Musika Eskola/Kontserbatorio Publikoa Txorierrin?

Aikor aldizkaria 2007ko aza. 21a, 15:12
Behar dogu. Santa Zeziliari eta Mankomunitateari eskatu deutsegu Txorierrirako Musika Eskola/Kontserbatorio Publiko bat. Testua eta argazkiak: Pospolin
Hilaren 22an ospatuko dogu. Santa Zeziliak lagundu beharko deusku musikearen inportantziaz jabetzen eta kontzientzia hartzen. Ikerlariek aspalditik dabilz esaten hezkuntza musikal eta artistiko ona hartzen daben umeek asko hobetu daikiela matematikarako eta irakurketarako kapazidadea eta baita beste gaitasun kognitibo batzuk be. Gaur egun badakigu musikeak eragin positibo itzela daukala gizakiaren garapen sozio-emozionalean be, psikoterapian ikusten diren emoitza interesgarriak ahaztu barik. Irakasleen esperientziak esaten dau musikara dabilen ume edo gazteak burua hobeto “antolatuta” daukala eta taldean lan egiteko edo besteekaz erlazionatzeko erraztasun handiagoak irabazten dituela. Ekialde eta Erdialdeko Europako estaduetan urteetako esperientziak be argi uzten ditu musika hezkuntzaren onurak, bai gizakiarentzako eta bai gizartearentzako… ‘Musikak poztutzen ez duena, ez da parte onekoa’ (G. Garate, atsotitzak). ‘La música amansa a las fieras’ (erdal atsotitza). Baina une honetan garestia da erremedio barik Txorierrin musika ikastea. Kirolean eta beste arlo batzutan, zorionez, diru publiko asko erabiltzen da. Lagunduko ete deusku Administrazinoak musikea be diruz eta azpiegituraz danontzat eskuragarri ipinten? Hauxe da aurkitu dogun panorama, mahai gainean itxiko dogu eztabaida… Tere Loroño: “Ahalegin handiak egin dodaz Txorierriko Kontserbatorioaren alde” Bera da “Larrabetzu” Musika Eskolaren sortzailea eta jabea. Eskola pribatua da eta Txorierrin musika ikasteko leku bakarrenetakoa. Zenbat urte musika irakasten? Ni neu lehenago hasi nintzen arren, irakaskuntza arautu modura 18 urte daroaguz. Publikoak dino musika ikastea garestia dala Behar bada bai, eta ulertzen dogu, baina jendeak ulertu behar dau guk ez daukagula subentzinorik eta irakasleei soladata duin bat emoteko kobratu behar dogula derrigorrez. Bestalde, askotan musika baino inportantzi gitxiagoko gauzetan diru gehiago gastatzen dogu. Beste leku batzutan, Mungian edo Leioan esaterako, merkeago da musika ikastea. Inguruko planteamenduak desberdinak dira: Mungia herri handia da eta Leioa oraindiño handiagoa. Txorierri herri txikiz osatuta dago, beraz Mankomunidadearen planteamendua izan beharko leitike, ezinezkoa dalako herri bakotxean musika eskola bat eukitea. Orduan, Mankomunidadean bideragarri ikusten dozu kontserbatorio/musika eskola publikoa ipintea? Nik uste dot eskola erdi publiko bat behintzat martxan jartzea posible dala, daukagunetik hasita, daukaguzan irakasleak eta ikasleak aprobetxatuta. Ume txikien kasuan, irakaslea joan beharko leitike herri bakotxera eskolak emotera, zenbat eta hurrago hobeto da-eta. Gero, adin batetik gora, aurrera egiten daben ikasleak zentro baten kontzentratuko neukez, kontserbatorio izenagaz edo mankomunidadeko musika eskola izenagaz edo dana dalakoa. Borrokatu dot horren alde, administrazinoagaz batzartuz, txostenak prestatuz, arduradunekaz berba eginez… eta, jubilatu orduko neure ilusinoa izan da zelan edo halan hori bideratzea, azken baten bideak erraztuz musikea bultzatuko dogulako. Gainera, uste dot prozedura desberdinak dagozela: modu errazenetik hasita, ikasleei udaletatik diru-laguntzak emonez; Arratian, Ermun eta beste leku batzutan egiten dan moduan, konkurtso baten bidez edo dana dala zerbitzu hori emoteko enpresa bat kontratatzen da, zerbitzu publikoa eskainiz eta bide batez udalei guzti horren kudeaketa errazteko (irakasleen kontratazinoa, instrumentuen eskaintza, musika taldeak sortzea, planifikazioak eta estrategiak…); Elgoibarko kasuan udalak ipinten dauz lokalak eta subentzinoa baina guraso alkarte batek daroa gestinoa; gero, badagoz Leioako edo Mungiako ereduak. Eredu bakotxak bere aldeko eta kontrako puntuak ditu. Zer eskatzen deutsezu, bai gurasoei eta bai administrazinoari, musikearen alde egiteko? Batez be pazientzia eta konstantzia eskatuko neuskie gurasoei, musika ikasteak ume eta gazteei onura asko ekarriko deutsie-eta, bizitza guztirako da-eta. Administrazinoari kontzientzia gehiago eskatuko neuskio, musikea aintzakotzat hartu dagiela. Balentin Atxotegi, Leioako Udal Kontserbatorio/Musika Eskolaren zuzendaria: “Behar da Musika Eskola Publikoa” Eurena zentro mistoa da, musika eskolea eta kontserbatorioa. Leioako umeek gura daben mailara arte euren herrian egin ahal dabe. Zer daukazu esku artean? Ia 700 ikasle daukagu. Hortik 500etik gora musika eskolan babilz eta beste ehun batzuk erdiko mailan kontserbatorioko ikasketak egiten. Hemen herriko umeak 7 urtegaz sartzen dira musika eskolan, irakaskuntza ez arautuan. Ikasturte bi daukiez danak bardin hizkuntza musikala eta instrumentua ikasteko eta hirugarren kurtsoan bide bi zabaltzen dira: bide normala edo ez arautua eta irakaskuntza errefortzatua deitzen dan beste bide bat, ikasle hautaketa bat eginez, onenak edo talentudunak hartuta. Bide honetatik doazenei azterketa bat egiten jakee gero kontserbatorioan erdiko graduan sartzeko. Oso txiki geratu jaku musika eskolea. Zer behar da hori lortzeko, dirua, borondate politikoa edo beste zeozer? Lehenengo eta behin dirua behar da, eta horretarako administrazinoko arduradunek kontzientziatu eta ados jarri behar dabe. Futbol-zelaiak eta kirol instalazinoak errazago egiten dira. Musikearen kasuan, alkate edo zinegotziren batek indar egiten badau edo guraso alkarteak eta partikularrak eskatu eta eskatu badabiz, azkenean lortu egiten da, baina zerutik ez dator ezer. Zelan sortu zan zuena? Badira 26 urte, Leioako “San Juan Bautista” abesbatzaren eta orduko bere zuzendari Jose Ignacio Sarriaren ekimenez sortu zan. Momentu honetan, maila desberdinetan zentroan 4 orkesta, 2 banda, 6 koru, big-ban eta 8 edo 9 talde instrumental (gitarra, soinua, txistua, klarinetea…) daukaguz. Inportanteena da umeek oinarrizko formazino musikala jasotzea. Zazpi urtegaz hasten dira; gero, gitxi gorabehera hamabi urtegaz, batzuk kontserbatoriora sartzeko azterketa egiten dabe, DBHko lehenengo mailan dagozenean eta urtero daukagu ikasle kopuru bat batxilergoa amaitu eta gugaz 6. maila egiten dabenak, Musikenera edo unibertsitatera pasatzeko eta musika profesionalean jarraitzeko prest egoten direnak, arlo guztietan ikasle onak izaten ei direnak. Zelan ordaintzen da guzti hori? Gure kasuan, gurasoek %33a ordaintzen dabe, Udalak %50a baino gehiago eta falta dan bestea Eusko Jaurlaritzak. Kontserbatorioko ikasketak garestiagoak dira, ordu gehiago ematen dalako, baina proportzino berean ordaintzen da. Zelan ikusten dozu kanpotik baina hurretik Txorierriko kasua? Beharrezkoa da musika zentro publiko bat. Txorierriko kasuan, uste dot soluzinoa erraza izango litekeela, herrietako udalak ados jartzen badira eta mankomunidade mailan zeozer egiten bada. Zelan edo halan, zuen eskubidea da, zergak ordaintzen dozuez-eta. Hasteko musika eskola publiko bat egin beharko leukie irakaskuntza ez arautua eskainiz eta ez kontserbatorioa (kontserbatorio bat mantentzea oso garestia baita). Prest nago edonori gure esperientzia azaltzeko edo laguntzeko. Izusko Izagirre, Mungiako Udal Musika Eskolaren zuzendaria: “LOGSEk gauza onak be ekarri ditu” Euskal Herriko Musika Eskolen (EHME) elkarteko kidea da. Musikea ikasteko beste eredu publiko bat da berak zuzentzen dauan Mungiakoa. Sistema arautu eta ez arautuen gainean be egin dogu berba. Zer daukazu esku artean? Herriak 15.000 biztanle inguru daukaz eta une honetan 690 ikasle daukagu musika eta dantza ikasten, 21 irakasle musikarako eta beste 10 dantzarako. Laster beteko dira 30 urte musika eskola hasi zanetik edo behintzat Udalak bere ardurapean hartu ebanetik. Dantzagaz hasi barriak gara, 6 urte daroaguz. Ikasteko plaza gehienak Mungian erroldatuek betetzen dabez lehentasuna daukielako, gitxi-gitxi batzuk eskualdeko herrietatik datoz. Hainbat koru, lau talde instrumental misto, gitarrako hiru talde, soinu talde bat, txistu talde bat, trikitixa, fanfarria bat… Gure helburu nagusia hezkuntza musikala bada be, herritik be kontzertuak eta entzunaldiak emoten doguz sarri-sarri. Irakaskuntza ez arautua emoten dozue. Zer esan gura dau horrek? 1992an LOGSE etorri zanetik, musikea ikasteko bide bi zabaldu ziran: arautua eta ez arautua, titulua lortzeko edo/eta musikearen arlo profesionaletik joateko bidea eta zaletasunez musikea ikasteko bidea. Harrezkero, Eusko Jaurlaritzak ordura arte oinarrizko gradua modu arautuan ematen eben udal musika eskolei ez arautura pasatzea eskaini eutsien, herrietan edo eskualdeetan jendeari musika ikastea erraztuteko sare antzeko bat egiteko asmoz, ez bakarrik gura daben umeei edo gazteei musika profesionalera pasatzen laguntzeko, baita helduei edo edonori profesional izan barik ikasten edota entzuten laguntzeko. Horretarako ondo datoz musika eskolak. Gero Musika Eskolen Elkartea (EHME) be sortu zan… Bai, Euskal Autonomia Erkidegoan 56 musika eskola gara alkarte horretan, 1.200 irakasle eta 22.000 ikasle. Hiru edo lau pribatuak dira baina alkarte horretan finantziazino publiko zabala daukiezan eskolak baino ez dagoz. Gipuzkoako gehienak, ez hemengo modura, subentzino publikoak jasotzen dabezan fundazino edo guraso alkarte eta taldeak dira. Hamabost urteko bidea da hori eta ondo ikusten dot, ze ezin gara danok profesionalak izan, baina bai afizionatuak, jotzerako mailan edo entzuterako eta musikea ondo apreziatzerako mailan. Baina, zelan egiten da finantziazino hori? Esan dogun sare hori eratzerakoan, Jaurlaritzaren konpromisoa izan zan gurasoek hiruren bat, udalek beste bat eta Jaurlaritzak bestea ordaintzea. EHMEtik lortu dogu konpromiso horren zati bat betetzea: une honetan Jaurlaritzak %20a edo ordaintzen dau. Falta dan %13 hori normalean udalek osotzen dabe eta kasu batzutan gurasoek eurek. Hurrengo lau-bost urteotako erronka izango da Jaurlaritzak konpromisoa osorik bete dagiala, aurrekontuetan diru kopuruak igotzen joanez. Larrabetzukoa pribatua eta arautua, Leioakoa mistoa (musika eskola eta kontserbatorioa, arautua eta ez arautua) eta Mungiakoa ez arautua bakarrik. Zeintzuk dira eredu bakoitzaren alde onak eta txarrak? Askotan aurrez aurre ipini dira eredu biak, arautua eta ez arautua. Nire ustez osagarriak dira. Ez arautuak lehen hezkuntzako eskola modukoak izan behar dogu. Gero, gura dauana edo talentua daukana pasatu leitike arautura, eta aurrerago Musikenera. Desberdintasun nagusia, irakasleko ikasle gitxiago izatetik aparte, ikasleak zentroan emoten dauan denporean dago: arautuan denbora gehiago, jakina; horrek esan gura dau garestiagoak direla, hori be jakina. Bestalde, arautuan azterketak egin behar dira eta irakaskuntza dekretu baten bidez planifikatuta dago. Baina uste dot gura eta balio dauena eskola ez arautuetatik be heldu daitekeela leku berera, azken baten ondo edo txarto ikastean dago diferentzia eta musika eskola ez arautuetan be oso ondo ikasi daiteke, bai hizkuntza musikala eta bai instrumentuak; ikasketak guk be planifikatu egiten doguz, baina askatasun eta malgutasun gehiago daukagu eta eskaintza zabalagoa emon daikegu.. Hemen musika afizionatuak azterketarik egin barik ondo formatu leikez eta hemetik musika arautura edo profesionalera be joateko ikasle asko prestatzen doguz. Zer eskatzen deutsezu, bai gurasoei eta bai administrazinoari, musikearen alde egiteko? Ikerketak aipatu beharrean, hauxe esango neuskie biei be: hezkuntza integralerako oso ondo datorrela musikea ikastea. Arlo asko lantzen da musikearen bitartez: sentsibilidadea, elkar lana, gauzen kostua jakitea, ahalegina, arrakasta eta porrota gureganatzea… Musikari ona edo txarra izatetik aparte pertsonak hobeak izateko be balio dau. Administrazinoari, zehatzago, beste hau be esango neuskio: kultura ez dala gastu bat, pertsonengan egiten dan inbertsino bat baino. Joan Migel Atxutegi, Txorierriko Mankomunidadeko kudeatzailea: “Ordubera, ikaslearentzako diru-laguntzak emotearen bidetik joko da” Administrazinoan esperientzia handia dauka. Hainbat urtez Derioko alkate izan ostean, Txorierriko Mankomunidadeko Kudeatzeilea da orain, eta musika zalea betidanik. Beti esaten dau bere oraingoa ez dala kargu politikoa eta erabakiak alkateek edo udal ordezkariek hartzen dabezala. Aikorrek! gaia mahai gainean ipini deutso. Txorierritarrak eta batez be eskola-umeak daukiezan gurasoak musika ikastea garestia dala kexatzen dira askotan. Zer uste dozu zuk? Ulertzen dot hori, neuk be semea daukat musika ikasten-eta. Une honetan, Txorierriko udalerri guztietan kontzertu edo entzunaldietarako eta abesbatzei edo musika alkarteei emoten jakien diru-laguntzetatik aparte, badakit Zamudion eta Derion behintzat subentzino partikularrak be emoten direla musika ikasten dabizenentzako. Inguruko beste esperientzia bi aztertu doguz, Leioakoa eta Mungikoa, eta eredu diferenteekaz beste modu batera kudeatzen da; merkeagoa da herri horreetan musika ikastea. Txorierrik daukan distribuzinoa desberdina da. Herri txikiz osotuta dago eta ezinezkoa leitike bakotxean musika eskola bat montatzea. Mankomunidade mailan, behar bada, zeozer gehiago egin ahal da, baina kostu handia ekarriko leuke horrek, azpiegiturak (eraikinak eta lokalak), irakasleriaren kontratazinoak, garraio sistema eta beste hainbat gastu. Hain inportantea dan musika hezkuntzari laguntzeko nahikoa egiten dala uste dozu? Une honetan ez dago alkateen agendan, garestia eta konplexua dalako eta beste lehentasun batzuk daukiezelako euren herrietan. Edozein kasutan, agendan ez badago be, euren buruan badagoela esan daiket: ordubera ikasleentzako beka edo diru-laguntzen bidetik joko dabe eta etorkizunean beste bide batzuk be jorratuko dira. Zuk zeuk, txorierritar eta musika zale legez, zelan ikusten dozu etorkizuna? Uste dot borondatea eta sentsibilitatea badagoela eta aurrera pausuak emongo direla. Gauzak ez dira egun batetik bestera egiten eta nik neuk, hasteko, datuak batzeko estudio bat egitea eskatuko dot: dagozen baliabideak, ikasle potentzialak, beharrizanak, beste musika eskola batzuetako datuak eta esperientziak…

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).