Ez da urte asko oraindik erregaiak larregi erabiltzearen erruz petrolioa amaitzen doala esaten zutela batzuek, eta golpera ateratzen zirela beste batzuk hori frogatu barik zegoela esanez, eta ezin dela beldurraren teoria erabili gizartea izutzeko.
Hara non, urte gutxiren buruan, petrolio iturrien agortu ezina sutsu defendatu izan zutenek, (petrolio enpresa handien ordezkariek eta lobbyek diote petrolioa agortzen dagoela, gaur egungo energiaren kontsumo maila ezin dela ziurtatu eta lehenbailehen iturri berriak bilatu beharra dagoela.
Iturri berrien artean, zerealekin egindako energia mota berria ekoiztu behar ei da; eta ez hain berrien artean, zentral nuklearren alternatiba berrindartu. Hau guztia gorago aitatu ditugun enpresen ordezkariak eta politikari batzuk ere zabaltzen dabiltza hedabide indartsuen laguntzaz. Hori bai, ingurumenaren aldeko politika egokia indartzeko onena dela adieraziz, munduko lurralde pobreen gosearen aurka egiteko jokabiderik egokiena dela esanez.
Ez diote euren buruari galdetzen zergatik gertatzen den hau guztia. Iturri naturalak (petrolio putzuak, ura…) agortzen badira zergatik da? Gure jokabidea aldatu egin beharko denik pentsatu ere ez dute egiten.
Orain “bioerregaia†kontsumitu behar dugu, zertarako? Ingurumenari mesede egiteko, edo petrolioarekin aberasten diren berdin-berdinak irabazten jarraitzeko? Ez dute garraio eta energia kontsumoaren birplanteamendurik egin gura.
Orain petrolio putzuen jabeek “putzu-aberats†berri bat gura dute zerealen produkzioa kontrolatuz. Aspaldion munduan zehar bultzatzen den nekazal politikaren ondorioz, baserri guneak hustuz doaz, erregai hau egiteko zerealak landatuko diren tokian tokiko baserritar eta indigenak bota egingo dituzte euren lurretatik (Amazonetan gertatzen den moduan), monolaborantza areagotu egingo dute eta ekosistemaren aniztasuna oraindik ere gehiago murriztu.
Baserri gehiago galduko da, txiroenek hirietako gune pobreetara desplazatu beharko dute eta zerealak gizakiak jateko barik, mundu aberatsean (geurean), erregaia erabiltzeko ekoiztuko da.