Josune Kareaga, misiolaria Hegoamerikan: “Aldake

Aikor aldizkaria 2008ko mai. 27a, 09:08
Familia Larrabetzukoa du, baina gerrako gorabeherak zirela-eta, Zamudion jaio zen 1937. urtean. Josune Kareaga 17 urte zituela sartu zen Berrizeko Mesedetakoaren Lagundian. Hegoamerikan 40 urtean dabil misiolari, eta duela gutxi Txorierrira bueltatu da familia bisitatzera. Berton izango da ekainera arte. Zergatik lagundian sartu? Bokazioarengatik; gizon eta emakumeen askapena lortzen laguntzeko asmoz. Mesedetakoaren Lagundian sartu nintzen, misiolari ibiltzeko aukera ematen zidatelako. Afrikara joan nahi nuen, baina frantsesa jakitea beharrezkoa zen, eta ez nekien. Oso mugimendu handia sortu zen euskal elizbarrutiko misioen inguruan, eta lehenengo aldiz moja bik, apaiz bik eta sekular bik osatutako taldea Ekuadorrera joan ginen misiolari 1968. urtean. Esperientzia guztiz berria izan zen hori. Arenillas eta Huaquillas herrietara joan ginen. Landako jendearekin bizi ginen; euren bizi-egoera ezagutu genuen. 1973. urtean Euskal Herrira bueltatu nintzen, eta erizaintza ikasi nuen. Obstetrizia hartu nuen espezialitatetzat. Baina hona etorri baino lehen, baterako misioa egin genuen Riobambako misiolarien taldearekin. Erabiltzen hasi ginen metodoa hau da: ikusi, aztertu eta neurriak hartu. Lan pastorala erabat aldatu genuen eta oinarrizko eliza-komunitateak eratzen hasi ginen. Zein da horien helburua? Guk Askapenaren Teologiarekin egiten dugu bat. Txiroen egoera aldatzea dugu helburu, baina aldaketa horren alde eurek egin behar dutela uste dugu. Hau da, dituzten beharrizanik nagusienak aztertu, eta horiek betetzeko konponbideak topa ditzatela: ura, elektrizitatea, errepideak, hezkuntza... Eta guk laguntza ematen diegu horretarako. Izan ere, Jainkoak gizona eta emakumea maite ditu, eta horiek biek bizitza izatea nahi du; baina bizitza oparoa. Bide luzea dugu oraindik hori lortzeko. Ikasketak egin ostean, Ekuadorrera itzuli zinen 1977. urtean. Manabira joan nintzen, eta bertan oraintsu aipatutako ildotik jarraitu nuen lanean. Manabin 1983. urtera arte izan nintzen. Urte horretan Perura eraman ninduten, Huarandozara. Oihan ondoan dagoen herrixka da, eta hara ailegatu ginenean ez zegoen edateko urik, ezta elektrizitaterik ere. Oso komunikazio txarrak zituen, eta bidaiak zaldiz egin behar genituen, edo oso txalupa txikietan... Euria ari zuenean, erabat isolaturik gelditzen ginen... Anbulatorioa genuen eta moja batzuek han egiten genuen lan; beste batzuek, eskolan. Herrixketara ere joaten ginen umeak txertatzera, eta abar. Denetarik egin behar genuen, medikua ez baitzen zonalde horretara ailegatzen. Laguntza behar genuen, eta bertako batzuk osasun kontuetan hasi ginen prestatzen. Horrela sortu ziren osasun-sustatzaileak. Jaenera (Peru) 1.992. urtean ailegatu zinen. San Frantzisko Xabierkoaren bikariotza hartzen duen osasun-programa koordinatzera bidali ninduten. Bikariotza hiru probintziak osatzen dute, eta hainbat arlo jorratu ditugu han: hezkuntza, giza eskubideak... Irratia ere badago: Radio Marañon. Oso irrati inportantea da, egunerokotasunean behar dituzten gauzen berri ematen baitie. Horrezaz gainera, herri-mugimenduen alde egiten duen irratia da, injustiziak-eta salatzen dituena. Elkarteko botikinak sustatu zenituzten; oso aurrerapauso inportantea izan da hori. Medikuak ez ditu herrixka guztiak bisitatzen; batzuk oihanean bertan daude eta eskalatu egin behar da hara joateko. Jaenen, adibidez, ospitalea dago, baina egin behar dizkizueten proba guztiak ordaindu behar dituzu; baita janaria ere. Eta ondorioz, jende askok ezin du osasun zerbitzua eskuratu. Horregatik erabaki genuen elkarteko botikinak martxan jartzea, eta osasun-sustatzaileak prestatzea. Botikinak medikamentu generikoek eta ordezko medikuntzako produktuek osatzen dute. Osasun-sustatzaileek bi urteko prestakuntza hartzen dute, eta, horren ondoren, praktikak egiten dituzte ospitalean. Osasun Ministerioak diploma ematen die. Erregio-gobernuek eta Osasun Ministerioak ez zuten gure lanari buruz ezer jakin nahi hasiera batean; baina oso lan ona dela ikusi dute beranduago. Guk ere ahaleginak egin ditugu eurengana hurbildu eta proiektuak elkarrekin koordinatzeko. Bananduta izanez gero, ez delako ezer lortzen. Sustatzaileak ez dituzue soilik osasun arloan trebatu, baizik eta formazio integrala jaso dute. Caritasekin batera agronomia arloan trebatu ditugu, sendabelarrak landatzen ikas dezaten, barazkiak... basetxeak eraiki ditzaten, eta bertako produktuak hobetu ahal izateko: kafea, ananak, lurra bera... Baloreetan ere hezi ditugu, eta horri esker tratu hurbilagoa eskaintzen diete gaixoei. Sustatzaileen inguruan osasun batzordeak eratu ditugu. Batzordea herrixkako bospasei familiak osatzen dute, eta, sustatzailearekin batera, botikina kudeatzen dute. Aldi berean, oinarrizko eliza-komunitateak dira, Jainkoaren hitza irakurri, errealitatea aztertu, hori juzgatu, eta konpromisoa hartzen dutelako. Konpromisoa zuen lana bereizten duen ezaugarria da. Bertako jendea oso erlijiosoa da, baina ez dute konpromisorik inorekin; ez emaztearekin, ez familiarekin... Guk pertsonak hezi nahi ditugu, eta beste mentalitate bat buruan sartzen saiatzen gara. Jendearen mentalitate-aldaketa nabaria da azken urteotan. Nondik lortzen dituzue diru-laguntzak, proiektuak aurrera eramateko? Proiektuak gobernuz kanpoko erakundeei aurkezten diegu, eta horiek Eusko Jaurlaritzara edo gobernu zentralera eramaten dituzte dirua lortzeko. Bertoko parrokia batzuetatik ere jaso dugu laguntza. Baina txarto gabiltza orain, diru-laguntzak beste herrialde batzuetako proiektuetara bideratzen baitira gaur egun. Horrezaz gainera, epeak jartzen dizkigute proiektuok burutzeko, eta guk ezin dugu ziurtatu data horietarako amaituta egongo diren. Oso jende behartsuarekin egiten dugu lan, eta proiektuak pixkanaka-pixkanaka eraman behar dira aurrera. San Frantzisko Xabierkoaren bikariotzako osasun-programa 2003. urtera arte zuzendu zenuen, eta handik Ekuadorrera bueltatu zinen. Hiru ahizpa –Marivi (Gernika), Margot (Ekuador) eta hirurok- Ushcurrumira bidali gintuzten lagundiko beste etxe bat irekitzera. Lehen aipatutako herrietan martxan jarritako proiektuak eta filosofia Ushcurrumin ere sustatu genituen. Lau urte eman nituen bertan, eta orain urtebetea daramat Liman. Zertan zabiltzate han? Hierbateros herrian gaude eta eta Siete de Octubre muinoko lagunen premiei erantzuten diegu. Muinean landatik etorritako iheslariak batzen dira, eta oso leku arriskutsua da. Gainera, garai batean Sendero Luminoso erakundeak kontrolpean zuen erabat. Erakunde horrek ia nekazari guztiak hartzen zituen, eta, alde batetik, ulergarria da: behartsuek aldaketa nahi zuten; ez zuten modu hartan bizi nahi. Muinean haurtzaindegia zabaldu dugu eta han hiru hilabetetik bost urtera bitarteko 150 ume ditugu. Haurtzaindegiarekin ama ezkongabeei ematen diegu zerbitzua, baita senarraren aldetik laguntzarik jasotzen ez dutenei ere. Orokorrean emakumeek eraman behar dute etxearen ardura; senarrak nahiko axolagabeak izaten dira. Haurtzaindegiak bertako emakumeengana hurbiltzeko aukera eman dizue; muinoaren atea zabaldu dizue. Proiektu berri bat bultzatu dugu emakumearen inguruan, eta horri esker helduek zein neskatoek hezkuntzara dute sarbidea. Laguntza psikologikoa ere ematen diegu: askok trauma handiak dituztelako: bortxakeriak, tratu txarrak... Beste alde batetik, lan egiten duten umeak muinora bazkaltzera joan daitezela lortu dugu, eta arratsaldean ikas dezatela. Era berean, unibertsitatean edo karrera teknikoak ikasten dabiltzan batzuei ematen diegu laguntza. Hango etxeak erabat hondatuta daude, eta horiek konpontzeko irtenbideak topatzen ere laguntzen diegu. Zelan hartzen dute laguntza? Iniziatibak eurengandik ateratzen ahalegintzen gara; beharrezkotzat dituzten gauzen berri ematen dute bileretan. Mikroenpresak sortu nahi ditugu orain: zukuak saltzeko, ehungintzarena... Baina ez dute talde-lana egiteko ohiturarik, eta kostatzen da. Emakumearengana heltzen saiatzen gara gehienbat, aldaketa eurengatik etorriko dena ziur gaudelako. Pobrezia ez da soilik ekonomikoa... Ez, intelektuala ere bada, eta, era berean, organizaziorik ezak eragina du pobrezian. Behartsuek jai dute, eta are gehiago Estatu Batuekin TLC hitzarmena sinatu ostean. Hitzarmenari esker, erraztasun handiak egongo dira Peruko produktuak Estatu Batuetara agintzeko, eta alderantziz. Baina gure produktuek ezin dute lehiatu Iparramerikakoekin, eta inbadituko gaituzte azkenean. Ekuadorren ez zuten hitzarmen hori sinatu, indigenen iritzia kontuan hartu izan zutelako. Herria haren aurka matxinatu zelako. Eta gero eliza dugu, eskuinetik gero eta hurbilago... Pena handia. Irtenbiderik? Kontzientzia har dezatela ezinbestekoa da. Correa Ekuadorreko presidentea bada, hori indigenek presioa egin dutelako izan da. Baina Perun ez da horrelakorik gertatzen: Fujimori ostean Alan García presidente izendatu dute berriro. Eta Garcíak zerua goian eta lurra behean utzi zuen Peru lehenago. Oso memoria historiko txikia dute. Ildo horretatik jarraituta, behartsuekin ez ezik unibertsitatean dagoen gazteekin ere lan egiten saiatzen gara, gazteak politika munduan inoiz aritzea espero dugulako. Baina itxaropentsu zabiltzate gaur egun... Chavezek, Correak, Evo Moralesek... itxaropena ekarri digute berriro. Hegoamerikako herri guztiak elkartu ahal izango dira! Horrela, Estatu Batuei aurre egitea errazago gertatuko da. Bertatik Sekta asko ailegatzen da Hegoamerikara: jendea lokartzea eta herria banatzea dute helburu. Zaila izango da zuen lana aurrera eramatea bertan... Bai, baina edozein lekutan bezala. Beno, hango mojek otoitz egiten irakatsi die; ez pentsatzen. Eta gu mentalitate ezberdina genuela ailegatu ginen. Hilketak izan dira, mehatxuak, gorriak ikusi ditugu, eta egoera latzak bizi izan dira... Hala ere, ez dugu inoiz bertatik alde egiteko aukera aztertu. Izan ere, laugarren botoa daukagu eginda, eta nahiz eta herriak oso gatazka bortitza bizi, han gelditu behar gara gu; gure konpromisoarekin jarraitu behar dugu. Ahaleginak emaitza izan du 40 urteren ostean? Aldaketak ikusi, ikusten dira, baina oso astiro doan kontua da. Eta herri horiek duten pobrezi handiari beste faktore bat gehitu behar zaio: baldintza atmosferikoak. Errepideak atontzen dira, adibidez, baina oso material eskasak erabiltzen dira, eta azpiegiturak ezin dira osorik atera hondamendietatik. Berriro hastea baino beste erremediorik ez dugu kasu gehienetan. Ekainean Limara itzuliko zara... Ilusio handiarekin, gainera. Eta ildo beretik lan egiten jarraitzeko gogoarekin; hau da, Askapenaren Teologiaren ildotik. Izan ere, hori bidea dena ziur gaude Mesedetakoaren Lagundikook.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).