Xabier Mendiguren, Kontseiluaren idazkari nagusia:

Aikor aldizkaria 2008ko ots. 4a, 14:07
Kontseilua duela 10 urte sortu zuten, eta Xabier Mendiguren Bereziartu horren idazkari nagusia izan da ordutik hona. Mendigurenek gurekin ospatu zuen Aikor! aldizkariaren urtebetetzea, eta guk ere zorionak eman genizkion Kontseiluaren 10. urteurrena dela-eta. Nola baloratuko zenituzke 10 urte hauek? Txiki-txiki izatetik asko hazi gara, eta horrek, hainbat gauza egiteko aukera eman digu. Bi aipatuko nituzke bereziki: Bai Euskarari ziurtagiria (1.500 ziurtagiri banatu ditugu Euskal Herri osoan) eta Hizkuntza Eskubideen Behatokia. Azken hori duela zazpi urte jarri zen martxan euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko. Egon diren urraketa eta kexen txostenak urtero egiten dira, gainera, hainbat arlo lantzen ditugu: batetik, prebentzioa eta kontzientziatze-lana, eta bestetik, gure moduko hizkuntzetako ordezkariekin hartu-emanak… Newsletter ingelesezko aldizkaria ere zabaltzen dugu Europan zehar. Iaz ziurtagiriaren elkartea sortu zen eta orain bazkide gehiagorekin gabiltza lanean. Proiektu berrien gainean ere hitz egin diezagukezu. Bai Euskarari akordioa 121 herritara ailegatu da. Duela gutxi 70 bat ordezkarirekin izan genuen bilera eta udalerri batzuetan erakusketa bat antolatzea pentsatu genuen. Horrezaz gainera, “Euskaraz bai” adierazpena zabaltzen hasi nahi dugu. Hamar urte hauetan “Bai Euskarari” erabili dugu lelotzat, eta erabiltzen jarraituko da, baina euskararen alde zerbait gehiago aldarrikatu behar dela pentsatzen dugu. Hau da, euskarak laguntza behar du, jendearen aldekotasuna, atxikimendua…; hala ere, etorkizunari begira, hori ez ezik ikasi eta erabil dezagula ere behar du. “Euskaraz bai” adierazpenak gizartea behar horretaz jabetzea du helburu, eta gure ahaleginak batuko ditu datozen 10 urteotan. Hausnarketa prozesuan omen dago Kontseilua. Bai, urteurrena aprobetxatu nahi dugu, orain arte egindako lana eta datozen urteetan egin behar dena aztertzeko. Dokumentu bat atera dugu horretarako, eta urtean zehar sakonki landuko dugu. Dokumentuak gure jardunbidea zehaztuko du, eta oso inportantea izango da, gure bazkideen arteko harremanak sendotzeaz gainera, euskararen normalizazioaren inguruko helburuak aztertzeko baliagarria izango dugulako; hau da, helburu zaharrak sakontzeko, eta berriak bultzatzeko. Zelango hutsuneak daude euskararen inguruan? Irakaskuntzan, adibidez, aurrerapausoak eman dira, baina gazte guztiak euskaldunak izatea lortu barik jarraitzen dugu oraindik. Hizkuntza sailak prozesu bat abiatu du orain arteko euskararen ereduak gainditzeko, eta hori ondo bideratzea erabakigarria izango da, datozen urteotan benetako irakaskuntza euskalduntzailea izan nahi badugu. Beste alde batetik, euskaraz ikasi duten gazteek lan-munduan hasten direnean, ez dute euren hizkuntza erabiltzeko aukera handirik. Kontseilutik hasieratik esan dugu lan-mundua ere euskaldundu behar dela; osterantzean, euskara oso mugatuta geratuko da eta ez du etorkizuna inola ere ziurtatuko. Horregatik, gazte euskaldunak lan-munduan integratzeko egiten diren ahalegin guztiak oso beharrezkotzat eta premiazkotzat jotzen ditugu. Komunikabideei dagokienez? Erdal komunikabideen bitartekoak, ugaritasuna eta eskaintza gureek dituztenak baino askoz indartsuagoak eta aberatsagoak dira. Hori dela-eta, arazoak ditugu euskalduntasunari eusteko. Gure ustez, erdal komunikabideek Euskal Herrian kuota batzuk euskaraz jarri beharko lituzkete; bestela, egiten ari garen lana desegitea lortuko dute. Euskarazko komunikabideak ere indartu beharko lirateke, kalitatean zein kantitatean. Egunerokotasunaren parte dira beste arlo batzuk ere euskaldundu behar… Kontsumoaren mundua, adibidez. Produktu asko sortzen dira gizartean, eta horiek ere euskara behar dute, euskaldunoi eguneroko hizkuntza-paisaia bat segurtatzeko. Gaur egun ez dago politikarik euskaldunoi paisaia hori bermatzen digunik, eta guk politika hori eskatzen dugu. Izan ere, eguneroko pasaia linguistikoa euskaraz ikusteak ala ez ikusteak alde handia sortzen du euskaldunok gure hizkuntza erabiltzeko ditugun aukeretan. Gure eskubideei dagokienez, gero eta kontzientzia handiago dugula uste dut, gero eta gehiago eskatzen dugula, baina hutsuneek hor jarraitzen dute. Administrazioan –Osakidetza, Ertzaintza, Justizia…-, esate baterako, oraindik zail suertatzen zaigu euskaraz egitea, eta, nire ustez, Administrazioak eredugarria izan beharko zuen. Duela gutxi azterketa egin duzue 66 udalerritan, zer atera duzue ondorio? Oso esperientzia garrantzitsua izan da, eta lau urterik behin errepikatzeko asmoa dugu. Udalerri horietan ia bi milioi biztanle dago orotara; beraz, atera dugun ondorioa Euskal Herri osoaren egoeraren isla izan daiteke, zalantza barik. Eta ondorioa ez da batere ona izan. Giro euskalduna dagoen herrietan hizkuntza politika hobea da; hala ere, helburu batzuei heldu behar zaie oraindik. Azterketa egiteaz gainera, Ordenantza eredugarriak lana kaleratu dugu eta bertan euskarazko politika on batek nolakoa izan beharko zuen azaltzen dituen ereduak batu ditugu. Euren hizkuntza politika hobetu nahi duten udalerriek erabili ahalko dute hemendik aurrera. Gainera, lan horretan lau tipologia ezberdin jaso dira, herrietan egon den euskaldun kopurua kontuan hartuta, eta Iparraldeko herrien egoera ere egokitu dugu. UNESCOren arabera, euskara arrisku egoeran dagoen hizkuntza da. Kezkagarria omen da. Munduan 6.000 hizkuntzatik gora daude. Askok oso hiztun gutxi dituzte, eta asko ez dira ezta idatzi ere egin. Astero hizkuntza bat desagertzen dela esan daiteke. Egia da euskararen egoera ez dela beste hizkuntza batzuenaren parekoa: guk idatzita dugu hizkuntza, irakaskuntza dugu euskaraz, hizkuntza estandarizatu egin dugu, jendeak nahi du euskarak irautea eta bitartekoak jartzen ari gara. Gure arazoa normalizazioa lortzearen erritmoan dago batez ere. Normalizazioa asko luzatzeak adorea galtzea eta atzerako joerak ekar litzake, eta hori, arlo publikotik zein pribatutik saihestea ezinbestekoa da.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).