Cava edo burbuilak

Aikor aldizkaria 2007ko abe. 17a, 10:16

Bakoren bazterra: Iñaki Suarez, sumilierra

Urte amaiera gero eta hurbilago dago, eta burbuilak jaiaren ezinbesteko osagarri bihurtu ditugu; cava sasoikoa baino sasoikoago egin dugu. Eta burbuilak poztu egiten dira, baina, betiere, etsipen eta tristura puntu batekin. Izan ere, ez zaie gustatzen eurekin soilik gogoratzea ospakizunetan topa egiteko edo Gabonei glamour itxura emateko. Adierazi nahi digute urtearen edozein sasoitan izan daitezkeela mahaiko lagun egokiak eta estimatuak. Cava botila bakoitzaren etiketan ikusi ahal dugu ardoak zein burbuilek zenbat azukre gramo daukaten: brut natureak, 0 g; estra brutak, 0-6 g; brutak, 0-15 g; estralehorrak, 12-20 g; lehorrak, 17-35 g; erdilehorrak, 35-50 g; eta gozoak, 50 g baino gehiago. Etiketan ere topa dezakegu, merkatura atera aurretik, cavaren gutxieneko ontze-denbora zein izan den: gaztea, 9 hilabete; erreserba, 15 hilabete; erreserba handia, 30 hilabete; eta erreserba berezia, auskalo! Burbuilak tamaina ezberdinetan sortzen dira kopa barruan (zenbat eta txikiagoak eta finagoak, hobeto), eta cavaren kalitatearen berri ematen digute. Behetik gorako zutabe bertikalek “arrosarioak” osatzen dituzte. Goiko aldera heltzen direnean, burbuila batzuek hainbat forma (“kate begiak”) eratzen dituzte eta beste batzuek izarrez egindako biribila (“koroa”) eratzen dute. Halako elementuak gure kopan agertu eta hantxe edukitzeak aditzera ematen digu eskuartean dugunak gure miresmena merezi duela. Cavaren garraztasuna altua da, baina neurrikoa ere bai. Hari eta karbonikoen presentziari esker, oso erraza gertatzen zaigu cava hainbat jakirekin “ezkontzea”. Baita normalean “ezkontzen” zailak diren jakiekin ere (berakatza, ozpina, arrautza…). Horregatik, animatu nahi zaituztet cava gehiago ezagutzera eta dastatzera. Betiere jakinda azukre gramoen gehiegizko kontsumoa egiten badugu, urte berria buruko minaren eta ajearen konpainiarekin hasiko dugula. On egin!