Baserritik bizi izanda be bizi

Aikor aldizkaria 2008ko api. 24a, 11:33
Nekazaritzako kooperatiba txikiek eboluzionatu, eta apurka-apurka garai barrietara egokitu baino beste erremediorik ez dabe izan. Antxina ganaduzainek eta nekazariek alkarri laguntzeko balio eben guneak ziran, eta gaur egun esparru zabalagotara zabaldu behar izan dabe jarduerea. Horren adibidea Txorierriko kooperatibak doguz. Baserri mundua krisian dagoala aspalditik dakigun gauzea da; ez da kontu barria inorentzat. Baserri guztietan behiak, idiak, txahalak... egozan lehen, eta orain oso gitxi dira bigantxa bat-edo dabenek. Zenbakiei erreparatzen badeutsegu, barriz, errealitate ezberdina dogu: antxina beste buru dagoz gaur egun; hori bai, gehienak ustiapen haundietan batzen dira. Datozan belaunaldiek erreleboa hartzea ezinbestekoa da lehenengo sektoreak bizirauteko, baina abereek eta ortuak dedikazio handia eskatzen dabe, eta, ganera, baserriko beharrak ez dau bizimodua ziurtatzen. Horren ondorioz, gazteek nahiago dabe behar egin lantegietan edo bulegoetan. Laguntzak dagoz instituzioen aldetik; halanda be, gakoa galdera honeetan dago: nahikoak dira?, benetako konponbideak dira? Juan Barrena Loiuko nekazari eta abeltzainen kooperatibaren presidenteak argi dau ezetz. “Oraindiño ez deust inork esan dirulaguntzei esker lasaiagoa bizi danik. Dana dala, baserritarra autonomo izatea lortu behar dogula uste dot, eta instituzioek eta legeek, gu ito beharrean, bideak zabaldu beharko leukiez horretarako”. Barrenak kasu bi emon deuskuz adibidetzat: bata, bakotxari bere ahalmen eta esfortzuaren arabera ekoizten ixtea; eta bestea, plazara eroaten dan bendejea momentuan ordaintzea nekazariari, dendariak salduko dauan ala ez itxaron barik. “Horreek moduko beste neurri batzuk be hartu ezkero, lagun gehiago animatuko ziran baserrian lan egiten, beharbada”. Krisiaren eragina Nekazaritzako sektorearen krisiak eragin zuzena dau kooperatibetan, eta horreek eskaintza zabaldu behar izan dabe beste arlo batzuetara. Ganaduentzako pentsuez aparte, milaka artikulu eskaintzen deuskue: burdindegiko gauzak, zapatak, olioa, ardaua, landarerentzako produktuak, haziak, katu zein txakurrentzako jana, hesi elektrikoak... Edozein merkataritza-gunetan topa daikeguzan gauzak dira, baina kooperatibetan askoz merkeago saltzen dabez. Zerbitzuak be, mota askotakoak emoten deutsiez bezeroari. Holan, albaitaria dago Derioko kooperatiban eta orain dala gitxi arte ganaduentzako botikak izan dabez. Joseba Lekerika bertoko presidenteak azaldu deuskun moduan, oso zaila da botika horreek farmazietan aurkitzea. “Kontrol haundia eroan behar da, eta hamabost egunik behin Gasteizeko Federazioko teknikari bat etortzen jakun inbentarioa-eta egitera. Hasiera baten dirulaguntza bat genduan zerbitzu horretarako, baina kendu eben eta zerbitzua emoteari itxi geuntsan dirutza gastatu behar gendulako”. Lezamako kooperatiban be albaitariak izan dira urteetan. Gaur egun kontsulta ez dabe han, baina edozein bezerok animaliakaz arazoren bat izan ezkero, eurak deitu eta atoan ailegatzen dira. Landareen edo fruta-arbolen gaixotasunei jagokenez, beste horrenbeste gertatzen da. “Lorrako teknikari batek astean lau ordu emoten zituen lehen berton”, aitatu dau Arantza Zarate kooperatibaren idazkariak, “Zalantzak doguzanean, Lorrara deitu, eta argitzen deuskuez momentuan. Baina beste teknikari bat etortzea gura dogu”. Pentsuak be egiten dabez Lezaman, ganaduena, oiloena eta txarriena. “Baita idiena be, eta ez da erraza hori topatzen eta guk hemen dogu”. Kooperatibetako langileek ahalik eta gehien jakin behar dabe emoten dabilzan zerbitzuari buruz; hau da, landareen gaixotasunei, tratamenduei, pentsuei eta haziei buruz, besteak beste. Ikasi be asko ikasten dabe egunero: egiten dabezan kurtsoetan, teknikariengandik, kooperatibara etortzen diran baserritar eta bezeroengandik... Lehen aitatu dogun moduan, lehenengo sektorea ez dago bere momenturik onenean, eta etorkizunak zer ekarriko dauan ikusteko dago. Halan be, Txorierriko hiru kooperatibak ezin dira kexatu bezero-kopurua dala-eta. “Askok ortu txikia dabe. Badakizue, lau piper etxerako, lorategia... eta apur bat handik eta beste apur bat hemendik aurrera jarraitzea lortzen dogu”, dino Lekerikak. Bezeroak Txorierritik ez eze hainbat lekutatik etortzen jakez: Bermeotik, Mungiatik, Bilbotik... Ganera, hiru kooperatiben arteko hartuemona apartekoa da, eta batek ezin badeutso bezeroaren beharrizanari erantzuna emon, bestera agintzen dau. 40 urteko atzerapena Pentsuen arazoa beste kontu bat da. “Salmentak %40 inguru egin dau behera. Buru asko dabezenek zuzenean erosten deutsee hornitzaileei; baina, tira, oilo batzuk, txahalen bat... dabenak be badagoz, eta diru-jario horrek laguntzen deusku”. Erregaiaren prezioaren igoerak pentsuen prezioa garestitu egin dau: ia %40-50. Loiuko kooperatiban esandakoaren arabera, faktore horri beste bi gehitu behar jakoz. Alde batetik, berton ekoizten dan gari gehiena Asiara esportatzen da, eta, ondorioz, prezioa garestitu egiten da hemengo baserritarrentzat, gitxi gelditzen dalako. Gariaren esportazioak beste ondorio latz bat dakar ganaduzainentzat: ia ez dagoala labore horren deribaturik; birzaia eta salbatua, esate baterako. Beste alde batetik, ez dogu lur nahikorik artoa landatzeko eta atzerritik ekartzea garestia da. “Ganadu gitxi dago eta, ganera, ez dago zegaz elikatzerik. Beno, nire ustez, badago. Araban gari nahikoa dabe Euskal Herri osorako, baina arazoa esportatzen dabela da. Agintariek bertoko baserritarron beharrizanak betetzen ahalegindu beharko leukie; lehentasuna guri emon. Eta bitartekariak be kendu beharko litzatekez, dirua eurek eroaten dabelako”. Negozioa erosketetan dagoala argi dau Lekerikak. Bere ustez, kooperatibek baterako erosketak egin beharko leukiez prezio lehiakorrak eskaini ahal izateko. Eta inoiz horrela izateko esperantza dau, Lorra Bizkaiko Nekazarien Kooperatiben Elkarteagaz batera aukera hori aztertzen dabilz. “Berrogei urteko atzerapena daroagu Europako beste kooperatiben aldean. Holandan, esate baterako, lehen mailako makrokooperatibak sortu dabez, eta zerbitzu hobeak eskaintzeko gaitasuna lortu dabe. Indar gehiago egiten dabe alkarregaz”. Gero eta zorrotzagoak Legeria eta nazioarteko arauak gero eta zorrotzagoak dira kooperatibakaz. Txitean-pitean joaten jake inspektoreren bat zein motatako artikuluak, lehengaiak, instalazioak, eta abar dabezan ikustera. Pentsua kooperatiban birrintzen da, eta zakuan xehetasun guztiak ipintzen dabez: nongoa dan, proteinen portzentajea, almidoia... “Informazioa hornitzaileak berak emoten deusku; osterantzean, Neiker laborategira eroaten dogu analizatzera”. Euskal Herriko Kooperatiben Elkartearen aholkulari juridiko batek laguntzen ditu hainbat tramite betetzen. Arantzaren ustetan, betekizun horrek guztiak beharrezkoak dira; oinarrizko gauzetan, hain zuzen be. “Garrantzi haundia emoten deutsee fitosanitarioen kontrolari eta lan arriskuen prebentzioari. Kurtsoak egin doguz, izan be, langileok etengabeko birziklatzeari ekin behar deutsagu”. Bitartean, salmentei eta bazkideen diru-ekarpenei esker aurrera egiten dabe Txorierriko kooperatibek. Inbertsiorik egin behar bada, Eusko Jaurlaritzatik edo Europatik jasotzen dabe laguntza. Iaz sutea egon zen Lezamako kooperatiban eta galera handiak eragin ebazan. Aseguruak bere gain hartu ebazan triskantzak. Batzuk beste batzuk baino optimismo haundiagoagaz dagoz begira etorkizunari, baina guztiek proiektu barriak dabez buruan. Holan, burdindegiko arloa handitu gura dabe Loiun, eta Foru Aldundiak fitosanitarioak biltzeko edukiontziak jarriko ditu Lezaman. Zamudioko kooperatiban beste eraikin bat altxatu nahi dabe, ongarriak hobeto antolatzeko. Udalagaz harremanetan dagoz, horrek lursaila itxi deien. Datuak: Lezamako Baserritarren Alkartea -Kooperatibaren ganeko lehenengo datuak 1925. urtekoak dira -112 bazkide -Langile 2 San Isidro, Zamudio-Derioko Lur-langileen Etxea -1921. urtean sortu zan -160 bazkide -Hiru langile Loiuko nekazarien eta ganaduzainen Kooperatiba -Orain dala 100 urte inguru sortu zan -83 bazkide -Langile bi Zaindariaren Eguna ospatuko dabe San Isidro baserritarren zaindaria da, eta, urtero bezala, Txorierriko kooperatibek jai handia egingo dabe horren omenez maiatzaren 15ean. Bazkideak eta lagunak gonbidatuta dagoz. Zamudio 11:30: Mezea, Derioko San Isidro elizan 13:30: Buztarri bakarreko idi probak Jose Luis Lopategiren idia (Sondika) Jose Luis Zarragaren idia (Erandio) 900 kiloko harria 14:30: Bazkideen arteko bazkaria Trikitilariak Lezamako Baserritarren Alkartea 12:00: Mezea, Andra Mari elizan 13:00: Hiru buztarriko idi probak Aretzaga anaiak (Lezama) Angel Txertudi (Busturia) Bittor Txertudi (Kortezubi) 15:00: Bazkaria Loiuko nekazarien eta ganaduzainen Kooperatiba Mezea Bazkaria

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).