Golden Apple Quartet ahots-laukotea: “Morroi jat

Aikor aldizkaria 2007ko abe. 17a, 10:29
Testua: Gaizka Eguskiza
Tango ospetsu baten arabera, 20 urte ez da ezer, baina, antza denez, Golden Apple Quartet donostiar laukotea ez dator bat iritzi horrekin, dagoeneko hamarkada bi baitaramatzate taula gainean Loyola Garmendiak, Eduardo Errodonsorok, Manuel Romanok eta Enrique Ochoak. Sondikako Kultur Etxean 'Los golden en serio' azken lana aurkeztu zuten eta jendea pozik irten zen. Hala adierazi digu, behintzat, Enriquek, talde osoaren izenean. Zelan Sondikan? Entzuleen erantzuna ikusita, oso ondo, gure ustez. Izan ere, saioa amaitu ostean, entzuleak zutunik paratu ziren, eta ez alde egiteko, e! (kar, kar). Los golden en serio du izena zuen azken ikuskizunak. Zuena ironia hutsa da, ezta? Gurea ahots-musika giroan kokatutako umorea da. Eta ironia bere alderdi bat da. Haren bidez jendeak ondo pasatzea eta gu atseginak izatea nahi dugu. Oso esker oneko lana da gurea (psikologoarenera ez dugu joan beharrik!) eta autoestimu itzela dugu (kar, kar). 20 urte daramatzazue taula gainean. Zer dago atzera begiratzen duzuenean? Frakdun kobratzailea eta ile mordoa alfonbran… (Zenbat ile genuen, ene Jainko maitea!). Taldekide bat alde batera utzita, zer aldatu da laukotean? Goldenek bere estilo propioari eutsi dio 21 urte pasa eta gero. Manu gurekin berriro egotea ez da aparteko nobedadea. Izan ere, taldearen sortzaileetako bat izan zen 1986an. Hortaz, aldaketa gutxi izan dugu taldean. Bai, ordea, arte mailan: Estatu osoan zehar plazaratutako azken ikuskizuna dugu horren adibide. Bi bitxikeria argitzea nahiko nuke: bata, izena. Nondik dator? Horixe galdetzen digun 12.865. pertsona zara. Jatorria bitxia da: omenaldia egin nahi izan genion Amerikako talde beltz bati. Golden Gate Quartet zen haren izena, eta izugarri miresten genituen. Beraz, hemen zegoen “golden” bakarra sagarra zela pentsatu genuen eta, ondorioz, taldeari Golden apple quartet izena (hau da, Golden sagarraren laukotea) jartzea erabaki genuen. Bigarrena zera da: zuen kantarik famatuena El menu da. Jendeak behin eta berriro eskatzea gustatzen zaizue ala dagoeneko nekatuta zaudete? Jendeak eskatzeak ez gaitu inondik inora gogaitzen. Hala ere, penagarria da, gure ustez, jendea antzokira nekez joatea, artistek hantxe erakusten baitute euren benetako maila. Guk 21 urte daramatzagu lan honetatik bizitzen, eta argi dago ibilbide luze horretan El menu kanta baino zerbait gehiago egin dugula. Aldizkari honen bidez, telebista neurriz ikusteko gonbita egin nahi diogu jendeari. Era berean, antzokira joateko eskatzen dugu, istorioa gezurra izan arren, ikuskizuna benetakoa baita. Azken bolada honetan umeentzako ikuskizunak egin dituzue… Duela bi urte hasi ginen jardunbide berri horrekin. Orain arte ikuskizun bi jarri ditugu martxan, Galipotx eta Karabas. Euskadin antzeztu ditugu eta orain Estatura eramango ditugu. Jarduera hori dela medio, aukera bat behar duen talentu handiko gazteei lagundu nahi diegu. Gure iritziz, hori egin beharreko zerbait, erakundeetan inork ez duelako egiten. Beraz, kalitatezko musika-antzerkiaren aldeko apustua egitea erabaki dugu, umeei zein familiei zuzenduta. Ekimen horrek haurrei (eta gurasoei, bide batez) antzerkia deskubritzen lagunduko die. Hala, emozionatu egingo dira eta etorkizunari begira, kalitatezko ikusleak izango dira. Haurrentzako ikuskizunak, zinemarako musika, iragarkiak… Denetarik egiten duzue, baina zein duzue nahien? Berdin digu. Profesionaltasun osoz eta gogo handiz egiten dugu dena, horixe baita lanaren kalitatearen gakoa. Kazetarioi etiketak jartzea gustatzen zaigu. Zein da Goldenena? Morroi jatorrak gara! Zer duzue esku artean etorkizunari begira? Familiarekin turroia jango dugu, eta espero dugu Olentzerok irribarreak eta buen rollo guztioi ekartzea, gainerakoak ez baitu merezi. Urte berri on!

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).