Zorribike taldea: “Antzekoa da mendira oinez edo

Aikor aldizkaria 2008ko mar. 11a, 12:56
Euskal Herrian ez ezik, Txorierrin be zaletasun handia dago mendira eta bizikletan ibiltzera. Lezamako lagun batzuek biak uztartu dabez eta Zorribike taldea jaio da. Hiru urteera baino ez badabez egin ere, jendearen erantzunagaz pozik agertu dira Aritz Bilbao eta Juan Manuel Olano sortzaileak. Zergatik osatu dozue taldea? José Manuel: Urtetan daroat bizikleteagaz menditik, eta beti bakarrik ibili izan naz. Nire moduko jende gehiago be badagoela jakinda, alkartzea erabagi dogu. Zelango abantailak dauz taldea osatzeak? JM: Alde batetik ez gara mendira bakarrik joaten. Horren ondorioz, komunean jartzen doguz ezagutzen doguzen ibilbideak. Esperientziak batzeko balio dau. Bestetik, talde bat osatzeak Federazinoan sartzeko aukerea emoten deutsu. Hori dala-eta aseguru indibiduala lortzen dogu. Zeintzuk dira helburuak? JM: Bi dagoz. Alde batetik, inor mendira bakarrik ez joatea; bestetik, mendi-txirrindularitza bultzatzea. Eta ildo honi jarraituz, pozik gagoz 14 urteko gazte pare batek izena emon dau-eta. Zenbat jende batu zarie? Aritz: Jende nahikoa gagoz. Guztira, 30en bat lagun batu gara. Asko iruditzen jat. Halanda guztiz be, jende gehiago dago zaletasun beragaz, baina batzuei kostatu egiten jake dirua ordaindu behar danean. Eta urteko kuota 10 eurokoa baino ez da! Dana dala, hasibarriak garenez, batzuek ez gaitue ezagutuko, ziurrenik. JM: Pozik gagoz eta ezagutzen badozu Lezamako filosofia, ez doa batere txarto. Izan be, lezamarroi parte hartzea kostatzen egiten jaku. Zelango kideak zarie? A: Danatarik dago, baina gehienok lezamarrak gara. Lehen Derion gure moduko talde bat egoan, eta bertotik be batzuk etorri dira. Gainontzekoak lagunak, lagunen lagunak, badakizu... Zelango ekintzak egingo dozuez? JM: Hilean behin, domekan, ateratzea dogu helburu. Gure esparrua Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba da, baita Burgos edo Kantabria be… Egutegia eta guzti prestatu dogu. A: Ganera, jaietan martxa txiki antolatuko dogu gazteei zuzenduta. Mendi-txirrindularitzan zabilze. Errepi-deetan egiten danagaz alderatuta, zelango desberdintasunak dagoz? A: Menditik ibiltzeak ez dau zerikusirik errepidetik joateagaz. Beste era batean egiten da mendian, beste filosofia bategaz: normalean astiroago joaten da, batzuetan bizikletatik bajatu eta paisaia ikusten dozu… Errepidean, ostera, gero eta arinago, orduan eta hobeto. Normalean nondik ibiltzen zarie? A: Pista forestaletatik. Gero eta gehiago dagoz. Berton Gangurenen, adibidez, kilometro mordoa dagoz eta pista onak dira ganera. Eta Gorbeia aldean be Pagomaku-rre bezalako pistak zabaldu dabez eta kilometroak eta kilometroak dagoz. JM: Edozein lekutan be ez zara sartuko... Eta norbait atzean gelditzen danean, zer egiten dozue? JM: Itxaron egiten dogu. Danak batera joaten gara beti. Normalean txangoak egiten doguz, eta ez da inor atzean gelditzen. Oso gogorra emoten dau kirolak... JM: Gogorra dirudi. Kirol guztiak dira gogorrak. Dana dala, norberak ezartzen dau gogortasuna. Taldean kontu bi hartzen doguz aintzat: bata, eguraldia; bestea, zelango jendea etortzen den. Horien arabera erabagitzen da abiadura, zenbat kilometro eta zer ibilbidea egingo doguzan... A: Entrenatzeak be zerikusia dau. Ibiltzea be gogorra da, baina egunero-egunero egiten badozu, ez da hainbesterako. Zer da kirol horretatik gehien gustatzen jatzuena? JM: Gogortasunak erakartzen nau. A: Gero eta gogorrago, orduan eta ho-beto Olanorentzat (kar, kar). JM: Kirol horren bidez, jenio txarrak itxiten dozuz mendian aldatsan gora eta behera. Ganera, oso lasaia da, mendian ez dago ez trafikorik ez ezer. A: Hala da. Arazoren bat izanez gero mendian aparte itxiten dozu. Arreta jartzen dozu pedaleei emoten eta kitto! Azken finean, mendira bizikletaz edo oinez joatea oso antzekoa da. Aldea zera da: bizikletaz joatea askoz biziagoa da. Askoz gehiago hemendik bizi bazara. Lezamatik hasita, beti dagoz aldatsak: Gaztelumendi, Bizkargi, Ganguren… JM: Txorierrin dana dago aldats gora eta gogorra da ohiturarik ez badozu. Horrek buruko minak emon deuskuz urteerak antolatzeko orduan. Zer ibilbide gomendatuko zeunkie? A: Bizkaia mailan Anbotoko itzulia da politena. JM: Bai, eta Burgos aldetik Puentedey herrian antolatzen dan martxa be ikusgarria da. Nondik dator izena, “Zorribike” hori? Hasieran Lezamako Mendiko Txirrin-dulari Kirol Taldea zan, baina Eusko Jaurlaritzak esan euskun ezin zala. Orduan bilera baten erabagi genduan lezamarrak, eta ondorioz zorriztoak garenez, “zorri” hori hartu behar genduala. Eta guk mountain bikeak erabiltzen doguzelako, “bike” hori hartzea be bururatu jakun. Beraz, “zorribike” sortu zan. Egutegia’08 4-20: Ullibarri-Banboa urtegia 5-18: Gorbeiako Parke Naturala 6-15: Muskiz-Castro Urdiales 7-20: XIV Galarleiz 9-7: I. Martxa-txiki (Lezamako jaiak) 10-19: Izki Parke Naturala 11-16: Bizkargi 28-12: Plazaolako Bide Berdea Informazio gehiago: 630 61 16 92 / zorribike@yahoo.es

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).