‘Encore’, musika ikasteko eta erakusteko erreminta

Aikor aldizkaria 2008ko api. 24a, 09:55

Testua eta partitura: Pospolin

Beethovenen sasoian ez egoan ordenadorerik eta musika ederra egin eta idatzi zan. Gaur, egiten dan musika hori (maila guztietakoa) idazteko, ikasteko eta irakasteko teknologia barriak daukaguz, merkeak eta erabilterrazak. Partiturak editatzeko programak dira. Testuak idazteko programak (OpenOffice Writer, Word, WordPad, WordPerfect…) egiten daben antzera, beste honeek musika idazteko balio dabe. Baina hori baino gehiago, idazten dana joteko kapaz dira “play” komandoari sakatuz. Hizkuntza musikala paperean idazteko eta “joteko” pentsatuta, edozein musika mota argitaratu daiteke programokaz, melodia sinple bat zein orkestrarako partitura konplexuak, instrumentu guztietakoak, gitarrarako tabulatuak, abestien hitzak, perkusiorakoak… Partitura-editoreok ez dira solfeo ikasteko derrigorrezkoak baina asko laguntzen dabe lanak modu txukunean egiteko, gorde eta edozein momentutan erabili edo bialdu ahal izateko. Beste gauza asko be egiteko kapaz dira: instrumentu bateko melodiak beste batera pasatu, tonalidadea aldatu, MIDI fitxategiak onartu, akordeak egin, particelak editatu… Asko dagoz eta, erabiltzailearen informatikan gertatzen dan moduan, hobeagoak eta txarragoak, merkeagoak eta garestiagoak, erabiltzeko errazagoak ego gatxagoak, hizkuntza askotan…, aurkituko doguz: MusicTime, Finale, Amadeus, Sibelius, Opus… Guk Encore aukeratu dogu; munduan asko erabiltzen dalako, maila profesionalean zein afizionatuan eta erabiltzeko errazenetarikoa dalako. Maila guztietako musikarientzat izan daiteke lagungarri. Azkarra eta zehatza da, 64 pentagramako partitura idazteko kapaza (informazio gehiagorako ikus http://www.gvox.com/encore.php). Partiturak eta testua: Pospolin Honexek dira irudiko partituraren berbak. Irakurri edo abestu egizu, zeuk gura dozuna: “Zure begi ederrok, ene laztana, katigaturik nabe, libre nintzana. Arbolarik arbola ibilten nintzan, baina oin hemen nago zure kaiolan. Pozik nago katigu zure kaiolan, urteetan egongo nintzake holan. Nire kantu gozoa entzun egizu, neuk maite zaitudan lez maite nagizu. (Mikel Zarate)