200 txorierritar baino gehiagok parte hartuko dute

Aikor aldizkaria 2007ko aza. 22a, 09:32

Txorierriko Mankomunitateak politika aktiboa darama aspalditik gaikako hondakin-bilketaren arloan. Orain beste pausu bat eman, eta etxeko konpostatzeri buruzko kanpaina jarri du abian. Kanpaina lorategia edo ortua duten txorierritarrei zuzenduta dago, eta jadanik 200 eskaeratik gora jaso dituzte. Txosten batzuen arabera, zabor-poltsan dauden hondakinen %30a hondakin organikoak dira; hala ere, portzentaje hori askoz handiagoa da beste informe batzuetan. Hondakin organikoek kalte handiak sortzen dituzte naturan, horiek kontrol barik utziz gero. Horrela, bada, lurra eta errekak kutsatzen dituzten lixibatuak sortzen ditu holakoen deskonposizioak. Era berean, berotegi-efektuko gasak –metanoa eta karbono dioxidoa, esate baterako- sortzen ditu. Gas horien pilaketak kiratsa sortzen du eta leherketak eta suteak ere eragin ditzake. Ingurumen Sailaren datuen arabera, hiri-hondakinen erdia konpost bihurtu daitezkeen hondakin organikoak dira. Zenbat eta etxe gehiagok konposta egin, orduan eta merkeagoak izango dira biltze, garraio eta tratamenduaren kostuak. Lorategia edo ortua duten etxebizitzek pisuek baino hondakin organiko gehiago sortzen dute. Hondakin horiekin etxean erabiltzeko konposta egin daiteke, bildu eta tratamendua jaso behar duen materia organikoa ere gutxituz. Norberak ezinbesteko papera du behar horretan, eta Txorierriko Mankomunitateak ortua edo lorategia duen txorierritar bakoitzarengana jo du, etxeko konpostatzeari buruzko kanpainaren berri emateko. Gutun baten bidez teknika hori zertan datzan eta horren onurak zeintzuk diren azaldu zaizkie, eta kanpainan parte hartzen duten guztiek konpostatze teknikari buruzko ikastaro teoriko-praktikoa, etxeko konpostatzearen gaineko gida eta konposta egiteko gailua eta behar diren osagarriak jasoko dituzte doan. Horrezaz gainera, aditu batek aholkuak eman eta zalantzak argituko dizkie prozesu osoan zehar. Kanpaina oso arrakastatsua izan da eta parte hartzeko 200 eskaera baino gehiago jaso dute dagoeneko. Beste alde batetik, etxeko konpostatzearen gaineko hitzaldiak ematen hasi dira. Jadanik Derion, Zamudion eta Sondikan egin dituzte, eta gainontzeko herrietan hurrengo egunotan izango dira: Loiun: azaroaren 26an, 19:30ean, Lauroetako Ingurumen Gelan. Larrabetzun: azaroaren 29an, 20:00etan, Anguleri Kultur Etxean. Lezaman: abenduaren 3an, 19:30ean, Kultur Etxean. Zer da konposta? Materia organikoa era naturalean deskonposatzean sortzen den produktua da, eta kospostaren onuren artean hurrengook aipa ditzakegu: teknika ekologikoa eta merkea da, ongarri naturala da eta landatutako produktuak osasungarriagoak izatea dakar. Ureztatzeko ura aurreztu ere egiten du. Konposta prozesu biologikoa da eta sei hilabete irauten du gutxi gorabehera. Zer konposta daiteke, eta nola? Lorategiko edo ortuko hondakinak nahastuta konpostatuko dira, matrize harroa eta, elikagai dagokienez, orekatuta lortzeko. Hondar lehorrak, adarrak eta enborrak denbora luzean gorde daitezke. Ondorioz, bilduta izan daitezke eta estruktura ematen duten elementuak behar direnean botako zaizkio nahasketari. Sukaldeko hondarrak eta lorategiko hondar berdeak, berriz, arin deskonposatzen dira. Beraz, lehenbailehen sartu behar dira prozesuan, ustel ez daitezen. Arrautza-oskolak, itsaskien hezurrak, pinaburuak eta abarrak nahasketara txikitua botatzea komeni da. Materialak geruza ezberdinetan jarriko dira. Oinarrian material lehorrarekin –adarrak eta enborrak, lastoak…- egindako 10cmko altuerako geruza ipiniko da, tontorra drainatuta eta aireztatuta egoteko. Horren gainean etxeko eta lorategiko hondakinekin egindako 15 cm baino gutxiagoko geruzak jarriko dira, material gogorragoekin uztartuz. Egindako konposta egokia da? Materia guztia uniformea izan behar da, deskonposatzen dagoen zatirik gabe. Konpostak giro-tenperatura eta usain ona izan behar ditu. Bero badago, materia organikoa oraindik deskonposatzen ari dela adierazten du horrek. Non erabili? Konpostak lurzoruaren egitura hobetzen du eta lurzoru buztintsuak hobatzeko erabil daiteke. Era berean, lurzoru hareatsuak egituratu egiten ditu eta higadura gutxitzen laguntzen du, baita lurzoru emankorrak ez galtzen ere. Horrezaz gainera, ongarri bikaina da nekazaritzarako, ingurune naturalari bere elikagaiak itzultzen dizkiolako.