Arkaitz Mendia, biola-jole derioztarra: “Gero et

Aikor aldizkaria 2008ko mar. 18a, 09:19
Testua: Gaizka Eguskiza
Hainbat bizipen ditu Arkaitz Mendiak kontatzeko. Izan ere, 23 urte zituela, biola-jole derioztarra Bartzelonara joan zen musikan trebatzera. Han flamenkoa ezagutu zuen, eta gaur egun musika irakasle dabil Malagan. Bere ibilbidearen berri telefonoz eman digu Arkaitzek. Zelan hasi zinen musika munduan? Lehengusuak biolina jotzen zuen eta lehiaketa bat irabazi zuen. Ondorioz, egunkarian agertu zen eta horrek inbidia izugarria eman zidan. Beraz, 8 urte nituela, izena eman nuen. Geroago, 12 urterekin, biolina utzi eta biola hartu nuen, bere behe-soinua nahiago nuelako. Egia esan, ez nuen serioegi hartu 16-17 urte bete arte. Orduan konturatu nintzen musika zela niri benetan gustatzen zitzaidana, eta karrera arrunta ikasi beharrean, musikan trebatzea erabaki nuen. Geroztik, Bilbon erdi-mailako titulua eta Donostian goi-mailakoa lortu nituen. 23 urte zenituela, goi-mailako ikasketak amaitu eta Bartzelonara joan zinen. Zer dela-eta? Oso hiri kultural eta kosmopolita iruditu zait Bartzelona betidanik. Gainera, irakasle batek Kataluniako Goi-Mailako Musika Eskolako beste maisu bat gomendatu zidan, eta proba gainditu eta gero, hara joan nintzen. Atzerrira joatea ere pentsatu nuen, baina azkenean maisua hain ona izango zelakoan, Katalunia aldera abiatu nintzen. Zelan izan zen bizitza bertan? Etxea topatzeko ohiko arazoak izan nituen, eta musika eskola oso garestia zen. Gurasoek lagundu zidaten, eta nik ahal izan nuenean lanean hasi nintzen: musika irakasle, ezkontzetan-eta musikari, zerbitzari… denetarik egin nuen. Bi urte eman nituen han ikasten eta beste bi, bizi izaten. Katalunian flamenkoa jo omen zenuen… Zer egiten du biola-jole derioztar batek “tablao” baten gainean Bartzelonan? Bitxia da euskaldun bat flamenko jotzen ikustea, bai, eta duela 10 urte ea flamenkoa atsegin nuen galdetu bazenit, ezetz esango nizukeen, inondik inora. Kontua da niri Falla, Albeniz eta horien bezalako Espainiako musikarien lana betidanik gustatu izan zaidala. Eta musika horrek lotura handia du flamenkoarekin. Beraz, apurka-apurka hasi nintzen entzuten. Izan ere, Bartzelonako Musika Eskolan ikasgai izan nuen, eta irakasle batek talde batekin jarri ninduen harremanetan. Horrela, bi urte eman nituen astero-astero talde batekin flamenkoa jotzen hainbat “tablaotan” Bartzelonan. Oso garai interesgarria izan zen, bai horixe! Hala ere, Malagara joan zinen… Bai. Euskal Herrian saiatu nintzen oposaketa gainditzen, baina oso gutxigatik ezin izan nuen. Orduan Andaluziako Juntak plaza batzuk eskaini zituen. Aurkeztu, azterketak egin eta espero ez arren, gainditu nuen 2006an. Kontserbatorioko irakasle ofiziala izatea primeran dago, izan ere, zure kontuak egiteko denbora ere baduzu. “Nire kontuak” aipatu dituzu. Zertan dautza? Bertako irakasleak, zorionez, gazteak dira. Hori dela eta, bildu egiten gara eta kontzertuak ematen ditugu. Gainera, Malagako Flamenkoaren Biurtekoko hemengo artisten atalean parte hartu dut gitarra-jolearekin batera. Jaialdi hori oso garrantzitsua da, eta antzoki batean eskaini genuen kontzertua. Irakasletzat edo musikaritzat hartzen duzu zeure burua? Biak. Ez ditut banantzen: musika irakasten duen musikaria naiz. Teknikaz gain, ikasleei niretzat musika zer den ere helarazten saiatzen naiz. Gainera, ez diot jotzeari utzi, kontzertu batzuk ere eman ditut-eta. Urte batzuk daramatzazu kanpoan. Nolako esperientzia izan da zuretzat? Musikari hobea zara? Nik esango nuke baietz. Zenbait herritatik (Errumania, Kuba, Eslovakia, Argentina…) etorritako musikariekin jotzeko aukera izan dut, Bartzelonan, batez ere. Ikasteko prest agertzen bazara, ikasi ikasten da. Eta musika mailan ez ezik, bizitza mailan ere ikuspuntu asko ikusi ahal izan ditut, eta oso aberasgarria izan da. Flamenkoaz aparte, beste musika motaren bat interesatzen zaizu? Bai. Flamenko musikari askok jazz jotzen dute, eta bide horri jarraitzea dut helburu. Oraindik ez dut kontzerturik eman, baina etorkizunari begira interesgarria izan daiteke. Etorkizuna aipatuta, non ikusten duzu zeure burua 20 urte barru? Ez dakit, auskalo! Argi daukat ez ditudala ikasteko grina eta ilusioa galdu nahi. Gero eta musikari hobea izan nahi dut. Eta gero gerokoa! Euskal Herrira itzuli nahiko zenuke? Aitita naizenean, agian bai… Ez dakit bizitzak zer ekarriko didan. Noizbait Deriora itzultzea gustatuko litzaidake, bihotzean herria daramadalako: paisaia, jendea, pentsaera-eta gogoan ditut. Hala ere, ez da sarritan pentsatzen dudan gauza bat.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).