Iaz gorriak ikusi zituen mailari eutsi ahal izateko, baina aurten primeran dabil CD Loiu. Gaur egungo egoerari begirada eman diogu, lehengusu bikote batekin batera: José ‘Urti’ eta Ãngel Urrutikoetxea, CD Loiuko presidentea eta presidente ordea, hain zuzen ere.
Primeran doaz CD Loiuko taldeak, ezta?
Lau taldeak ondo dabiltza, baina mailari eustea dugu helburu. Gainera, oso goiz da oraindik. Negua ondoren ikusiko dugu non gauden eta orduan esango dugu noraino heldu ahal garen: goian bagaude igotzen saiatuko gara, zalantza barik. Plantilla gaztea, ona eta zabala dugu. Gure kontra jokatu diren arerioak ere ez dira gu baino hobeak izan. Beste alde batetik, B taldean ere jokalari onak daude, eta hori lagungarria da igoerari begira.
Gazteen taldea lehenengoa dabil eta gol pilo bat sartu ditu…
Lehenego partidan 9 sartu zituen, hurrengoan 4 Derioren kontra… Jokalari gehienak gure kadete mailako taldetik datoz eta iaz igotzea lortu zuten. Urte batzuk daramatzate elkarrekin jokatzen eta hori nabaritzen da berdegunean.
Lehenengo taldeko jokalari batzuk beheko taldeen entrenatzaile aritu dira betidanik. Zer deritzozue horri?
Inplikazioa oso garrantzitsua da. Lehenengo taldeko jokalari batzuk aspaldian daude gurekin eta horiek taldearen liderrak dira eta inplikazioa sortarazten dute. Eta futbolean jokalarien arteko laguntasuna eta elkartasuna oso garrantzitsuak dira. Eta zorionez geuk hori guzti hori badugu.
Txorierriko herri guztietan talde bana dago, behintzat, eta hemen Loiun lau. Hain jende gutxi bizi dela kontuan hartuta, ez zenukete hobe talde bakar bat osatzea Txorierri mailan?
Mila aldiz hitz egin dugu horren inguruan, baina oso zaila da ados jartzea. Izan ere, nork bere kolorea du. Horrek ez du esan nahi gure arteko harremana txarra denik; guztiz kontrakoa. Hain gertu egonda, lehia berezia egon badago gure artean, baina besterik ez. Loiuko ikastetxeekin ere ondo moldatzen gara, baina bertan jokatzea erosoagoa da umeen gurasoentzat, kotxez eraman behar ez dituztelako. Ikastetxea amaitzen dutenean, ordea, batzuk etortzen zaizkigu jokatu nahian.
Athleticekin lankidetza-hitzarmena duzue. Horrek laguntzen dizue aurrekontua borobiltzeko?
Eta Udalak eta Olarrak ere laguntzen digute, baita bazkideek ere, baina 200 baino ez direnez, oso gutxi da. Guk ez diegu jokalariei ordaintzen, lehen taldekoei izan ezik. Eurek 60 euro jasotzen dute irabazten duten bakoitzean, eta horren arabera gure aurrekontua handiagoa ala txikiagoa da. Pentsa ezazu garaipena lortzen dugun bakoitzean, 18 jokalariei, 3 teknikariei eta masajistari guztira 1.200 bat euro ordaindu behar diegula. Orduan, urte hasieran igoera lortuko bagenu moduan aurreikusten dugu zenbat puntu behar ditugun. Aurten, esterako, horrela jarraituz gero ez dakit diru nahikorik egongo den.
Gogorra al da horrelako kluba kudeatzea?
Apur bat eroa izan behar da talde txikietan agintari ibiltzeko. Jende gaztea falta da eta hemen egunero dago entrenamenduren bat; beraz, arratsaldero egon behar da zelaian. Nahi duenak gauzak egiten ditu, behar diren bakarrak zaletasun handia eta nahia dira.
Etorkizuna zelan ikusten duzue?
Kirol arloan pozik gaude talde guztiekin eta ziurrenik oso denboraldi ona egingo dugu maila guztietan. Beldur diogu kadeteek zer egingo dutenari, jokalari gehienak berriak baitira, baina ez dira txarto hasi eta baliteke mailari eustea. Bi hilabete barru agian beste gauza bat esan beharko dut, baina une honetan baikor agertzen gara.
Kirol arloarekin zelaiak zerikusia du, noski, eta laster areako zelaiaren ordez belar artifizialekoa jarriko dizuete Udalak, BBK-k eta Aldundiak…
Neurriak hartu dituzte eta espero dugu datorren urterako lanak hastea. Areako zelairik ia ez dago Bizkaian. Horrek baldintzatzen gaitu, A taldea izan ezik, gainontzekoek bertan entrenatzen dutelako. Eta gero belar artifizialeko zelaietara gure jokalariak joaten direnean egokitu behar dira, bertan pilota azkarrago doalako.
65 urte ditu CD Loiuk
CD Loiu 1942an sortu zen. Egia esan, 1928an hasi ziren jokatzen, baina Gerra Zibila zela-eta, taldea desegin behar izan zen. Gaur egun lau taldek osatzen dute kluba: A taldea Lehentasunezko mailan, B eta gazte taldea Bigarrenean eta kadetea Lehen mailan. Guztira, ia 100 jokalarik defendatzen dute astero kamiseta zuri-gorria. 200 bazkide ditu klubak eta Elotxelerriko zelaian jokatzen dute.
Taldeak eta Elkarteak