Gorka Zarate, txistularia, albokaria, dultzainerua...: “Inguruan dodazenak ondo pasetan badabe, helburua beteta”

Aikor aldizkaria 2008ko mai. 27a, 08:59
Testua eta argazkia: Pospolin
Gorka Zarate lezamarrak zainetan daroa musikea, melomano pasiboa eta aktiboa da. Badaki zein dan argitaratu dan azken diskoa eta badaki bertoko hainbat instrumentu joten be, edota Iparraldeko pastoralaren osteko gau luzean bertakoakaz kantetan… Musikearen laguna zarala dinozu. Zein da zure helburua, Juanmari Beltranen ikerketetan agertzea ala beste barik ondo pasatzea? Argi eta garbi, nik ez dot inon agertu gura; nire inguruan dagozenak ondo pasetan badabe eta gaztetxuak herri musikara hurreratuten badira, helburua beteta. Hori bai, sartzen nazen gauzetan ahalik eta ondoen egitea gustatzen jat. Ze mailataraino? Ez dakit, nik egunero joten dot albokea, jo ezik ezin da instrumenturik ikasi. Erreferenteak Ibon Koteron, Fede de Dios, Julen Begoña, Juanmari Beltran neurri baten… izan daitekez; horreen mailara heltzea pentsatu be ez dot egiten, gainera ez da nire mundua atzo etorria naz-eta, baina ahal danik eta ondoen jotea gurako neuke, bai. Gainera albokea zeuk egiten dozu, ezta? Albokarien mundu tradizionala beti izan da sarratua: joteagaz batera, eurek egiten ebezen albokak, fiteak…Gaur egun hori aldatu egin da, saldu egiten dabez. Niri, ostera, gustatu egin jat albokearen barruko muina zein dan jakitea; neuk egiten dodaz, bai. Txistularia, noiztik?, zelan? Hamaika urtegaz edo hasiko nintzan, aititak Donostia aldean erosita osaba Mikelek euki eban txistu bategaz, eta ondiño be horregaz jarraitzen dot. Gaixoaldi baten hasi nintzan neure kontura, ekin eta ekin. Gero seminarioan irakaslea be euki neban eta gero Larrondo aldeko Mezoren klaseetara be bai. Hamasei urtegaz edo, herriko batzuk alkartu ginan fanfarria txiki bat osatzeko: ni txirulagaz, Iñigo Beasko soinuagaz, Alberto Larrenakoa… Esperientzia polita izan zan. Aurrerago, gaztetako rock musika zaletasuna zala-ta, beste taldetxu bat montatu genduan. Jaietako erromerietan, Derioko institutoko inaugurazinoan, San Lekeatan…, hainbat lekutan jo genduan. Guzti horrek markatu egiten zaitu, ezta? Eta geroago, zorionez, beste musika zale bategaz ezkondu nintzan. Umeak apur bat hazi arte geldirik egon eta gero, koskortu diranean barriro hasi naz. Zergaitik albokeagaz? Ba, umetarik entzun dot etxean, jaio nintzenean aititak, aitak, Artxandako Etxebarria erdi senide eta Txilibrinek (albokeagaz) itzelezko parranda egin ebela, berak alabak bakarrik izanda aititentzako “lehenengo” mutila nintzelako. Horregaitik, eta neuri be bertoko instrumentuak beti gustatu jatazalako, hasi naz albokeagaz. Ibili nintzan topetan irakasle on bat eta Fede de Dios aurkitu neban eta… Fede “ladedios” da. Irakasle eta lagun dot orain. Behin hasi ezkero ba… Hor be erdi autodidakta eta Fedek bideratuta, bagabiltza dultzaineari be zarata apur bat ataratzen. Dultzainea eta albokea oso gauza diferenteak dira. Eta bide batez, arnasketa teknikak dirala-ta, Didgeridu edo yidakiri be ekin deutsat, arnasketa sistema bera erabiltzen dalako (arnasketa “zirkularra”, “arnasea buelta” esaten eban Leon Bilbaok). Zein da instrumentuok joteko sekretua, “musturra”, birikiak, dohai bereziak…? Ez dago sekreturik, ekina okerra da. Hala eta guztiz be, zeozer bada, ze Gorka sutegirako eta dastaketarako be mustur fineko gizona dala entzun dogu.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).