Testua: Jabi Agirre, Zorrizketan euskara elkartearen kidea
Ume jaio berria laster batean hasten da erabakiak hartzen, aukeratzen. Berak badaki noiz egin negar, titia nahi duela adierazteko; edota irribarre goxoa luzatu etxeko ahots ezagunari. Berak erabakitzen du noiz deitu esnatzeko orduari eta loari, etxekoen erritmoa kontuan izan gabe.
Eguneroko aurrerapena nabaria da umezaroan. Eztarritik ateratzen zaion “ammaâ€, “attta†edo antzeko zerbait entzutean, umeak erabaki garrantzitsua hartu duela uste dute ingurukoek. Katukako saioen ondoren, zutunik mantenduz pausu bi jarraian ematen dituenean, txaloz sarituko dute. Eta pitean-pitean joango da gero eta erabaki sakonagoak hartzen.
Etxe zulotik irtetean lagunak egingo ditu, eta nortzuekin jolastea aukeratuko du. Era berean, jasotako pagarekin erosi dituen gozokiak zeinekin konpartitzea ere erabaki beharko du.
Nerabezaroan eta gaztaroan aukerak eta erabakiak biderkatzen joango dira eta pausuak esparru askotan emango ditu. Laguntzarekin, batzuetan; eta bakardadean, beste askotan: ikasketak, lana, amodioa, aberria, erlijioa, familia, lagunak, etika, sexua, herrigintza, aisialdiak, etxebizitza… Beti erabakitzen, aukeratzen.
Dena dela, askok murriztuta dute erabaki-ahalmena, egoera ezberdinean daudelako langabetuak edo lana dutenak, gaizorik edo osasuntsu direnak, presoak edo askeak.
Helduaroa eta jubilaroa ere “aukeraroak†dira. Urteetan egindako ibilaldiak datu-base aberatsaren jabe egiten gaitu, eta erabakitzeko orduan oso lagungarriak dira datu horiek: nor den hitzekoa (berbakoa) edo hitzontzia (berbontzia) bereizteko; eskatu baino, emateko prestuago nor den jakiteko; nork goitik behera edo maila berean begiratzen duen ohartzeko. Horrela, oztopoak oztopo, bere bizitzako azken etapak diseinatzeko aukerak izaten jarraituko du.
Jaiotzean eta heriotzan erabakitzerik ez badugu ere, sasoiz gaude aukerak eta erabakiak zuhurtziaz eta gizatasunez hartzeko; eta hori norberenak besteengan duen eragina kontuan izanik, gainera.
Oharra: boteretsuek sarritan murrizten dituzte erabakitze-ahalmenak, euren gustuko ez diren aukerak ezabatzako: egunkariak itxi; erakundeak legez kanpo jarri; lagunak espetxeratu, iritzi politikoak plazaratzeagatik; eta, azkenik, milaka euskal herritarrei ordezkari politikoak aukeratzeko eskubidea lapurtu. Kantatzen jarraitu beharko dut: “Ez, ez dut nahi holako zibilizaziorik…â€.