Gemma Martínez, aktorea: “Zein gustura egon ginen Derion!”

Aikor aldizkaria 2008ko urt. 22a, 08:38
Testua eta argazkia: Gaizka Eguskiza
Ez zen txantxa izan, gozamena baizik. Gemma Martinezek umorezko bakarrizketa eskaini zuen Derioko Gurea Aretoan abenduaren 28an, Haurtxo Errugabeen Egunean alegia. Hain ondo pasatu zuen, ezen ikuskizuna ordu erdi luzatu baitzuen. Elkarrizketa, berriz, laburra izan da. Zelan Derion? Zein ondo eta gustura egon ginen! Eta ez diot zu hemen zarelako. Ikaragarri ondo pasatu genuen. Izan ere, ikuskizunak normalean irauten duena baino 30 minutu gehiago iraun zuen. Zergatik daude modan bakarrizketak azken bolada honetan? Telebistak zerikusi handia du. Dena dela, mila arrazoi daude bakarrizketak hain erakargarriak izateko: umorezkoak dira; eszenografia aldetik merkeak dira; oso hurbilak dira gaurkotasuna jorratzen baitute... Eta azken hori da gakoa: eguneroko bizitzatik umorea egitea, hain zuzen ere. Beste alde batetik, aktoreen ikuspuntutik ondo daude, bakarrizketetatik bizimodua atera dezakezu-eta. Beraz, eskerrak eman behar dizkiot genero horri, gehien gustatzen zaidana ez bada ere. Bakarrizketak modan daude, baina batez ere gizonezkoek egiten dute ezta? Tira, apurka-apurka goaz. Gizonezko komiko batzuei entzun diet emakumezkook ez genuela balio umorea egiteko. La Lulú Comedí konpainia sortu genuenean, estereotipo horren kontra jotzea genuen helburu. Emakume komiko on batzuk sortu egin dira. Kontua da umorea, bizitzaren hainbat arlorekin ghertatzen den moduan, gizonezkoei dagokiela momentuz. Esan dudanez, telebistak indar handia du. Bertan, bi paper baino ez ditugu emakumezkook: barregarria den itsusia, ala izugarri polita baina ergel hutsa dena. Pertsonaiak dira, badakit, eta biak daude ondo, baina emakume arrunta eta sortzailerik ez dago. Gizonezkoek guk baino aukera gehiago dute, nahiz eta emakumezkoak aldea murrizten gabiltzan. Behin baino gehiagotan agertu zara telebistan. Zer zor diozu eta zer leporatzen diozu? Telebista lagungarria da jende guztiarengana ailegatzeko. Gainera, lan gehiago zein ekonomia-egoera iraunkorra ekartzen dizkizu. Beste alde batetik, jendearen jarrera dugu: ezaguna zarenez, uste dute taberna batean goizeko 3etan lagunekin kopa bat hartzen duzun bitartean ere barregarria izan behar duzula, eta hori ez da batere atsegina. Telebistan agertzen ez bazara, aldiz, jendeak uste du ez duzula lan egiten. Oro har, telebista ondo dago, baina ikusleen kopuruaren –eta ez kalitearen– tiraniapean dago, hau da, berdin dio saio bat ona ala txarra izateak, baldin eta jendeak ikusten badu. Hala ere, ezin naiz kexatu, nire lanak liluratzen bainau. Zertan datza Sondikara eraman zenuten Walt Disney me jodió la vida antzezlana? Aspalditik elkarrekin lan egiteko goga genuen lagun batzuk batu eta ipuina amaitzen denean printzesari zer gertatzen zaion galdetu genion gure buruari. Saioan Txano Gorritxu, Alicia, Loti Ederra eta Edurnezuriren etorkizunaz mintzatzen gara era dibertigarri batean. José Antonio Pérezek idatzi zigun testua eta Gurutzek (Beitia) eta biok La Lulu Comedí konpainia sortu genuen ekoizteko. Nolako erantzuna jaso duzue? Kanpora eraman duzue? Jendeak primeran pasatzen du. Saio gehiago egin eta kanpora eraman nahi dugu. Oso zorte txarra izan genuen kanpora atera ginen aldi bakarrean. Izan ere, Ciudad Rodrigon aire zabaleko antzerki jaialdi baten parte hartzekoak ginen, baina ezin izan genuen gure lana aurkeztu euria zela-eta. Bertan ez du tanta bat ere egin azken hamar urteetan, baina guri suertatu behar. Atsekabe handia izan zen: txartelak salduta geneuzkan eta ikusmin handia zegoen. Gainera, saioa ona bada, hori bezalako azoketan ikuskizuna beste leku batzuera zabaltzeko aukera ekar dezake. Zer egingo diogu!

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).