Kukubiltxoren barruko bidaia

Aikor aldizkaria 2008ko mar. 13a, 18:25
Argazkiak: Kinkea Films
Kukubiltxo antzerki taldeak Haritzaren azalera zehatza lana estreinatu zuen otsailaren amaieran Zornotza Aretoan. Lan horrek etapa berria ekarri dio Larrabetzuko taldeari, 30 urteren ostean, nagusiei zuzendutako lehendabiziko antzezlana baitute. Kritikak ezin hobeak izan dira. “Modu herrikoian esaten den moduan, ur gaineko bitsean gaude”, esan digu barre artean Marifeli Etxeandiak. Eta ez da gutxiagorako. Kukubiltxo antzerki taldeak urte bi eta erdi eman ditu prozesu sakon batean murgilduta, eta prozesu horrek Haritzaren azalera zehatza izan du emaitzatzat: taldeak publiko helduarentzat ekoiztutako lehenengo lana, alegia. Gustura ibili dira Kukubiltxokoak prozesu horretan, egiten zutenaz beti sinestu izan dute. Hala ere, azken hitza publikoak du, eta publikoak berotasun handiz hartu du taldearen etapa berria. “Jaso ditugun iritziak oso gozoak eta onak izan dira”, aipatu du Josu Camarak. Bere kasuan, garai batean antzerkiarekin maiteminarazi zuten irudiak edo lan egiteko erak berraurkitu ditu proiektu honi esker, ikuskizunean islatuta baitaute. Ikusleak harrituta atera dira aretotik. “Harrituta aldaketarekin, ikusi dutenarekin gozatu egin dutelako… Harrituta antzezlanaren ardatz nagusiak duen sakontasunarekin. Gehienek berriro ikusi nahi dutela esan digute”, gaineratu du Marifelik. Eta aktoreak ere pozik irten dira eszenatokitik. Arrakasta ikusleen iritzian oinarritzen da beti antzerki munduan. Kukubiltxok oso finkatuta du irudia Euskal Herrian eta lehen aipatutako prozesuak aro berri batean jarri ditu konpainiako aktoreak bai maila pertsonalean, bai maila artistikoan. Bazitekeen ohol gainean ateratzean entseguetan izandako ziurtasuna galtzea. Izan ere, aktoreek inoiz egon ez diren egoera bati egin behar izan diote aurre: norberaren burua biluzik jarri dute publikoaren aurrean; panpinak-eta ez dituzte lagun izan oraingo honetan. Baina, egia esan behar bada, guztiek sentsazio bera izan dute: aktorea kamerino eta agertokiaren arteko bidean galdu eta oholean pertsonaia atera dela. Eta guztiek ziurtasun handiarekin agertu dira eszenatokian, eta gaitasun handia izan dute sentimenduak eta emozioak islatzeko. Azaldu diguten moduan, estreinaldira oso babestuta joan dira profesionalki zein emozionalki, eta horrek lagundu egin die. “Nik neuk beste proiektu batzuekin ziurgabetasun handiagoa eduki dut, honekin baino”, aitortu du Etxeandiak. Heldutasun-urtebetetzea Kukubiltxo taldeak 30 urte daramatza antzerki munduan. Ibilbide luze horretan umeei zuzendutako txotxongilo eta animazio ikuskizunak egin ditu batez ere: Kukubiltxo begiluze, Txirrikiz, Ekidazu, Kukubel, Dir-dir… Era berean, beste antzerki talde batzuekin eta hainbat zuzendari eta musikarirekin lan egiteko aukera izan dute: Episodes de Pau taldea, Ramon Barea edo Oskorri, esate baterako. Baina 30 urte, urte asko dira antzerki talde batentzat, eta Camarak dioen moduan, “heldutasuna erakutsi behar da”. Konpainiaren historian erronka handiei egin diete aurre behin baino gehiagotan, oraingoa bezain erradikalak ez izan arren. Momentuak beti topatu dituzte, zeinetan gauza ezberdinak egiteko gai direla erakutsi nahi izan baitute. “Inoiz ez diogu uko egin atzekoari, baina aurrera jarraitu dugu”. Urteurrena heltzear zegoen, eta hori nola ospatuko zuten eztabaidan betiko aukera aztertu zuten: muntaia berria egin, eta ospakizun-ekitaldira lagunak eta komunikabideak gonbidatu. Aukera laster baztertu zuten, zerbait barnekoagoa egin behar zutela sentitzen baitzuten. Lehenengo eta behin, euren artean ospatu behar zuten urteurrena, ilusio berriak sortuz. Eta, gero, hortik aterako zen emaitzaz baliatuta heldutasun-urtebetetzea ospatuko zuten publikoarekin, euren arnasarekin. “Publiko barik itoko ginatekeelako”. Gaia nola bideratu ez zekitela, prozesua baino definituta ez zegoen proiektu batean sartzea erabaki zuten. Helburua prozesuaren barruan sortuko zen. Bitartean, zerbaitera ailegatuko zirela bazekiten; zer izango zen, ordea, ez: autore-lana, umeentzako ikuskizuna, helduentzat, panpinekin, maskarekin… Prozesua hiru fasek osatu dute. Lehenengoan birziklapenari ekin, eta ordura arte landutako arloak sakondu dituzte beste ikuspuntu batetik. Horretarako, hiru irakasle izan dituzte. Arístides Vargasen eskutik (Malayerba Ekuadorreko antzerki taldearen zuzendaria) interpretazio munduan sartu dira, eta Paco Gonzalezi esker (Berlingo Familie Flöz antzerki taldearen kidea) maskarekin lan egiteko teknika berria ezagutu dute. Rene Backerrekin (Bartzelonako Institut del Teatre-ko irakaslea) objektuen eta materialen animazioa landu dute. Kukubiltxo berria Zer egin nahi zuten definitzeko ordua ailegatu zen bigarren fasearekin batera. Vargasi proiektuaren alde artistikoa zuzentzeko eskatu, eta Euskal Herria eta Ekuadorren artean oso distantzia handia egon arren, joan-etorriak adostu egin zituzten. Zuzendari argentinarrekin dramaturgiari buruzko lanak egin zituzten. Bere iritziz, aktoreek behar horietan azaltzen zuten mezua ez zegoen umeei zuzenduta; publiko helduari baizik. “Kukubiltxo berria deskubritu behar genuela oso argi genuen aldez aurretik. Beraz, aurrera egin genuen”. Sormen-fase horretan proiektuari tankera ematen hasi, eta antzezlanaren ardatz nagusia zehaztu zuten: mundu irrazionalean oinarritutako identitatea. Mezua bidaia egingo zuen neska itsu baten bitartez helaraziko zuten. Bigarren fasearen amaieran Quitora abiatu ziren eta bueltan, landu behar zuten fabula esku artean ekarri zuten. “Luxu handia izan da era horretan lan egin ahal izatea. Arazoak hemen itxi, eta bertan sormen-lanean baino ez aritu”. Hirugarren fasean buru-belarri sartu ziren ondoren; ekoizpenean, hain zuzen ere. Behin betiko testua jaso eta entseguekin hasi ziren, eszenografiak diseinatzen, janzkerak, musika, argiztapena… Urtarrilean Arístides Vargas eta Charo Francés Ekuadorretik etorri ziren, eta aurretik egindako lana artelan bilakatu zuten, eszenatoki gainean jartzeko. Astebeteko atsedenaldiaz gozatu ere egin zuten eta otsailaren 29an abiadura izugarriarekin egin zuten salto Zornotza Aretoko oholera. Izan ere, neurri handi batean prozesua behar-beharrezkoa izan da taldearentzat. Are gehiago, konpainiaren etapa berria ikuskizunean kontatzen den historiarekin parekatzen du Camarak. “Ikuskizunean hastapen-bidaia bat azaltzen da, eta bidaia horretan neska emakume bihurtzen da. Kukubiltxo agurea ere Kukubiltxo gaztea bihurtu dela sentitzen dut”. Ilusioz eta gogoz beteta daude berriro ere. Denbora guztian begiak etorkizunera dituzte zabalik, etorkizunak zer ekarriko dien zain. Uste sendoa Prozesu konplexua izan da. Erabaki inportanteak hartu behar izan dira profesionalki zein ekonomikoki eta konpainiaren barne-egitura berrantolatu behar izan dute. Eta barneratuta zuten antzezteko era ere bai. Baina ez da prozesu zaila izan. Fedez ibili dira eta fedea uste sendoa bihurtu da. Arístides Vargas zuzendaritzat aukeratzea hartutako erabakirik arriskutsuenetarikoa izan da, zalantza barik. Dramaturgo argentinarra bereizten duen ezaugarririk badago, hori bere soiltasuna da. Vargaesen muntaiak eta orain arte Kukubiltxok egin dituen ikuskizunak guztiz ezberdinak dira. Marifelik ez du zalantzarik zergatik liluratu ziren berarekin azaltzeko orduan. “Gaiak tratatzen dituen sakontasunagatik… Antzerki konprometitua lantzen du, esaten dituen gauzak azalekoak dira. Gainera, metafora asko erabiltzen ditu, eta horrek bideak zabaltzen ditu publikoak zein aktoreok mezuaren gure interpretazioak egiteko”. Larrabetzuko antzerki taldeak lehentasun handia eman die irudiei ikuskizunetan; Arístidesek gauza inportanteak modu sinple eta oinarrizkoan esan daitezkeela irakatsi die. Gizartearen arazoez arduratzen den antzerki mota hori aspaldian alboratu genuen lehenengo munduan, aktore bien ustez. Kukubiltxok berriro deskubritzeko aukera izan du. Mundu bi lotu Sakontasun hori guztia Uxue Alberdik euskaratu du, dramaturgia guztia Arístidesek idatzi baitu gazteleraz. Eta egia esan, itzulpenean ez da ñabardurarik galdu. Dena dela, zuzendariak ez dio oztoporik jarri inoiz euskarari, ez tailerretan, ez entseguetan. Beste alde batetik, Charo Francés nafarra da jatorriz eta Euskal Herriarekin zerikusia duen edozein proiektutan sartzeko prest agertzen da beti. “Guretzat oso esperientzia interesgarria izan den neurrian, eurentzat ere horrela izan da”, dio Marifelik, “Hizkuntza, bertoko arazoak ezagutzea, elkarrekin konpartitu ditugun bizipenak… Mundu biak lotzea bezala izan da”. Adiskidetasuna betiko gelditu da. “Ume berria” eder hazten ikusi nahi du Kukubiltxok, eta herri guztietako plazetatik paseatu (uda aurretik emanaldiak Zornotza, Aoiz eta Donostian egingo dituzte, besteak beste). Urte bi erdian murgildu diren prozesuak bide berriak zabaldu dizkio taldeari, eta, horri esker, hainbat esparrutan aritzeko gai direla deskubritu dute. Ondorioz, edozein momentutan txinparta batek sor dezake proiektu berrietan sartzeko gogoa. Haritzaren azalera zehatza Saioa herritik hirira joan den neska itsua da. Nagusitu denean etxera itzuli da. Baina neskak ez du bidaia fisikorik egin; bidaia espiritual batean murgildu da eta bidean zehar, sentimenduak eta emozioak deskubrituko ditu. Eta deskubrimendu horrek helduarora eramango du, bere identitatea osatuz. Saioaren historian Kukubiltxoko aktore bakoitzeko zati bat dago. Arístides Vargasek tailerretan egindako ariketen emaitzak batu eta modu sotilean integratu ditu dramaturgian. Horrela, tailer horietatik atera zen eszenatokiaren gainean jarriko zuten gaia: identitatea. Prozesuak euren burua apur bat hobeto ezagutzeko aukera eman die aktoreei. Eta identitatea benetan zer den ezagutu ere ezagutu dute. “Hasiera batean kontrakoa pentsatu arren, identitatea ez da nolakotasun finkoa; dinamikoa da. Eta ziurgabetasunek identitatearen bila joanarazten gaituzte beti. Identitatea definituta dugula uste dugunean, hori berriro bilatzen hasteko oinarria baino ez da”. Kukubiltxoren azken ikuskizunak Haritzaren azalera zehatza izenburu izatea ez da kasualitatea, zuhaitzaren azalak ez baitio inoiz hazteari uzten, berregiten dagoelako beti. Autore eta zuzendari: Arístides Vargas Aktoreak: Marifeli Etxeandia, Iurgi Etxebarria, Aitor Ormaetxea, Josu Camara, Aiora Sedano eta Koko Mujika Zuzendariorde eta aktore-teknikaren zuzendaria: Charo Francés Soinu-paisaia, konposatzaile eta interpretazioa: Fran Lasuen, Asier Erzilla eta Balea Eszenografia: Javier Obregón Diseinu grafikoa: Rosalinda Incardona Argiztapena: Javi Ulla Jantziak eta atrezzoa: Rosalinda Incardona, Conchi Maoño, Nati Ortiz de Zarate Itzulpena eta hizkuntza-egokitzapenak: Uxue Alberdi Eszenografia, atrezzo eta tresneriaren sortzaileak: Kukubiltxo, Javier Obregón eta Conchi Maoño Teknikari-taldea: Tarima Argazkiak: Kinkea Films

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).