Ur minerala

Aikor aldizkaria 2007ko aza. 21a, 14:37

Bakoren bazterra: Iñaki Suarez, sumilierra

Nork esango zien greko, erromatar eta arabiarrei ur mineromedizinalak bainuetan eta gorputz-tratamenduetan erabiltzen jarraituko zenik, eta, horrezaz gainera, ontziratutako kontsumo-produktuen artean eskaerarik handiena dutena izango zela! Diseinuko pieza bilakatuta eta lurrin-ontzien barruan aukera ematen digute udaberriko urez, glaziarrekoez, artesianez (sakonunetatik ateratakoak)… gozatzeko. Baina, zer dira? Nondik datoz? Zenbat mota daude? Lurpeko urak dira. Mineral, haitz eta lurpeko beste gai batzuekin luzaro egoten dira elkar ukituz, eta mineraltasuna ematen dieten gatz mineralak eta beste gai batzuk xurgatzen dituzte. Osagai guztiak era naturalean hartzen dituzte, iturburu edo putzuetatik jarioz. Horrela, hiru ur mota ditugu kontsumorako: ur mineral naturala (bakteriologia aldetik osasungarria da eta mineralak ditu. Garbia da eta eraginak ditu gorputzean), iturburuko ura (edatekoa da, osasungarria mikrobiologia aldetik, baina aurrekoak baino osagai mineromedizinal gutxiago ditu) eta ur prestatuak (tratamendu fisikokimikoa jaso dutenen kontsumorako). Ur gasgabeak eta gas karbonikodunak ere bereiz ditzakegu. Gas karbonikoa naturala edo erantsia izan daiteke. Ur mineral naturalak kaltzioa, sodioa, magnesioa, fluorra, potasioa eta iodoa ematen dizkio gorputzari, besteak beste. Gure osasunaren arabera, onuragarriagoak izan daitezke, edo ez. Adibidez, sodio ugariko ura ez da komenigarria tentsio-arazoak dituztenentzat. Horregatik, inportantea da konposizioari adi egotea. Mineral-eduki arineko urak oso osasungarriak dira orokorrean. Batzuek eta besteek duten mineralizazio ezberdinak eragina izango du zaporean.