Pirritx eta Porrotx, pailazoak: “Oso maitatuta s

Aikor aldizkaria 2008ko mai. 27a, 09:20
Zamudioko kiroldegian hil honetan eman duten ikuskizunerako sarrerak salgai jarri, eta egun berean, oso ordu gutxian, saldu ziren guztiak. Pirritx eta Porrotx Euskal Herriko umeen pailazorik kutunenak dira eta horretaz jabetzeko, euren ikuskizunetara hurbildu baino ez dugu egin behar. Jose Mari Agirretxek ‘Porrotx’ azaldu dizkigu gakoak. Zer duzue zuek umeekin? Hogei urte daramatzagu lanean, eta esango nuke gure fomula magikoa hau dela: euskara, alaitasuna, baloreak eta horien nahastea osotasunez eta maitasunez egitea. Gure saioetan eman egiten dugu, eta saioa bukatu ostean ere musuak ematen dira; txokolatezkoak, marrubizkoak... Gauza politak esaten dizkiegu umeei eta gurasoei. Nori ez zaio hori gustatzen? Eman eta jasotzean dago koska. Gaur egungo hainbat gai lantzen dituzue zuen ikuskizunetan. Umeak ilusioan eta alaitasunean heztea eragingarriagoa da, ezta? Dudarik ez; eta hala bizi nahi dugu, gainera. Gauza asko irakurtzen dugu egunero egunkarian, edo irratitik entzuten dugu, eta horiek guztiak lan daitezke. Baina guk abantaila dugu: koloreetako begiak ditugunez albisteak eta bizi ditugun egoerak gure koloreetako filtroetatik pasatzen dira. Ondorioz, mezu itxaropentsua eta alaia ateratzen dugu beti. Keinua egiten diogu etorkizunari eta, nire ustez, beharrezkotzat dugu hori. Bizitzeko ilusioa inportantea da. Gure leloa hau da: bihotza, burua eta eskuak; hots, sentitu, pentsatu eta ekin. Elkarlana ere funsezkoa dugu: talde asko daude Euskal Herrian gure ibilbidean lagundu egin digutenak. Lagunak ditugu guztiak. Minbizia izpide duzue ‘Eskerrik asko’ saioan. Zaila da azaltzea zer den gaixotasuna ume bati? Duela zazpi urte hasi ginen lanean Aspanovas elkartearekin. Bisitak egiten ditugu ospitaletan eta harremana landu dugu minbizia duten hainbat umerekin. Haiengandik indarra jaso dugu, begietako disdira, bizitzeko grina, ilusioa... Indar horiek batu, eta herriz herri gure hospital txikia eramanez, besteei erakusteko aukera zegoela pentsatu genuen. Helduok beldurrak ditugu, ezintasunak, topikoak... eta hitz egitea kostatzen zaiguna izkutatu edo mozorrotzeko joera dugu. Haurrak, berriz, naturalagoak dira. Eta gaiak naturaltasunez tratatuz gero, hobeto ulertzeaz gainera, errezagoa da horiei aurre egitea. Gaixotasuna gure artean dago; guztiok gaixotzen gara inoiz. Minbizia gaixotasun larria da, baina gure ikuskizunean ez dugu gaixorik aurkezten; gaixotasuna duen pirata bat baizik. Eta pirata hori bizitzeko gogoarekin altxatzen da ohetik goizero. Zein izan da Pirritx eta Porrotx pailazoen bilakaera? Zer ekarri dio taldeari Takolok alde egiteak? Taldea sortu zenean, euskalgintzan aritzen ginen eta euskara kalera ateratzea genuen helburu. Hau da, eskolan ikasten zebiltzana umeek era dibertigarri batean praktikatu ahal izatea. Saio batzuk antolatu genituen herrian, Lasarte-Orian, baina gauza puntual bat izango zena handitzen hasi zen eta Euskal Herriko beste herri batzuetara zabadu zen. Gogo hori zaletasun bihurtu zen; eta zaletasuna, ogibide. Euskarari eta alaitasunari baloreak lantzeko gogoa pixkanaka-pixkanaka gehituz joan ginen. Takolo sorreratik izan dugun laguna da, eta beti izango da gurekin. Hasiera batean ohiko zirkoaren saioak egiten genituen, beste batzuen kantak abesten genituen... Eta denboraren poderioz lana sakonduz joan gara: ikastaroak egin ditugu, gidoiak landu, gure abestiak sortu... Publikoari helarazi nahi dizkiogun mezuak ere gero eta sakonagoak dira. Lehen esan moduan, alaitasuna oso bide ona da horretarako. Elkarlana taldearen ezaugarririk nagusienetarikoa duzue. Hona hemen umeei helarazten diezuen baloreetariko bat... Bai, Pirritx eta Porrotx pailazoen atzean jende asko dago: lankideak, Marimototx, Xabier Zabala musikaria, Julen Tokero diseinatzailea, Mitxel Murua ipuin idazlea... Lagun asko dabiltza gurekin elkarlanean. Euskal hainbat talde, musikari, idazlek... moduan zuek ere zentsura pairatu izan duzue... Dena nahasten dugu gaur egun. Euskal Herria herri bat da, baina ez zaio izaera hori onartzen. Orduan, hor gabiltza; nahi dugu, baina ezin dugu. Bizi dugun egoera tristea da eta sufrimendua ere badakar. Testuinguru horretan kokatzen dut nik zentsura. Talde askok zentsura pairatu zuten Francoren garaian, eta beste askok gaur egun ere jasaten dute. Guztiok topatu nahi diogu konponbidea egoerari; hala ere, izan beharko lukeena baino zailagoa dela ematen du praktikan. Baina herriak aurrera egin behar du, alaitasuna behar du, eta, alde horretatik, gu oso gustura bizi gara egiten dugun lanarekin. Aberasgarria da bai guretzat pertsonalki, bai denontzat. Zeinbat lekutan zentsuratu gintuztenean oso txarto pasatu genuen. Egoera horren aurrean egiten dakiguna eskaintzen jarraitzea erabaki genuen. Eta denborak gure lekuan jarri gaituela uste dut. Oso pozik gaude horregatik. Oso maitatuta sentitzen gara gaur egun. Zeintzuk dira zuen planak etorkizunari begira? Bide honetatik jarraitu nahi dugu jubilatu arte. Beno, egia esan, ez dugu jubilatzeko asmorik. Sudur gorria odolean daramagu, eta bihotzean. Azken urte bietan Marimototx izan dugu ondoan, eta umeek primeran hartu dutela ikusita, etorkizunean ere jarraituko du gurekin. Ondorioz, taldearen izena handitzea ere baliteke: ‘Pirritx, Porrotx eta Marimototx”. Beste alde batetik, ikuskizuna eta abesti berriak gabiltza prestatzen datorren urterako. Ideia batzuk ditugu liburugitzan eta musika arloan... Poliki-poliki joango gara lantzen.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).