Testua: Atotz Goikoetxea, itzultzailea eta filologoa
Ordenagailua darabilgun gehienok ia egunero joten deutsagu atea Google bilatzaileari, hitz gako batzuk emon eta gura dogun informazinoa eskaini deigun. Baina, datorren urtetik aurrera, telefono mugikorretara egingo dau salto Estatu Batuetako bosgarren enpresarik handienak. Eta, horrek zer esan gura dau? Ba telefonoetan daukagun informazinoa monitorizatuta egongo dala. Google-ek eta bere atzetik datozen enpresa guztiek gutako bakotxaren gustuak oso definituta eukiko ditue; azken baten, gizakion egunerokotasuneko lerroak antzera idatzita dagoz. Antzeko lekuetan ibilten gara eta produktu bardin antzekoak kontsumitzen doguz, besteak beste. Nahiko da Interneten erosketa pare bat egitea eta web gune batzuk bisitatzea; hortik aurrera, markatuta geratzen dira gure jokerak. Badakie, gitxi gorabehera, non bizi garan, zein hizkuntza ulertan doguzan, eta zeintzuk ez. Erabat kontrolatuta gagoz. Eta egoera gero eta latzagoa izango da, espazio pribatuak ia desagertu egingo diralako.
Interneten hasierako filosofia, norberaren jakituria hedatu eta mundu guztian eskuragarri ipintea zan. Gaur egun, barriz, konpainia globalak informazino lokala lortzen ahaleginduten dira, badakielako bizitza gure herri eta hirietan egiten dogula. Eskaintzen deuskuena da, gugandik hurbilen dagoan jatetxearen iragarkia, gure hizkuntzan argitaratu dan azken liburua... Suitzan bizi dan pertsona bateri guztiz informazino desberdina eskaintzen deutsie.
Izan be, informazinoa boterea da.