Joana Flaviano, emakumezkoen Athleticen futbolaria

Aikor aldizkaria 2008ko urt. 10a, 15:20
Iaz Athleticekin hasi zen entrenatzen, eta aurten partida guztiak jokatu ditu. Joana Flaviano lezamar gazteak etengabe darama denboraldia hasi zenetik: udan Espainiako selekzio gaztearekin Europako Txapelketa jokatu zuen, gero Athleticekin Champions League eta orain Liga irabazi nahian buru belarri. Udaberrian Kopa dator, ea irabazten duten! Zelan doa egokitze-prosezua lehenengo taldean? Hasiera batean asko kostatu zitzaidan. Adi egon behar zaio entrenatzaileak esaten duenari eta partidako lehenengo minutuetan nahiko urduri ibili nintzen. Taldekideek izugarri laguntzen didate eta pozik nago, baina ziurrenik egokitze-prozesu hori ez da amaitu eta oraindik hobetu behar izango dut. Bilbao Athleticetik zatoz. Alde handia dago Superliga eta beheko mailen artean? Bai, bai. Pilo bat. Fisikoki, jokalariak handiagoak eta indarragoak dira. Gainera, jokoa askoz azkarragoa da, baita partiden erritmoa ere. Lehenengo taldera igotzea espero zenuen? B taldean jokatzen duzunean beti duzu nagusiekin jokatzeko ilusioa. Aurreko denboraldiaren azken hilabeteetan lehenengo taldearekin ibili nintzen entrenatzen, eta horrek itxaropen txiki bat eman zidan, baina egia esan ez nuen espero. Partida guztietan hartu duzu parte. Zelan ikusten duzu denboraldia? Aurten hasiera txarra izan dugu, eta hori dela-eta nahiko urrun dugu Liga irabaztea. Hala ere, ez dugu itxaropena galdu. Guk ia dena irabazi behar dugu eta goian daudenek, halaber, huts egin behar dute, aukeraren bat izateko. Baina oso zail dago. Ea Kopan zer gertatzen den, ea aurten behingoz irabazten dugun! Udaberrian izango da eta ilusio osoa dugu. Pena handia izan zen berriro Europatik kanpo gelditzea? Baldintzatu du denboraldia? Apur bat, bai. Izan ere, bi partida erraz irabazi genituen eta hirugarrenean 1-0 galdu genuen; berdindu izan bagenu, sailkatzea lortuko genukeen. Baina hori guk ez genuen jakin partida amaitu arte. Pena izan zen, baina guretzat garrantzitsuena Liga da ziurrenik. Europa mailako txapelketa jokatu ahal izatea saritzat hartzen dugu, hau da, esperientzia polita. Erdilaria zara, baina hanibat leku ezberdinetan aritu zara. Non zaude erosoago? Leku askotan jokatu dut dagoeneko: betidanik erdigunean aritu naiz, batez ere, baina aurten atzean zein hegalean ere jokatu dut. Nire ustez, atzean jardutea erdian baino erosogoa da. Izan ere, erdigunean beti duzu norbait inguruan eta gauza asko izan behar duzu kontrolpean. Atzeko aldean, berriz, aurrera begira baino ez duzu gehiagorik egin behar. Dena dela, niri berdin dit non jokatzea. Garrantzitsuena da berdegunean egotea eta hobetzen jarraitzea. Zein da zure jokalari kutunena? Egia esan, futbola ez dut gehiegi jarraitzen. Nire kontuekin nahiko dut. Batzuetan Iñigok (Juaristi, entrenatzailea) esaten digu partidaren bat ikusteko eta orduan ikusten dugu, baina bestela… Jokalariren bat aukeratu beharko banu, nik Itziar Gurrutxaga aipatuko nuke. Zenbait jokalari on egon badaude, baina bera bai jokalari moduan, bai pertsona mailan kristorena da. Agian nire alboan erdigunean jokatzen duenez, izugarri laguntzen dit. Erika ere oso futbolari ona da. Nondik datorkizu futbolarekiko zaletasuna? Txikitan eskolan guztiok (neskok zein mutilek) jokatzen genuen jolastokian. Zazpi urte nituela, esan nion amari areto futbol talde batean izena emateko. Hasiera batean aitak ez zuen nahi, baina azkenean lortu nuen. Geroago Leioara joan nintzen futbolean jokatzera eta handik Athleticera heldu nintzen. Futbola zaletasuntzat edo lanbidetzat hartzen duzu? Ezbairik gabe, zaletasunatzat. Guztioi gustatuko litzaiguke profesionalak izatea, eta baliteke inoiz lortzea. Akaso bidean gaude, baina zaila ikusten dut. Eta gauzak hobetzen ari gara: gaur egun kluba ordezkatzera joaten gara hainbat ekitalditara, adibidez, eta lehen ez ginen joaten. Udan Europako txapelketa ibili zara Islandia aldean. Zelan esperientzia? Ez nintzen oso ondo ibili eta ez nuen gehiegi jokatu. Beste alde batetik, kontzentrazioa oso luzea izateaz gain, liskar txiki batzuk izan nituen entrenatzailearekin. Beraz, ez nuen ondo pasatu. Ez da kanpora joan naizen lehenengo aldia eta normalean primeran pasatzen dugu: lagun minak eta guzti gara jokalariok. Nolako maila dago Europako Txapelketan? Denetarik dago: alde batetik, selekzio batzuek baloi bat zer den ere ez dakite; beste alde batetik, Frantzia edo Ingalaterra bezalako taldeek kristoren maila dute.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).