Martiartutorrea, Erdi Aroaren aztarna

Aikor aldizkaria 2008ko ots. 5a, 10:39
Eusko Jaurlaritzak kultur intereseko ondasuntzat jo eban Martiartutorrea 1995ean. Erdi Aroko babes eraikinik enblematikoenetarikoa da eta orain dala urte batzuk proiektu bat jarri zan martxan haren barruan Erdi Aroko alderdi gerrak ezagutzera emoteko. Halanda be, proiektu hori bertan behera gelditu da. Martiartutorrea Unbe mendiaren hegoaldeko hegalean dago, Goierri auzoan. Bizkaiko torretxerik garrantzitsuenetarikoa da. Halako torretxeak Erdi Aroko alderdi gerrak egiten ibilitako leinuen babes ikurrak dira. Martin Ortiz Martiartukoak agindu eban torretxea altzetako. Martin, Diego Perez Martiartukoa El Viejoren ondorengoa zan eta Gomez Butroekoa jauntxoaren alabeagaz ezkondu zan. Martiartutarrak Zamudio leinuagaz ahaidetu egin ziran geroago. Talaia horretatik dorretxeko jauntxoek Udondo ibar osoa menperatzen eben. Oso kokaleku aproposa zan defentsarako. Halanda be, beste erakargarritasun batzuk be bazituan. Izan be, torretxetik hurbil dagoz San Antonio ermitea, antzinako burdinola bat eta Martiartu leinuarenak ziran lurrak. Berezitasun horreek botere ekonomiko eta autoritate-seinale bilakatu eben torretxea, eta jauntxoek mozkin handiak lortu zituen Erdi Aroan, bidesarien, burdina-produkzinoaren eta ermiteak ekartzen eutsezan hamarrenen bidez. Martiartutorrea XIV. mendearen bigarren erdian altzau eben. Leinuaren arerioek 1472. urtean erre eben eta XVI. mendearen hasikeran berreregi zan. Bitxikeria moduan aitatu leiteke lehenengo eraikinaren aztarnak agiri badirala dorretxearen barruan. XVI. mendean, zutunik jarraitzen eban torre gotikoaren zatia harresiz inguratu eben eta eraikinaren gainerako perimetroa hareharrizko harlanduz egin zan. Ezaugarriak Eraikina 18 metro garai eta 14 metro zabal da. Harresiek 2,4 metroko lodiera dabe. Torretxeak osorik dau gailurreria alde bitan, eta lau garitetik hiru mantendu ditu. Ipar-mendebaldeko kuboan xurrutarri bat dago, animalia bat irudikatzen dauena. Torretxera mandio baten ganean dagoen ojiba-ate batetik sartzen da. Atzeko aldean, lurraren arrasean, beste ojiba-ate bat dago, eta fatxada horretan bertan badagoz leiho bikotx gotiko bat, leiho handi bat, hiru bao txiki eta zuburuen lerro bat be. Ekialdeko fatxadan zuruburuen lerro bat, gezileiho bi eta leiho bi ikusi leitekez. Azken horreetako bat gotikoa da. Iparraldeko fatxadea guztiz laua da, eta mendebaldekoan gaztelubegi bat, gezileiho bat eta leihotxo bat dagoz.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).