Inmigrazioa eta Kulturaniztasuna Lanbide Heziketan

Aikor aldizkaria 2007ko abe. 17a, 10:00
Testua: Anabel Menica, Nazioarteko Harremanetako Arduradunen Sareko Koordinatzailea
Migrazioen fenomenoa dugu mende hasi berri honetako erronka handia. Inmigrazioa eguneroko errealitate bihurtu zaigu, eta aukera iturri ere bai Europarentzat, bertako jaiotza tasa txikia eta langile etorkinak kontratatzeko gero eta premia handiagoa kontuan hartuta. Lanbide Heziketako ikastetxeok egoera horri aurre egiteko eta gure geletan gero eta etorkin gehiago hartzeko prest egon behar dugu. Helburu hori lortzeko nahiak eraginda sortu zen CATIT proiektu pilotua (Lanbide Heziketa Tekniko eta Industrialean Kultur Kontzientziazioa sustatzeko). Proiektu horren helburua beste kultura batzuetatik datozen pertsonen eskola- eta lan-integrazioa hobetzea da, bai LHko ikastetxeetan eta bai enpresetan sartzea ahalbidetuko dieten metodologia, tresnak eta material multimedia garatzearen bidez. Horretarako, prestakuntza ikastaro bat diseinatu da irakasgai teknikoen irakasleentzat eta enpresetako Giza Baliabideen arduradunentzat, pertsona immigranteen beharrak eta zailtasunak ezagutzen eta ulertzen ikas dezaten eta, era horretan, eskola- eta lan-ingurunean arrakastaz integratzen lagundu diezaieten. 2007ko ekainaren 8an aurkeztu zituzten proiektuaren garapenaren nondik norakoak, Politeknika Ikastegia Txorierri zentroan. Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeetako 60 bat lagunek hartu zuten parte mintegian. Mintegian, kulturaniztasunari dodekalogoen eta CATIT proiektuaren bezalako ikastaroen bidez erantzuteko beharra azpimarratu zen. Lehenengoen eredutzat CEAR elkarteak aurkeztutako lana (Ekonomia eraginkortasuna eta gizarte erantzukizuna uztartzeko gomendioen dekalogoa) hartu zuten, eta ikastaroen adibidetzat, berriz, CATITen proiektuan antolatutakoa. Horrelako jarduerek baliagarriak izan beharko lukete guztiok gogoeta egiteko, elkar laguntzeko, eta estereotipoak eta leku komunak bertan behera uzteko. Ekar ditzagun gogora Freire jaunaren hitzak: “Nigan ez da berezkoa horrelako irakaslea izatea… Ezinezkoa da horrelakoa izaten jarraitzea, desberdinak eta desberdintasunak onartu gabe, horien bidez beti zerbait ikasten baitugu” (Freire, 1996:93).

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).