Newroz 2008: kurduen lurraldeetatik barrena

Aikor aldizkaria 2008ko eka. 23a, 14:03
Testua: Igor Urrutikoetxea
Hartu munduko atlasa. Begiratu Turkia, Irak, Iran eta Siria banatzen dituzten lerroak, estatu hauen arteko mugak irudikatu gura dituztenak. Atlasak ez du ezer aipatuko, baina harago begiratu ezkero, Kurduen Herrialdea, Kurdistan, ikusi, sentitu eta ezagutu ahal izango duzu. Estaturik gabeko nazio handiena osatzen dute kurduek: 35 milioi kide ingurukoa. Horietatik 20 bat milioi Turkiako mugen barruan bizi dira; 8 milioi inguru, Iranen; 4 milioi, Iraken; eta beste bi milioi eta erdi, Sirian. Hizkuntza propioa dute, kurduera, eta gehienak musulman sunniak izan arren, Irango aldean bizi diren milaka batzuk sunniak ere badira. Muga artifizialek banatzen dute Kurdistan. Lau estaturen menpe dagoen herri honek zapalkuntza baino ez du ezagutu urteetan zehar. Kurdistanek petrolio, gas eta ur erretserba handiak ditu eta horrek oso lurralde gutiziatua bilakatu du aipaturiko estatuentzat. Alde egiten utzi nahi ez duten altxor bihurtu da. Kurduek larrutik ordaindu dute askatasun grina. Euren arbasoek, mediarrek, asiriarren zapalkuntza pairatu zuten Kristo aurreko urteetan, eta ondoren pertsiar domeinua egokitu zitzaien. Arabiarren erasoak ere jasan zituzten, eta 1514an otomandar eta pertsiar inperioek euren artean banatu zuten Kurdistan, 1920an, otomandar inperioa desegin zenean, Sevres-eko Itunean kurduei autodeterminazio eskubidea onartuko zitzaiela agindu zen arte. Baina hiru urte soilik behar izan zituzten berriz ere engainatu zituztela ohartzeko, Lausana-ko Itunaren ondorioz Turkiak, Britainia Handiak eta Frantziak Kurdistan euren artean banandu zutelako. Lur sail txiki batean, Mahabad-eko errepublika sortu zuten kurduek 1946an, historian izan duten estatu independente bakarra, urtebetegarrenean Iranek suntsitu zuena. Ehunka borroka, altxamendu eta matxinaden ondoren, Kudistango Langileen Alderdia (PKK) sortu zen 1978an, Abdullah Ocalan-en gidaritzapean. Alderdiak borroka armatuari ekin zion 1984an Turkiako gobernuaren kontra, eta horrek izugarrizko errepresioa ekarri zien Turkian bizi diren kurduei. Zenbaki batzuk: 90. hamarkadan 3.000 herri baino gehiago suntsitu ziren eta azken 30 urteotan 35.000 pertsona hil dira gatazka politikoaren ondorioz, preso politiko kurduak Turkian 9.000 inguru direla. 80 eta 90. hamarkadetan ere kurduek Saddam Hussein-en errepresioa ezagutu zuten Irak-eko aldean. Horrela, 1988an Halabja-n, -“Kurduen Gernika”- 5.000 zibil erail zituen Irak-eko gobernuak egun bakarrean, arma kimikoak erabiliz. Argi berria Martxoaren erdialdean Kurdistanera abiatu ginen hiru lagun, hil horretan burutu behar zen Newroz-a bizitzeko asmoz. Newroz berbak ‘argi berria’ esan gura du, eta jai horretan urte berria ospatzen dute kurduek, negua bukatu eta udaberria hasten denean. Medoek asiriarren aurka izandako garaipenaren ospakizuna ere bada, eta gaur egun pairatzen dituzten tiranietatik askatzeko gogoa ere ezkutatzen du. Horregatik du hain kutsu politiko sakona, eta horregatik debekatzen du Turkiako armadak urtero. Turkiak 200 kurdu erail zituen 1992an jai honen ospakizunean, eta aurten ere bi lagun hil eta 500 pertsona baino gehiago atxilotu dituzte herri ezberdinetan. Hamabost egun eman genituen Turkiako Kurdistanen. Van aintzirak eta izen bereko hiriak eman ziguten ongi etorria. Hiri honetatik Ararat mendiaren magalera hurbildu ginen, Armenia, Turkia eta Iran batzen diren tokira. Van-etik Hassankeyf-era abiatu ginen. Bertako biztanle asko kobazuloetan bizi dira oraindik. Izugarrizko edertasuna duen herri hau eta beste 37 herritxo presa erraldoi bat egiteko urperatu gura ditu Turkiar gobernuak. Bertako biztanleak egitasmo basati honen aurka mobilizatzen ari dira. Hassankeyf-etik Lice-ra joan ginen. Lice Turkiako armadak 1994an suntsitu zituen 3.000 herrixketako bat da. Armadak herri horietako biztanleei indar paramilitarretako kide egitea agintzen zien, PKK-ren aurka borrokatzeko. Erantzuna ezekoa bazen, herria erretzen zuten; Lice-n, gainera, 16 pertsona hil zituzten. Alkateak azaldu zigunez, herrira bueltatu dira bizitzera eta berreraikitzen dabiltza, nahiz eta bertako 4.000 biztanleak 9.000 soldadu turkiarrez gau eta egun inguratuak dauden. Job eta Abraham profeten hiria, Urfan, ere bisitatu genuen, eta Nemrut mendira joan ginen, bertako tontorraren bi aldeetan dauden Zeus, Apolo eta bestelako Jainko erraldoien estatuak agurtzera eta tontorra oraindik estaltzen zuen elurraz gozatzera. Newroz jaia Diyarbakir Kurdistango hiriburuan ospatu genuen, lurralde osotik etorritako milioi bat kurdurekin batera. Turkiako polizi eta armadaren kontrol izugarriak zeuden, eta ikurrina eramatearren identifikatu eta argazkiak atera zizkiguten. F-16 eta helikoptero militarrak etengabe zeharkatzen zuten zerua, zarata izugarria ateraz, baina oztopo guztien gainetik txondor erraldoi baten inguruan milioi bat bihotz zeunden etengabe kantatzen, dantza egiten eta buruzagi politiko kurduen hitzak arretaz entzuten. Ekitaldi politikoan DTP-ko Diayarbakir-eko alkateak eta Leyla Zanak parte hartu zuten, besteak beste. Zana emakume oso maitatua da kurduen artean, Turkiako parlamentuan kurdueraz bere herriaren eskubideen alde hitz egiteagatik 10 urte eman zituelako kartzelan. Kurduek dioten moduan, oztopoak oztopo, “newroz piroz be!” (“Newroz-a ospatuko dugu!”), eta euren Aberri Eguna eurekin ospatu ez ezik, euren lurra eta jendea ezagutu ere egin genuen. Ohore izugarria guretzat.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).