Hiru emakume, gizonaren eredu unibertsala gainditz

Aikor aldizkaria 2008ko ots. 25a, 14:07
Agus Ibarluzea Txorierri Institutuko irakaslea da. Ane Mateos Batxilergoko 2. mailan dabil eta Euskararen Batzordearen kidea da. Mayi Pascual 4. DBHko ikaslea eta IAko arduraduna da. Emakumearen Nazioarteko Eguna aitzakiatzat hartu, eta mahai inguruan batu ditugu. Martxoak 8, zer da data hori zuentzat? Agus: Oso egun polita da. Alde batetik, jaieguna delako, emakumetasuna ospatzeko aukera dugulako. Eta beste alde batetik, egun horrek gogorarazten digulako oraindik baditugula zenbait aldarrikapen. Mayi: Ados. Egun horretan gauza asko antolatzen dira, baina ez dugu ahaztu behar lan hori egunero egin behar dela. Nola ospatuko duzue institutuan? Ag: Beste lankide batek eta biok XIX. mendeko eta XX. mendearen hasierako Bizkaiko emakumea lantxoa egin dugu. Lanak helburu bi ditu: alde batetik, Historian emakumeak duen hutsunea betetzea, eta material eskuragarria izatea, edozein momentutan klasean lantzeko. Ez dugu martxoaren 8rako espresuki egin, baina egun hori aprobetxatuko dugu institutuan aurkezteko. Zamudion ere aurkeztuko da martxoaren 5ean. Horretaz aparte, irakasleok gaiarekin zerikusia duen zenbait ariketa landuko dugu, eta institutua girotzeko ikasleek proposatutako hainbat ekintza egingo dira. 2008. urtea, XXI. mendea eta III. milurtekoa. Gezurra dirudi gizonen eta emakumeen arteko ezberdintasunei buruz jarraitu behar izatea… Ane: Berdintasuna lortzen gabiltza, baina hainbat arlotan ezberdintasunak daude oraindik. Eta gu ere matxistak gara batzuetan… M: Arloka baino ezberdintasunok egunerokotasunean ikusten direla uste dut, bakoitzaren jarreretan. Institutua ere horren ispilua da: mutilak eta neskok sakabanatuta gaude klasean, mutilek gurekiko duten portaera… Ag: Urteetan zehar gizonen eredua indarrean egon da, eta ezin da egun batetik bestera hori aldatu. Emakumeok urtetxoak daramatzagu aldarrikapenak egiten, baina oraindik ez dakigu noraino heltzeko gai garen. Gizarteak ez digu hori jakiteko aukerarik eman, eta geuk ere oso barneratuta ditugu zenbait jarrera, gizonen jarrera, historian zehar lehentasuna izan dutelako. Horretaz ez gara ohartzen, eta hori da larriena, nire ustez. Berdintasuna lortzeko aurrera eramaten diren politikak eragingarriak dira? Ag: Babesa dugu legeen aldetik, baina babes hori noraino ailegatzen den aztertu beharra dago. Eta bitartekoak edo ematen diren pausuak ere bai. Emakumearen aurkako indarkeria, adibidez, oso gai serioa da eta ezin da tratatu gaur egun egiten den moduan. Halako kasuek oihartzuna dute komunikabideetan, haserrez komentatzen ditugu gure artean, baina gizarte mailan ez dago behar besteko erantzunik. Kontzentrazio txikiak izaten dira; nik ez dut inoiz ikusi manifestazio erraldoi bat emakumearen aurkako indarkeria salatzeko… Esan nahi dut hilketa Txorierrin gertatzen bada, berton egingo dela kontzentrazioa; eta ez Euskal Herri mailan. Eta gizartea mobilizatzea alderdi politikoei eta sindikatuei dagokie. Askoz gehiago egin ahalko litzateke politika arlotik, nire ustez. Urtarriletik hasi eta elkarrizketa hau egin orduko 19 emakume hil dituzte Estatuan; 89, iaz. Ag: Bitartekoak landu behar dira, gizartea hezi behar da. Eta burura datorkigun lehenengo hezitzailea eskola da; baina ez da bakarra, beste asko daude: familia, kalea, lagunen taldea, publizitatea, telebista, zinema… ereduak helarazten dizkigun guztia, azken batean. Indarkeriaren aurkako kanpaina puntualak egiten dira, baina kontua da urteko gainontzeko egunetan hori zelan bideratzen den. Behar besteko bitartekoak ipintzen dira? M: Hor dago koska! Politikarien ahotik hitz politak entzuten ditugu, baina, gero, benetako eragina duena telebistan, institutuan, lagunen artean, familian… ikusten eta entzuten duguna da. Ag: Legea beharrezkoa da; lege barik ez genuke inolako babesik izango, argi dago. Baina legea oinarrizko gauza da, eta hortik abiatuta hobetu behar dira gauzak. An: Ba, nik uste dut babesa ez dela nahikoa. Emakume batek salaketa jarri eta urruntze-agindua lor dezake, baina nork hartuko du senarrak agindua bete dezan ardura? Emakumeak hiltzen jarraitzen dituzte… Ag: Eta emakumeak zergatik hiltzen dituzten hausnarketa ere egin behar da. Gizonen eredu unibertsal hori gainditzen joan gara pixkanaka-pixkanaka, eta zenbait gauza apurtzen… Ez dugu gizonen menpe bizi nahi, eta gizona orain arte dominatzailea izan denez, ezin du onartu emazteak lana izatea, soldata… Jadanik ez da jaun eta jabe etxean, eta galduta dago. Ondorioz, era batean edo bestean erantzungo du. Egia da beste kultura batzuen aldean pribilegiatuak garela, aldaketak egon direla; hala ere, ereduak aldatzeko premia dugu oraindik. An: Entzun edo ikusi dugun edozein gauzaren aurrean, nahiz eta hori inportantzia gutxikoa izan, ez badugu ezer egiten, ez da ezer aldatuko. Errebindikazioei buruz hitz egin duzue lehen. Zeintzuk? An: Lan arloan, adibidez, zergatik izan behar du emakumeak gizonak baino soldata txikiagoa, lan berdina egiten badu? Puntu asko uki daitezke; dena dela, jendea kontzientziatzea ezinbestekoa da. Ez gara larritu behar emakume bat hiltzen denean soilik; hilketa saihestu behar dugu. M: Egokia ez den jarrera ikusten dugun guztietan errebindikatu behar dugu. Ag: Eskolan, etxean, kalean, lanean… eta zaintza arloan ere bai. Hori emakumearen ardurapean dagoen arloa da, eta, nire ustez, oso inportantea da seme-alaben edo gurasoen zaintza gizonekin konpartitzea. Gainera, zaintzarekin lotura dituzten lanpostu gehienetan emakumeak daude eta ez da euren lana behar bezala baloratzen; oso soldata baxuak izaten dituzte normalean, etorkinek hartzen dituzte halako lanak... Afektibitatea ere sakondu ahal den beste arlo bat da. Emakumeok gehiago landu ditugu sentimenduak eta emozioak, holako eredua jaso dugulako. Eta gizonek ere badute afektibotasuna beste era batean bizi eta adierazteko eskubidea eta beharra. An: Nahiz eta, beharbada, matxistak ez izan, oso sentibera den mutilari buruz “maritxua” dela esateko joera dugu… M: Horrek zerikusi handia du gizonei eta emakumeei egokitu zaizkigun rolekin. Rol horiek erabat errotuta daude gizartean; argi ikusten da. Beno, institutuan gaude. Zer du emakumeak eskuratzeke berton? M: Mutilek gurekiko dituzten portaerekin zerikusia duen guztia, batez ere. Gerta liteke neska bat mutilen albotik pasatu, eta, edo zerbait esaten diote, edo ipurdia ukitzen diote… Eta gainera, egoera horien aurrean ez dugu ezer esaten, normaltzat hartzen ditugu. Ez duzu inoiz neska bat ikusiko mutil bati ipurdia ukitzen… Bestalde, eta lehen aipatu dudan moduan, oso adierazgarria da klasean mutilak alde batean esertzea eta neskok, bestean. Hori patioan, pasilloetan… ere ikusten da. Ag: Txarra al da hori? Berdinekin egoteko gogoa izan daiteke, besterik ez. M: Ez diot txarra denik. Zure sexuko lagunekin egon nahi baduzu, gustura zaudelako da, argi dago. Baina hor zerbait hausnartzeko dago, nire ustez. Ez da normala institutuan ematen diren egoera gehienetan gertatzea. An: Gimnastika klasean, adibidez. Futbolean aritzeko proposatzen bada, mutil guztiak prest; eta neskok izkina batean eserita… Eta neska bat mutilekin ibiltzen bada, “marimutila” dela diogu. Ag: Eta futbol partida beharrean, gimnastika erritmikoa egingo balitz, aldrebes gertatuko litzateke. An: Iaz dantzak egin genituen, eta ez zen mutil bat ere animatu! M: Dena dela, gimnastika klasean bai ikusten direla generoak mutilen eta nesken artean ezartzen dituen ezberdintasunak. Genero bakoitzak berez duen egoera fisikoari lotuta dago hori. Eta irakaslearen ustez? Argitaletxekoek ahalegintxoa egiten dute emakumea testu-liburuetan sartzeko; hala ere, gaia hobetu behar da oraindik. Gizonek kulturan, Historian… erreferentziak izan dituzte; emakumeok, berriz, ez. Izan ere, ez zaigu aintzat hartu eta, horren ondorioz, erreginak ez badira, ematen du Historian ez dela emakumerik egon. Egia da kontu hori beste era batean zaintzen dela gaur egun, baina jarraitzen dut hutsunea ikusten. Nire ustez, ikastetxe guztietako plangintzan hezkidetza arloa sartu beharko litzateke , eta hortik abiatuta, hausnarketa egin. Horrela, irakasleok gure jarrerak zainduko genituzke, eta Historian, Literaturan, Matematikan… gailendu den emakumerik badago, hori ere aipatu beharra dugu. Emakumeen balioak aintzat hartu, onartu behar ditugu gizonezkoenen parean jartzeko. Herritarrak hezi behar baditugu, guztiak hezi behar dira: emakumeak zein gizonak. Eta bakoitza dagoen arlo guztietan hori betetzen saiatu. Beste alde batetik, uste dut hezkuntzak ez diela ikasleei eredu bakarra eskaini behar. Bizitza honetan eredu asko daude eta ikasleek guztiak izan behar dituzte aukeran, nahiago dutena hauta dezaten. Pertsonok gure osotasunean hezteko eskubidea dugulako. An: Institutuan hainbat talde ditugu: IA, Euskararen Batzordea, Agenda 21… Berdintasunaren aldeko taldea ere sortu ahalko litzateke… Eta ez soilik emakumeon eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko; pertsona guztien arteko berdintasuna lortzeko, baizik. Gero eta etorkin gehiago daude eta institutuan ere igartzen da. Institututik salto egingo dugu etxera… M eta An: Berdintasuna dago. Ag: Nirean ere bai. Baina etxe gehienetan badago ardura bat gehienetan gure menpe dagoena: seme-alaben eta gurasoen zaintza, hain zuen ere. Horrela hezi gaituzte eta geuk ere gureganatu egin dugu. Gero… garbiketa dela-eta, egia da sentiberagoa naizela… Garbitasuna zer den eztabaidagai dugu etxean! (kar, kar) Martxoak 8, Emakumearen Nazioarteko Eguna; martxoak 9, hauteskundeen eguna. Zer eskatzen diezue politikariei? M: Ahalegin guztiak egiteko berdintasunerako bidean. Ag: Legea betearazi dezatela modu batean edo bestean. Eta bitartekoak jar ditzatela. Eta tratu txarren aurrean gizartea mobilizatzeko, mobilizazio gutxi dagoelako. An: Babes gehiago. Gizon batek emaztea hil, eta zenbat urte emango ditu kartzelan? Gutxi, kutxazain bat erretzen duen gazte baten aldean. Baina, zer da hori? Ane eta Mayi, zer espero duzue bizitzatik institutua amaitu ostean? An: Medikuntza ikasi, gizonek dituzten aukera berberak izatea lanean, seme-alabak edukitzea, bizitza norbaitekin konpartitzea… M: Ez daukat oso argi zer ikasiko dudan, baina argi dudana hau da: bizitzak gorabehera asko ditu, eta bikotea izan arren, independizatu arren… ez dut nahi bizitzak ekar diezadakeen horrek guztiak ikasteko aukera kentzea. Eta zuk, Agus, espero zenuena topatu duzu? Gauza batzuk, bai; eta beste batzuk ez. Dena dela suerte handia izan dudala uste dut: gustuko dudan lan batean aritzen naiz… Lana oso inportantea da niretzat, beti baloratu dut asko, eta gaur egun ez dut ikusten neure burua soilik etxeko gauzak egiten… Bizitza pertsonalean ere suertea izan dut. Beno, baina oraindik bizitzaren beste zatitxo bat egitea espero dut, eta nire helburuak bete ahal izatea. Emakumearen rola nahiko barneratuta dut, ziur asko. Hor ere badut zer ikasi.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).