Untza Mendi Taldea: “Mendira joateak Euskal Herr

Aikor aldizkaria 2008ko ots. 13a, 11:12
Derioko Udaleko Kultura zinegotzia dugu Jesús Lagunas. Hala ere, ez diogu politikariari elkarrizketatu nahi izan, mendizaleari baizik. Izan ere, Untza Mendi Taldeko idazkaria da Jesús eta hilabete honetan elkarte hori dugu mintzagai, hain zuzen ere. Noiz sortu zen taldea? Taldea 1980an sortu zen. Hala ere, garai hartan egon zirenetatik lauzpabost baino ez dira gelditzen taldean. Zenbat kide zaudete? 50 kidek osatzen dugu elkartea. Hala ere, astero-astero 20 besterik ez gara ateratzen mendira. Kide gehienak nagusiak dira, tamalez. Izan ere, herriko beste taldeetan gertatzen den moduan, gurean ere nagusiak errelebatzen dituzten gazte gutxi daude. Zergatik? Auskalo! Ibilbideak oso goiz hasten ditugulako igandeetan, agian; edo kirol-eskaintza oso zabala delako Derion, akaso: areto-futbola, pilota… Kide gehienak Deriokoak dira, baina larrabetzuarrak, zamudioztarrak, galdakarrak eta leioarrak ere baditugu. Beste alde batetik, kluba federatu egin dela aipatu beharra dago. Horrek istripu-seguruak zein diru-laguntzak lortzeko aukera ematen digu. Zer egiten duzue normalean? Igandeetan Bizkaitik eta ondoko herrialdeetatik (Burgos, Errioxa, Gipuzkoa, Araba…) ibiltzen gara. Goiz osoa ematen dugu kanpoan eta bazkaltzeko ordurako etxean gaude. Urtero 40 ibilbide antolatzen ditugu. Horietaz aparte, urtean asteburuko bi irteera egiten ditugu eta elurretara joaten gara, baina ez pentsa eskiatzera joaten garenik, tontor bat igotzera, baizik. Gainera, araututako mendi-martxa antolatzen dugu San Isidro jaietan Udalarekin batera. Aurten XXII. edizioa beteko du martxak, eta bertan 500 pertsonatik gora batu ohi dira. Gabonetan Gorbeiara joaten gara. Bi ekintza horietan biltzen dira jende gehien. Menditik ibiltzeaz gain, beste ekintzaren bat antolatzen duzue? Bai. Erakusketak egiten ditugu. Iaz, esate baterako, Iñurrategi Fundazioak egindakoa ekarri genuen. Eta aurten, zer egingo duzue? Urbion mendietara joango gara ekainean, eta urrian Orreagara. Bertan, Urkulu gailurrean, alegia, erromatarrek eraikin zuten dorrearen aztarnak ikusi nahi ditugu. Eta aspalditik zera egin nahi dugu: Zamorara joan eta Peña Trebica, bertako tontorrik altuena, igo nahi dugu. Beste alde batetik, bazkide batek mikologiari buruzko erakusketa egitea proposatu du, eta udazkenean martxan jarriko dugu, beharbada. Nolako harremana duzue Txorierriko beste mendi taldeekin? Normala. Elkar ezagutzen dugu, baina normalean ez dugu ezer elkarrekin egiten. Harreman estuagoa dugu, aldiz, Uribe-Kostako talde batzuekin. Horiekin eguna pasatzera joaten gara noizean behin; Arabara eta Nafarroara, batez ere. Guztira, 300 lagun biltzen gara bertan. Zenbait mendi, zenbait txango... Nora joatea gomendatuko zeniguke? Irteera polit batzuk egin ditugu. Pirinioetako Orhi eta Anie mendiak ikusi ditugu, Kantabria eta Palentziaren arteko Peñalabran ere egon gara, Gorbeia ere aipagarria da, Hiru Erregeen Mahaia… Ezin dut bakar bat aipatu, hainbatetan eta hainbatetan ibili garelako. Eguraldia ona bada, izugarrizko paisaiak ikusten dira. Euskal Herrian izugarri atsegin dugu mendia. Horrek errazten du mendi taldea kudeatzea? Euskal Herrian mendirako zaletasun handia dago, bai. Txorierrin ere jende asko eta asko joaten da ibiltzera sarritan. Eta ildo horri jarraitzen dio taldeak, hau da, gurea mendi taldea bada ere, ez gara mendi altuetatik ibiltzen. Antolatzen ditugun txangoak edozeinek egin ditzake. Kide batzuk Aconcaguan edo Mont Blancen egon dira, eta taldea Pirinioetara joan da behin baino gehiagotan, esate baterako. Baina normalean neguan ez gara joaten 3.000 metroko mendietara, gehienok ez gaude prestatuta-eta. Guk ibilbide laburragoak egiten ditugu. Hasieratik, argi izan dugu mendira joateak Euskal Herria ezagutzeko aukera ematen duela era erraz eta polit batean. Baina kudeaketa errazagoa izango da zinegotzia izanda... Ez, ez. Ni zinegotzia izateak ez du zerikusirik. Taldeak ibilbide luzea du, eta betidanik harreman ona izan du Udalarekin. Baina guk ez ezik, herriko talde guztiek ere bai. Derion aspalditik daude talde asko: kirol, kultura, gizarte mailan… Eskerrak eman behar zaizkie horiei, izugarrizko herri-atxikimendua adierazten dutelako beti, hau da, inauterietan, herriko jaietan... Gainera, udalak ekitaldiak antolatzeko eta laguntzeko eskatu dien bakoitzean prest agertu dira. Informazio gehiago: Derioko Batzokian 652 71 27 02 telefonoan

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).