Urko Aristi, eguraldi gizona baino gehiago: “Bas

Aikor aldizkaria 2008ko mar. 5a, 09:11
Testua eta argazkia: Bestorrene
Tximintx Derioko euskara elkarteak bost urte bete ditu eta urteurrena ospatzeko, hainbat ekitaldi antolatu zituen otsailean. “Euskara elkarteak, zertarako?” mahaingurua ekitaldi horietako bat izan zen, eta bertan Urko Aristik hartu zuen parte Juan Luis Goikoetxearekin batera. Zer ikusirik duzu mahainguruko gaiarekin? Hainbeste urtean Mailope euskara taldean ibili naiz, eta banabil oraindik. Topaguneko –euskara elkarteak biltzen dituen erakundea- zuzendaritza batzordeko kidea ere izan naiz. Beraz, euskara elkarteak hurbiletik ezagutzen ditut. Herri aldizkarietan ere banabil: Mailope aldizkaria hilero ateratzen dugu eta idatzi, maketatu… egiten dut bertan. Merezi du halako talde baten lan egitea? Begira, badut plana astebururako: herrira joan eta egun biak aldizkaria idazten ematea. Lana da, baina gustura egiten dut. Gure ingurua oso euskalduna izan arren, hasi ginenean ez zegoen ezer euskaraz. Eta orain, argazki-oinak baino irakurtzen ez badituzte ere, asko hor dabiltza hilero aldizkariarekin. Mikaela, adibidez. Hori inguruko herri txiki bateko emakume nagusia da. Aldizkaria etxera eramaten diogunean, nola edo hala ordaindu nahi digu: merienda emanez, gazta… eta gu beti presaka. Behin aldizkarian atera zen, eta orria horman du jarrita. Aldizkaria eta elkartea oso garrantzitsuak dira berarentzat zein beste askorentzat. Soilik Mikaelagatik merezi du denbora ematea behar horretan. ETBn egiten duzun lana dela-eta, Bilbon bizi zara orain. Aldaketarik sumatu duzu? Arribe oso herri txikia da, nekazal giroko herria. Inguruan mendiak besterik ez ditugu, eta eskerrak gaur egun Basurtun bizi naizela; mendiari begira. Bilbon hormigoi gehiegi dago, nire gusturako, eta horrexegatik, Basurtun pisua hartzea erabaki nuen. Ez du ematen hiriburuan bizi naizenik… Gustura nago, eta gainera, ez dut Bilbora autoz sartu beharrik. Euskara gutxi entzuten da auzoan, galiziarrak nagusi dira han. Baina Basurtu ere euskalduntzea lortuko dut. Badakizue, ez dago nafarroi ezezkorik esaterik. Komunikabideetan jarraitzeko asmorik? Telebistan jarraituko dut momentuz; bihar, batek daki. Telebista zein irratia gustatzen zaizkit; ez dut zailtasunik hitz egiteko orduan… Alfer samarra naiz, eta idaztea gehiago kostatzen zait. Telebista gustatzen zait, baina kanpoko lana: orain zigortuta nago… Isobaren ondoan aurpegia jartzea ondo dago, baina niri gehien gustatzen zaidana hau da: kamara hartu, kanpora irten eta istorioak kontatzea. Hitz jario hori, berezkoa duzu edo ikasi egiten da? Berezkoa dela uste dut; ez da fakultatean ikasten. Oso urduria naiz, eta lotsatia. Isiltasunak urduri jartzen nau, eta hitz eragiten dit. Askotan damutzen naiz: “isilik egon banintz…”. Ezagun bihurtu zara, ezta? Segun eta non. Toki euskaldunetan banago, bai; jendeak ezagutzen nau. Beste alde batetik, auzokideek ETB 2an egindako lanagatik ezagutzen naute gehienbat. Abuztuan Ana Urrutiaren ordez ibili nintzen eta harrezkero gehiago sumatu dut. Batzuek ea soilik udan lan egiten dudan galdetzen didate. Hurbiletik Urko Aristi nafarra da; Arribekoa, Araitz bailarakoa. Aralarreko mailoetara igotzeko leku aproposa da hori. Gehienok ETBn eguraldiaren iragarpenak hain era xelebrean aurkezteagatik ezagutu dugu, baina badago gehiago. Ikus-entzunezko komunikazioan lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitatean eta hainbat aldizkaritan ibili da kolaboratzaile. Irratian ere eskarmentu handia du: Lekunberriko Aralar irratian, Iruñako Euskalerria irratian eta Euskadi irratian. Telebistan ETBko Gaur egun eta Teleberri saioetan dabil, eta gaur egun Bi errepidean programako erreportaria ere bada.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).