Ez daitezela artegatu irakurle jeltzaleak. Goiko izenburu horretatik ez dezatela deduzitu inolako pinza politikorik edo konspiraziorik, alkatetzak ANVren esku dauden udaletan PSOEk zirkulazioan jarri eta Urkulluren alderdiak pozik eta modu nahiko nahaspilatuan bat egin duen mozio ez batere etikoen antza izan lezakeenik.
Ez. Goiko izenburua dirudiena da, ez besterik: futbol partida baten emaitza. Eusko Ekintzaren (ANV) eta Eusko Gudaroztearen (EAJ) selekzioek jokatu zuten 1937ko otsailaren 7an, arrastiko 3etan, San Mamesen; helburua dirua batzea zen `“Euzkadi†egazkiñaren alde` kanpainarako. Kanpaina horrekin, dirua batu nahi zen hegazkin bat erosi eta Eusko Jaurlaritzari oparitzeko; era horretan, Errepublikaren aurka altxatutako militarren eta euskal armadaren arteko desoreka gutxitu nahi zen, hura oso nabarmena baitzen aire baliabideei zegokienez.
Domeka zen eta uste da 22.000 lagun joan zirela partida ikustera; zelaia lepo bete zuten, beraz, orduko San Mamesek oraingoak baino edukiera askoz txikiagoa baitzeukan. Partidan Agirre lehendakaria egon zen buru. Hauek izan ziren talde bien hamaikakoak:
Eusko Ekintza (ANV): Egia; Euskalduna, Aedo; Julián Ramón, Kuki Bienzobas, Markuleta; Rejón, Iraragorri (kapitaina), Langara, Bata eta Oianeder.
Eusko Gudaroztea (PNV): Ispizua; Pablito, Areso; Zilaurren, Soladrero, Zubieta; Larrondo, Unamuno, Gurrutxaga, Mandaluniz (kapitaina) eta Gorostiza. Ruizek Larrondo ordezkatu zuen bigarren zatian.
Lehia oso estua izan zen. Lehen zatia 4-3 emaitzarekin amaitu zen ANVren taldearen alde, eta hark irabazi zuen partida behin betiko emaitza honekin:
7-5.
Hilabete eta erdi geroago, 1937ko martxoaren 22an, errebantxako partida jokatu zen; orduko hartan, Eusko Gudaroztearen selekzioak irabazi zuen 3-0 emaitzarekin. EAJk errebantxako partida honetan lortutako garaipena zalantzan jarri zen, zurrumurruak ibili baitziren ez ote zen iruzurrik egin emaitza horretan, talde bien artean beste partida bat jokatu eta horrela diru gehiago biltzeko.
Hori hala izan zen edo ez alde batera utzirik, gerraren larrialdiek galarazi zuten ANVren eta EAJren taldeen arteko hirugarren partida hori. Hilabete batzuk geroago Euskadi selekzioa izango zenaren ernamuina izan ziren talde bietako futbolariak; selekzio horrek bira arrakastatsua egingo zuen gerra urteetan hainbat herrialdetatik, hala nola Frantzia, Txekoslovakia, Polonia, Errusia, Finlandia, Norvegia, Danimarka, Frantzia, Mexiko, Txile eta Kuba.