Sexua baino, laguntza bidezko ugalketa nahiago dugu

Aikor aldizkaria 2008ko ots. 13a, 11:25

Gorka Barrenetxea Quirón Klinikako Laguntza bidezko Ugalketa-unitateko zuzendari medikoa da. Bere ustez, emakumeek seme-alabak gero eta beranduago edukitzea erabakitzeaz edo espermaren kalitatearen urritzeaz aparte, badago beste faktore bat eragin zuzena duena urtean egiten diren laguntza bidezko ugalketa-eskaeretan: sexu-harreman gutxi izatea. Sexu-harreman gutxi ditugu, eta horrek zailtasunak ekartzen dizkigu seme-alabak izateko orduan. Barrenetxeak azaldu duen moduan, sexu-harremanak baino beste olgeta mota batzuk nahiago ditugu, eta esandakoa berresteko, Hego Dakotan (AEB) bizi diren amish-ak hartu ditu adibidetzat. Amish-ak landa-ingurunean bizi dira, ez dute antisorgailurik erabiltzen, 17 urte dituztela ezkontzen dira eta monogamoak dira. Hala ere, argindarra –eta horrekin batera, telebista- euren bizimoduan sartu zutenetik, seme-alaben kopurua nabarmenki jaitsi da komunitatean. Quirón Klinikako Laguntza bidezko Ugalketa-unitatetik bikote asko pasatzen dira; adin ertaineko bikoteak zein gazteak. Doktoreak tratatu dituen kasuetariko askok disfuntzio sexualarekin zerikusia dituzten arazoak izan dituzte; inpotentzia edo baginismoa, esate baterako. Baina laguntza bidezko ugalketaren ordez, ugalketa naturala lortzeko disfuntzioa tratatzeko proposamena egin zaienean, bikote guztiek umealdia ziurtatu nahiago izan dute, sexu-harremanak baino. Bikote askok haurdun noiz gelditu diren jakitea seinale txarra da Barrenetxearen esanetan. “Behar besteko sexu-harremanik ez dutela izan adierazten du horrek. Telebista logelatik kendu beharko genuke”. Lana eta sexua uztartu Familia eta lana uztartzeko ahaleginak egiten dabiltza erakundeak, enpresak eta langileak. Lan-bizitza eta bizitza sexuala ere uztartzearen alde azaldu da doktorea. “Politika nahiz Filosofia arloei dagokien hausnarketa da, eta lehenbailehen egin behar da”. Bikote askok egun ugalkorrak zeintzuk diren galdetzen dute eta erantzun bera da beti: guztiak. “Egun guztiak ez dira ugalkorrak, jakina, baina egutegian markatzen hasten bagara, presioak hainbat arazo ekar diezaguke; “gatillazoa”, haien tartean”. Lanak eta jarduera aisiazkoek “distraitu” egiten dituzte bikoteak, eta, ugalketa-zentro batera jo baino lehen, sexu-harremanen maiztasuna areagotu egin behar dela jakinaraztea ezinbestekoa da. Beste alde batetik, emakumeak ama noiz izango den larregi programatzeak “egoera lazgarriak” sortzen ditu, Barrenetxearen ustez. Izan ere, badaude 40 urte dituztela haurdun gelditzen diren emakumeak, baina aldez aurretik haurdunaldia nahita eten egin dutenak. “40 urterekin desiratzen den seme-alaba ez da 32 edo 34 urterekin eduki nahi. Horren atzetik laguntza bidezko ugalketa-unitateek izandako lorpenak egon daitezke, beharbada”.