<i>Pinot Noir</i>

Aikor aldizkaria 2008ko ots. 25a, 11:15

Bakoren bazterra: Iñaki Suarez, sumilierra

Esperantza galduta neukala uste nuenean eta errutinak mendean hartzen ninduenean azken hilabeteetako ardo dastatzeetan, ardo monokromatiko, ilun, alkohol gradu askoko eta ahaltsuekin, bai sudurrerako bai ahorako, haietariko asko suge-liluratzaileak eta erabat globalizatuak, hara non lagun sumiller baten deia jaso eta gonbidatzen nauen pinot noir aldaeraz egindako frantses ardo bat partekatzera; gonbita onartu eta, dudarik gabe, ez zait damutu; horri eskerrak, oraindik ere irribarre ironikoa dut, sentitzen dudalarik ardoaren munduan badirela beste aukera batzuk, aurretik ere han zirenak, inolako moda igarokorren mende erori gabe, eta neure buruan Chet Baker-ek interpretatutako tronpeta doinu bat entzunarazten dutenak, zeinak, mahats honek bezala, mahastizainen min iturri den itxurazko hauskortasun minbera eta apetatsu baten atzean paradisu bat ezkutatzen baitu, dotoretasun eta konplexutasun aromatikokoa, masusta-gorrian has daitekeena, bioletatik pasatu gero eta amaitu larruan, tintan, intsentsuan… ez zaitzatetela engaina kolore gutxiko ardoek; sotila da, ez harroa; amets atsegingarri bat, neure gomutan atxikitzen saiatuko naizena partekatzeko, orain zuekin bezala, eta esperantzaren garra piztuta edukitzeko ardoaren mundu korapilatsu, erromantiko eta merkantilista honetan. On egin.