Testua: Jabier Lekerika, Txorierri Politeknikako irakaslea
Gizakia energiaren erabiltzailea izan da betidanik, eta, ondorioz, haren kontsumoa abiadura handian areagotzen joan da. Kontsumo-handitze horrek kalte ikaragarriak ekarri dizkio naturari, eta bere baliabideak agortzeko zorian utzi ditu.
Gure baso eta etxe-inguruak garbi zeuden lehen –baserritarrak horretaz arduratzen ziren-; gaur egun, berriz, txalet itxura hartzen ari dira, eta sasiz eta sastrakaz beteta daude.
Ez dakit hurrengo hau bazterrak garbi mantentzeko konponbidearen hasiera izan litekeen; baina basoetako egurra erregaitzat erabiltzeko teknologia berriak lantzen dabiltza, eta dagoeneko badugu erregai alternatiboa (pellet) etxeen bero-beharrizanak asetzeko. Europako herrialde batzuek –Suedia, Italia…- bidea eginda dute zentzu horretan, eta Euskal Herrian ere bagabiltza lehenengo pausuak ematen.
Nolanahi ere, ez da beharrezkoa zuhaitzak ebakitzen hastea, egurraren energia gure etxera ailegatzeko. Bizkaian bertan badago enpresa bat teknologia hau lantzen duena. Enerpellet du izena eta Muxikako Ebaki lantegiaren barruan dago.
Inguruko zerrategietako zerrautsa bildu, eta tratatu baino ez dute egiten enpresa horretan. Zerrautsa erregai bihurtzeko, lehenengo eta behin, sikatu egin behar da bere hezetasuna %10eraino jaitsi arte; ondoren, pellet produktua sortzen da makina baten bidez. Erregaia era bitan dago komertzializatuta: zakuetan eros dezakegu edo, bestela, kamioi batek etxeko biltegira ekar diezaguke zuzen-zuzenean.
Produktu honek kalitatezko ezaugarriak ditu, eta Enerpellet enpresak badu jadanik DIN plus ziurtagiria. Izan ere, pellet-aren erretzea egiten denean, kutsadura neutroa sortzen dela esaten da, arbolak bere bizian zurgatu duen CO2 baino ez baita isurtzen ingurura.
Enerpell enpresak kanpoan saltzen du produkzio gehiena, berton ez baitago erregai hori erabiltzeko ia instalaziorik. Hala ere, badaude pellet-a erabiltzen dituzten galdarak eskaintzen dituzten enpresak. Horietako bat Kapelbi da eta Legutioko enpresen poligonoan dago.
Aukera berri honek galdera ugari sorraraziko dizkizue zuetako askori. Gaia sakondu nahi duzuenek http://eu.wikipedia.org/wiki/Pellet eta http://es.wikipwdia.org/wiki/Pellet helbideetan kontsulta ditzakezue datu gehiago.
Azkenik, pellet-aren abantailen artean hauek aipa daitezke: gasolioa baino %40 merkeagoa da eta ez du kutsatzen, ia ez du kerik botatzen eta berriztagarria da. Horrezaz gainera, gure energia da eta, horri esker, ez dugu beste erregai batzuen menpe egon behar.