Libano: kontrasteen lurraldea

Aikor aldizkaria 2007ko abe. 17a, 09:58
Testua: Igor Urrutikoetxea
Libano munduko Estatu txikienetarikoa da: 10.400 Km2 besterik ez. 4,6 milioi libanoarretatik laurden bat inguru Beiruten bizi dira. Populazioaren %38 kristaua da, eta %55ek musulmantzat dauka bere burua. Libanon 18 azpitalde erlijioso daude guztira. Gainera, 250.000 bat errefuxiatu palestinar bizi dira lurralde honetan. Datu hauek funtsezkoak dira bertako egoera ulertzeko. Beirut hiriburua duen lurralde hori ezagutzeko asmoz bertan izan gara joan den urri eta azaro bitartean. Lurralde txikia tamainaz; Beirutetik gehien jota ordu batera daude herri guztiak. Talde ezberdinen arteko guda zibila bizi izan zuen Libanok 1975etik 1990era. Israelek ere 1982tik 2000ra Libanoko hegoaldea okupatu zuen, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) bertatik alde egiteko agindu bazion ere. Azkenik, 2000. urtean alde egin behar izan zuen, baina iazko uztailean berriro herrialde hau eraso zuen ia 2.000 herritar erailez. Dena den, Estatu sionistak kasu bietan porrot handiak jasan ditu Libanon eta bertatik joan behar izan du, batik bat Hizbulah erakundearen erasoak etengabe jasan dituelako. Guda hauen guztien lekukotza dira Libanoko hainbat eraikin apurtu, monumentu zulatu edo berreraikitzen ari diren herri eta auzoak... Haret Hreit-en kartel hauek irakur daitezke toki askotan: “Irango gobernuaren laguntzarekin berreraikia”. Izan ere, Iraneko txiitek Libanon dauden neba-arrebei laguntzen diete. Mendebaldar atzerritarrak ez dira normalean Haret Hreit-era joaten, horregatik jende guztia gure presentziaz ohartu zen, eta adeitsu gurekin berba egin gura izan zuten. Hurrengo egunean hegoaldera abiatu ginen, eta libaniar armadaren baimena lortu ondoren, NBEko soldaduak dauden eremuan sartu ginen, Beaufort-eko Gaztelua, Fatimako Atea eta Al Khiam-go kartzela ikusteko. Zonalde hau munduko puntu “beroenetarikoa” da, eta ez tenperaturagatik, tentsio politikoagatik baino. Kilometro gutxi batzuk hartzen dituen lur eremu honetan “errazimo lehergailuak” bota zituen Israelgo armadak iaz, eta orain libanoarrak berauek kentzen ari dira. Hemen dauden herrixketan populazio txiia bizi da, eta urteetan sionisten basakeriak zuzenean jasan dituzte. Horregatik hegoaldekoak eta Libano ekialdean dagoen Bekaa haranekoak dira gudatan hil dituzten martiri gehienak, Hizbulah eta Amal alderdietakoak. Euren argazkiak herrietako kaleetan ikus daitezke nonahi. Baina Libano asko daude, eta agian errealitate ezezagunena bertan bizirauten duten 250.000 palestinarrena da. Guk errefuxiatu eremu batzuk bisitatzeko aukera izan genuen. Palestinar errefuxiatu gehienak 1948, 1967 eta 1971ean etorritakoak dira, eta bizi-baldintza kaskarrak dituzte benetan: 12 errefuxiatu eremu daude egun Libanon, errefuxiatuek ez dute Libanoko nazionalitate ezta pasaporterik, %55 langabezian dago eta familien %70 Libanoko pobrezia mailatik behera bizi dira. Libanoko armadak hainbat errefuxiatu eremutan check point iraunkorrak jarri dituenez, kartzela handi bat bilakatu ditu. Gu ere Rasadiyeh-ko eremutik ateratzerakoan Libanoko soldaduek ordubete eduki gintuzten geldituta, bertara zertara joan ginen galdetuz. Egoera bereziki larria da Baddawin. Nahar El Bared-etik kanporatu zituzten 22.000 errefuxiatu bertako eskoletan eta kaleetan bizi dira, baldintza benetan kezkagarrietan. Umeak, pertsona nagusiak... denek lo egin behar dute lurrean, eta klase batean bizpahiru familia bizi dira. Baina egoera gordin hauen alboan ere, bada beste Libano bat, egunero ziztu bizian bizi dana eta Europari so dagoena. Uste dugunaren aurka, Libanon jende diruduna ere bada, gehien bat sunnien eta kristauen artean, eta kontrastea izugarria da Libanoko zonalde batetik bestera. Honen guztiaren paradigma Beirut da, Ekialde Hurbileko “Bizioaren Hiriburua” askorentzat. Herrialde arabiarretako hainbat aberats Beirutera joaten da, euren lurraldean debekaturik dauden zenbait “plazer” bila: alkohola, sexua, hatxis-a... Hiri liluragarri honetan posible da emakumeek hiyab-a (buruko zapia) janzten duten eta alkoholik nekez aurkitu daitekeen auzo batetik, alkohol litroak zerbitzatzen dituzten diskotekak gaueko ordu txikietaraino zabalik dauden beste auzo batera pasatzea. Gazte kristauak gainera Europara begira bizi dira, Ferrari edo Porsche-a gidatzen duten bitartean. Emakumeek Bilbo edo Berlingo emakumeen janzkera bera dute. Beiruteko Amerikar Unibertsitateko kanpusean zaudenean edo Corniche itsasertzeko pasealekuko jatetxeren batean nargile (ur-pipa) bat lasai eta goxoki erretzen duzun bitartean ezinezkoa irudituko zaizu munduko lurralde politikoki gatazkatsuenetarikoan zaudela pentsatzea. Libano borroka da, Libano dotorezia eta parranda da, baina Libano kultura ere bada. Horren lekuko dira Baalbek-eko hondar erromatarrak, alfabeto modernoaren sorrera ezagutu zuen Biblos hiria, Tripoliko hammam-ak edota Tiro eta Sidon bezelako kostaldeko herriak. Libano, Ekialde Hurbileko kontraste guztiak bere baitan biltzen dituen lurraldea. Khalil Gibran idazle libanoar handiak bere sorterriaz behin esan zuen legez, “Bada Ekialde Hurbilean logureari aurre egiten dion eta nagusitu egingo den iratzartze bat, eguzkia gidaritzat eta egunsentia armadatzat dituena”. Eta nik “insallah”(hala bedi) diotsot neure buruari Tiroko kaian beste egun baten bukaera ikusten ari naizen bitartean.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).