Asier Hormaza, aktorea: “<i>Euskalerriratu</i> e

Aikor aldizkaria 2008ko eka. 11a, 13:47
Sorginen laratza telesaioari esker ezagutu zuen publikoak Asier Hormaza, baina Algortako aktorearen ibilbidea askoz luzeagoa da. Izan ere, hainbat film eta antzezlan egin ditu, bai telebistan, bai zinean, bai antzerkian. Hil honetan Derioko Gurea Aretora hurbildu da Joseba Apaolaza, Ramón Agirre eta Itziar Ituno taulakideekin batera Gronholm metodoa antzezlana aurkeztera, eta berarekin hitz egiteko aukera izan dugu. Derioko Gurea Aretoa neurri txikikoa da. Zeintzuk nahiago dituzu zuk, antzoki handiak ala txikiak? Aretoa baino, askoz garrantzitsuagoa da ikusleen jarrera. Publikoa hotza bada berdin dio antzokia txikia ala handia izatea. Hala ere, areto txikietan oro har jende gutxiago biltzen da eta atseginagoa da. Jatorrizko Gronholm metodoa antzezlanean oinarrituta, filma egin zen. Ikusi duzu? Ez, ez dut ikusi, baina Jordi Galcerán jatorrizko antzezlanaren egilea ez zegoen batere ados zinean egindako lanarekin. Gu gure bertsioa egiten saiatu gara. Jatorrizko antzezlanaren arima eta funtsari eutsi diegu, baina gure erara egokituta. Buelta bat eman diogu, nolabait esanda. Ildo honi jarraituz, aipatzekoa da zuzendariak egindako lan ederra. Berak gauza batzuk kendu, beste batzuk eraldatu.... “Euskalerriratu” egin dugu saioa. Antzezlanaren gaia –langileak hautatzeko probak– nahiko arrunta da, baina pertsonaiek jasotzen dituzten egoerak oso gogorrak dira... Denetarik dago. Momentu gogorrak dira eta barre egiteko aukera ere izaten dute ikusleek. Gronholm metodoa antzezlana oso arrakastatsua izan da hainbat hizkuntzatan. Apustu ziurra da hori euskaraz egitea, ezta? Publikoak horrelako antzezlanak eskertzen ditu. Lehen egin genuen Artea edo oraingo Gronholm metodoa saio arrakastatsuak izan dira gaztelaniaz, eta horiek euskaraz taularatzea txalogarria eta eskertzekoa da. Izan ere, saria da ikuslego euskaldunarentzat. Zer dela eta Gronholm metodoa saioaren arrakasta? Ez dakit. Osagai asko izan behar dira kontuan: lehenik eta behin, testua ona eta erakargarria izan behar da, hau da, istorioa eta zelan kontatzen den; hortik aurrera, aktoreek ere lagundu behar dute eta muntaketa bera ere ona izan behar da. Elementu guztien batuketa da azken batean arrakasta ematen duena. Antzerkia krisian omen dago beti. Euskaraz egindakoa askoz gehiago, ezta? Dudarik gabe. Betidanik entzun dut antzerkia krisian dagoela, baina ez nago guztiz ados: nire ustez, antzerkia baino, pertsonak gaude krisian. Estatuan bizkarra eman diogu kulturari; Europan, aldiz, kulturak badu bere lekua, eta hemen baino askoz gehiago ikusten eta errespetatzen da. Hemen gertatzen ez den moduan, atzerrian normala da antzezlanak egunero egotea, esaterako. Antzerkia azken 2.000 urtean egin da eta egiten jarraitzen da, hainbat kultur adierazpen bezalaxe. Horregatik, ez dut uste benetako krisian dagoenik. Bi hizkuntzatan eta hainbat arlotan –zinea, telebista, antzerkia– aritzen zara. Non zaude erosoen? Berdin dit. Argi dago antzerkiak xarma berezi bat duela, publikoa aurrean dagoelako eta erantzuna berehala jasotzen delako. Baina egia esan eroso sentitzen naiz edozein hizkuntzatan eta arlotan. Telebistak ospea eman zizun. Itzultzeko asmorik? Hala da, bai, Sorginen laratza saioan egunero-egunero agertzen nintzen eta ez dut inoiz horrelakorik berriro egin. Baina, egia esan, telebista egiteari ez diot inoiz utzi: Pilotaria telesaioa ibili naiz grabatzen, Estatu mailan ere telesaio batzuetan parte hartu dut... Aktore batek aitortu zuen telebistan agertu behar zela; bestela, zuzendariak zurekin ahazten direla ematen du. Ados zaude? Hain boteretsua da telebista? Ez dut uste hainbesterako denik. Telebistan sartu aurretik antzezlan batzuk eginda nituen. Eta orain arte 20-25 egin ditut. Beste kontu bat da zure lanaren oihartzuna. Sorginen laratza saioan parte hartzen nuenean jende askok ikusten ninduen eta ezagun egin nintzen. Dena dela, lana atera zait niri lan egin dudan neurrian. Publikoarentzat eragin handia du telebistak, baina zuzendarientzat ez da hain garrantzitsua. Amaitzeko bitxikeria bat galdetu nahi dizut: aurten Bizkaiko Txakolinaren ordezkari izendatu zaituzte. Zelan hartu duzu? Etxera hainbat botila bidali dizkidate eta banatu behar izango ditut. Madrilera joaten naizen bakoitzean, lagun batek eskatzen dizkit eta eramaten dizkiot. Gehiago eskatu behar dut (kar, kar). Egia esan ez naiz oso ardozalea, baina erantzukizun handia da horrelako izendapena jaso izana eta espero dut maila ematea.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).