-urratsak be eskaintzen doguz, aerobic… Ekintzok udal kirol-instalazioetan egiten doguz. Eta mendiko irteerak be antolatzen doguz. Eskolan 300 ikasle inguru dagoz, zeintzuk dira dozuezan arazo nagusiak? Leku falta. Azken sei urteotan ikasleen kopurua bikoiztu egin da eta eskolako instalazioak egokitu behar izan dira egoera barrira: musika gela, adibidez, ikasgela arruntzat erabiltzen da gaur egun, eta musika liburutegian emoten da. Etorkizunari begira ikasleen kopurua handiagoa izatea aurreikusten da, ganera. Hori dala-eta, eraikin barria egiten dabilz haur hezkuntzako ikasleak bertan hartu eta arazoa konpontzeko. Maiatzerako amaituta egotea espero da. Baina eraikina patioan altxatzen ari dira eta atsedenaldian haurrek ez dabe non jolastu. Euria danean udal kiroldegira eroaten dabez. Ezin gara kexatu, udal kirol-instalazioak bai patiotzat, bai eskolaz kanpoko ekintzak egiteko erabiltzen doguz-eta. Baina horren truke umeak kiroldegiko bazkide egin behar dira eta gurasoak kexatu egin dira… Dana dala, patio barriak egiteko proiekturen bat badago, nahiz eta guk horren ganean asko jakin ez. Beste alde batetik, aurten 10 bat ume gelditu dira urte biko gelatik kanpo leku falta dela-eta. Ikasle larregi egoteak arazoak be ekarriko ditu bazkaltzeko orduan… Bai, hiru txanda egin behar dira bazkaltzeko. Eraikin barrian jantokia be egingo dabe eta horrek egoera arintzen lagunduko du. Sondikako eskolara bertoko zein Loiuko umeak datoz. Garraioagaz be arazoak ei dagoz. Loiutik eskolara 7 minutu behar dira. Baina eskola-garraioa hartuz gero, autobusean hiru laurden emoten dabezen umeak badagoz. Zergaitik? Ibilbide osoa egiteko autobus bakarra dalako. Izan be, ibilbidean ordubete baino gehiago emon beharko ebazan umeek, Hezkuntza Sailak beste autobus bat jartzeko. Guraso batzuk ordutegietara moldatu eta eurek seme-alabak eskolara ekartzea erabaki dabe. Zer deritxazue Hezkuntza Sistemari? Hezkuntza mailari jagokonez, Sondikako herri ikastetxea oso ondo dagoala uste dogu. Halan be, dana hobetu ahal da bizitza honetan. Etorkizunerako helbururik? Aurten korua martxan jarri dogu eskolaz kanpoko ekintzen barruan eta oso ilusionatuta gagoz. Oraindik klase gitxi jaso dabez haurrek, baina proiektuak aurrera jarraitzeko itxaropena dogu. Eta batek daki! Polita izango zen inoiz beste eskolakaz alkartu eta Txorierriko umeen korua egitea! Eta beste gurasoak elkartean partehartze handiagoa izatera animatzea be gustatuko litxakigu, eskola eta gure seme-alaben egoera hobetzeko guztion ikuspuntua ezinbestekoa baita.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).