Etxebizitza eskubide bat da... hitz politak, egia potoloa. 23 urte ditut eta nik, behintzat, urrun ikusten dut nirea... 200 metro karratuko jauregi berritua? Ez, ez, bizitzeko txoko bat besterik ez! Baina betiko lez gauzak ez dira hain sinpleak, errealitatea edozein azalpen baino konplexuagoa izan ohi da...
Orain dela gutxi Dalai Lama izendatu, eta handik urte batzuetara uko egin zion gazte europar bati egindako elkarrizketa bat irakurri nuen. Budismoaren hausnarketarako gaitasuna eta mendebaldarren askatasunaren ideiak batera zitzakeen kultura batekin amets egiten zuen. Egia esan, europarrok ere askatasunaren hegaldia mugatu nahi izan genuen Frantziako iraultzan, baina horrek erraz jan ere berdintasuna eta laguntasuna. Maitale arriskutsuegia dela esan zuen Garik beste testuinguru batean, baina primeran dator hemen ere.
Etxebizitza eskubide bat da beraz, baina jabetza pribatua ere bai. Konstituzioak biak ala biak jasotzen ditu gainera, baina errealitateak bigarrenak lehena zapaltzea ahalbidetzen du. Konstituzioa eta errealitatearen artean aldea egotea posible dela pentsatzen hasia naiz jada... Kontuak kontu, bi eskubide kontrajarri ditugu hemen. Inolaz ere ez teorikoki, baina nabarmenki praktikan, etxebizitza beste negozio bat bihurtu den unetik; negoziorik borobilena hain zuzen.
Ulergarriak dira jabe askok dituzten beldurrak, arazoak sortzen dituen inkilinoa edo dagokiona ordaindu nahi ez duena, eta horregatik behar beharrezkoa da aldi berean prozesu legalen berriztapena zentsu honetan. Baina norabide honetan doazen neurriak proposatu dira aspaldian, eta momentuz gauzak ez dira asko aldatu. Jabetza pribatu baten kudeaketa arautzea mendebaldarrok hainbeste menderen ostean lortu dugun askatasunaren ideia garrantzitsuaren kontra joatea dela eman dezake. Banako batzuek negozio espekulatibo gisa erabiltzea beste batzuek lortu ezin duten oinarrizko beharrizan bat beste hainbeste kostatu zaizkigun giza eskubideen kontra joatea da, dudarik gabe.
Jabetza pribatua eskubide bat dela esan dugu beraz, baita horren kudeaketa ere. Baina etxe bat ez da luxuzko kotxea, plasma telebista edo diseinuzko altzairua. Etxebizitza eskubide bat da eta onartezina da oinarrizko eskubide batekin espekulatzea. Askeak gara nahi beste jabetza izateko, baita etxeak ere, baina askatasun horrek oinarrizko eskubide bat urratzen duen momentuan jabetza pribatu horren kudeaketa askeak zentzu guztia galtzen du, etxe hori merkatura atera behar da! Posible da espekulazioak eta lurraren negozioak aberasten dituen banku, promotore eta eraikitzaileak tartean egoteak zerikusia izatea neurri mota hauen bazterketarekin, noski...
Logika kapitalista baten barruan soilik uler daitekeen munduan bizi gara, zentzurik gabeko mundua gehienetan. Zentsurarik gabeko mundu hau, beharrezkoa denean. Izan dezaten etxe bat baino gehiago dutenek hausnarketarako gaitasun hori, bakarra erosteko ez dugunok gustura jarraituko baitugu banakoaren askatasuna errespetatzen. Horrela, Dalai Lamaren ametsetatik pixka bat hurbilago egongo gara, askoren ametsetatik, alegia.