CEP Gorondagane Sondikako eskolako mendi taldea:

Aikor aldizkaria 2008ko eka. 6a, 09:36
Argazkiak: Gorka Eguia eta Jon Ander Gangoiti
CEP Gorondagane eskolako mendi taldea (Sondika) Foru Aldundiak eskaintzen duen zerbitzuaren ordezko alternatiba bezala sortu zen duela hiru urte. Izan ere, Guraso Elkarteak ekintza hori ikasle eta guraso guztiei zabaldu nahi zien. Jon Ander Gangoitik ekimenaren berri eman digu. Zein da mendi taldearen jatorria? Aldundiaren eskaintzak ez zituen gure beharrizanak betetzen, adin guztietako umeek ezin baitzuten mendi-irteeretan parte hartu; ezta guraso guztiek ere. Guk familia osoari zuzendutako txangoak antolatu nahi genituen, eta ekintza gure kabuz egiteko aukera aztertu genuen. Udalari proposamena aurkeztu, eta autobusak eurek ordainduko zituztela esan ziguten, baina horren truke, ekimena herri osora zabaldu behar genuela. Eta horrela egin genuen. Eta helburuak? Futbola, aerobic eta beste kirol mota batzuen ordezko aukera eman nahi diegu ikasleei. Gainera, mendia gurasoek zein seme-alabek elkarrekin goza dezaketen ingurunea da. Are gehiago, ikaskideek eskolatik kanpo elkarrekin egiten duten jarduera da, eta gurasook ere gure arteko harremana lantzeko aukera dugu. Eta ez gabiltza lehian: bakoitzak bere erritmora egiten du ibilbidea, eta lehenago edo beranduago ailegatzeak ez du garrantzirik. Beste alde batetik, seme-alabengan mendirako zaletasuna piztea ere badugu helburu. Zenbat lagunek hartzen dute parte txangoetan? Hasieran 60 bat lagunek osatutako taldea ginen, eta gaur egun 115 lagun inguru izango gara. Parte-hartzaile gehienak eskolakoak gara, eta eskolatik kanpokoak 15 bat dira. Irteeretan autobus bi betetzen ditugu, eta inoiz hirugarren bat ere behar izan dugu. Autobusak aukera handiak ematen dizkigu, ibilaldia puntu batean hasi eta beste puntu batean amaitu ahal dugulako. Nola aukeratzen dituzue ibilaldi horiek? Mendi arduraduna ni naiz, eta niri dagokit bati edo besteari galdetzea ibilaldi interesgarririk, egokirik, ederrik... ezagutzen duen. Hilero txango bat antolatzen dugu, eta hori hiru lagunok egiten dugu aldez aurretik. Horrela, talde osoa mendira joan baino lehen, badakigu nondik ibili behar garen, zein den ibilbidearen zailtasuna eta abarreko kontuak. Dena dela, taldean adin guztietako lagunak gaude, urte biko umeak zein aitita-amamak, eta ibilbide errazak aukeratzen ahalegintzen gara. Normalean zazpi edo zortzi kilometroko ibilbideak egiten ditugu. Eta nor nekatzen da lehenago? Gurasoak direla esango nuke nik. Umeek ohitura handiagoa dute korrika egiten eta saltoka ibiltzen (kar, kar). Nondik ibili zarete? Oso urrun ez gara joan, egun erdiko txangoak antolatzen baititugu. Bizkaia eta Gipuzkoa aldean ibili gara gehienbat: Ermua Mendia, Punta Lucero, Sabigain, Lehungane, Pagasarri, Ogoño, San Pedro de Atxerre, Pagoeta, Bizkargi, Camino de Santiago (Markina – Bolibar)... Unibertsitateak antolatzen duen ‘Tipi-tapa’ martxan ere hartzen dugu parte. Irteerak urritik ekainera arte antolatzen ditugu, eta aurten Urdaibai aldetik ibili gara batez ere. Datorren ikasturtean Zugaztieta (Trapagaran) eta Ezkerraldea bisitatzeko asmoa dugu. Eguraldia: eragile giltzarria. Bai, izan ere, horren arabera irteera bat arrakastatsua izango da; edo ez. Aurten, zorionez, eguraldi ona izan dugu txango guztietan, baina joan den urtean, ez. Eta eguraldi txarra izanez gero, etxean gelditu nahiago du jendeak. Gabeziarik duzue? Ez. Ekimena erabat sendotu da hiru urtean, eta, nire ustez, horren arrakasta honetan datza: familia osoari zuzendutako irteerak dira, egun erdikoak, errazak... Egitasmo handiagoa eginez gero; hau da, mendi talde federatuta bihurtuz gero, porrot egingo genuela uste dut. Horrek ahalegin handiagoa eskatuko zuelako, gauzak beste era batean antolatu, jendeak denbora gehiago eskaini beharko zion taldeari... Hala ere, maiatzean asteburuko irteera antolatu genuen Asturiasera. Zelan irten zen hori? Oso ondo. Bertara 153 lagun joan ginen, eta esperientzia ona izan zen. Txangoak egin genituen, eta hainbat leku ezagutzeko aukera izan genuen: Puente Poncebos -Bulnes, Arenillaseko bufoia... Mendi taldea oso harrera ona izan du hiru urtean, eta beste pausu bat ematea ideia ona izango zela pentsatu genuen. Horregatik antolatu genuen asteburuko irteera, eta emaitza hor dago: 153 parte-hartzaile. Baina, lehen esan bezala, horretaz aparte ez dugu beste helburu handirik. Hori bai, datorren urteko asteburuko irteera prestatzen gabiltza dagoeneko.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).