Lasaitasuna, etxean bezala sentitzea, naturaz gozatu ahal izatea... Landa turismoa modan dago eta Txorierri ez dago boom horretatik kanpo. Izan ere, baserri turismoa egiteko etxe bi eta hiru landa etxe ditugu hemen. Nieves Martinez de Morentinek Iabiti Aurrekoa baserri turismoko etxea kudeatzen du nebarekin batera, eta Nekatur elkartearen presidentea izan da orain dela gutxi arte. Bere eskutik ezagutu dugu sektore hau.
Baserri turismoa eta landa turismoa, zein da bion arteko desberdintasuna?
Desberdintasuna jarduera motan datza. Baserri turismoak nekazaritza, abeltzaintza edo basogintza jardueraren bati lotuta egon behar du eta jarduera horrek izan behar du jarduera nagusia; baserri turismoa, beraz, jarduera nagusi horren osagarria da. Landa turismoak, berriz, ez dauka loturarik inongo ustiapenekin. Ustiapena egon daiteke, baina jarduera nagusia turismo ostatuak izan behar du. Modalitate biek badituzte ezaugarri berdin batzuk. Eskualdeko ohiko baserrietan kokatu behar dira eta, etxe berria altxatzen bada, horri ere baserri itxura eman behar zaio. Ostatu txikiak izaten dira kasu bietan, gehienez 12 lagunentzako tokia izan behar dute eta landa ingurunean kokatuta egon. Jabea etxean bertan bizi da kasurik gehienetan.
Landa turismoaren hasierak...
1989. urte inguruan sortu zen kontu hau. Belaunaldi berrien erreleborik ezaren ondorioz desagertzeko zorian zeuden Euskal Herriko baserriak, eta Eusko Jaurlaritzak eta beste erakunde batzuek lehenengo urratsak egin zituzten gure ondare hau babesteko. Europako beste herri batzuetan —Suitzan, Belgikan...— martxan jarritako esperientziak ezagutu eta landa turismoa ekarri zuten aukera gisa. Halaxe sortu zen oraingo baserri turismoa. Hala ere, beste arazo batez konturatu ziren geroago: baserri askotan ez zegoen nekazari jarduerarik. Ondorioz, landa etxeak sortu ziren. Lehenengo baserri turismoko etxea Urdaibain ireki zuten 1990ean: Txopebenta. Lehenengo landa etxea ere Urdaibain ireki zen, 1998an: Arboliz.
Zer da hoteletatik bereizten dituena?
Saiatzen gara bezeroei aditzera ematen baserriko bizimodua zelakoa den gaur egun eta zelakoa zen lehenago. Gure historia, ohiturak... Eta bezeroek ere interes handia izaten dute baserrian, haren historian... Oso harreman zuzena dugu bezeroekin, eta etxean ostatu hartu duten adiskideak balira bezala hartzen ditugu. Kontuan hartu behar da landa turismoan gabiltzan gehienok baserritik gatozela, ez turismo mundutik.
Zaila da bat-batean etxea ezezagunekin partekatzea?
Hasiera batean, elkarrekin bizi ziren jabeak eta bezeroak, baina etxe gehienek aparteko sarrera daukate gaur egun. Hau da, etxearen zati bat bezeroek erabiltzen dute eta beste zatian geure etxebizitza dago. Mesedegarria da guztiontzat; osterantzean, gogorra izango litzateke. Pentsa ezazue! Egunero etortzen dira bezero berriak, eta guk ez genuke intimitaterik izango.
Txorierrin baserri turismoko etxe bi eta hiru landa etxe ditugu. Zelan ikusten duzu sektorearen egoera?
Beste eskualde batzuetan baino hobeto gaude, nire ustez. Txorierri paraje dago Bilbotik, eta aireportua eta Teknologia Parkea ere paraje ditugu. Bezeroen jario etengabea izaten dugu. Jakina, gure bezeroak ez dira berton 15 egun ematen dutenetakoak. Halakoak kostaldean nahiago dituzte oporrak eman, eta Urdaibaira edo Gipuzkoa aldera joan ohi dira. Gureak Txorierrira lan egitera-edo datozen bezeroak dira, Done Jakue bidea egiten duten erromesak, Santanderrera doazen lagunak eta gaua hemen egiten dutenak...
Beno, turistak ere izango dira...
Bai. Batez ere, uda aldean. Bilbo eta Guggenheim museoa ezagutzera etortzen dira. Eta hirian baino leku lasaiago batean nahiago dute ostatu hartu. Baina Txorierriko landa-turismoaren bezeroak ez dira turistak %100ean, ezta langileak ere. Haien bien arteko nahasketa dago. Eta gure esperientzia kontuan harturik, egonaldiak ez dira oso luzeak izaten. Guk baserri turismoko etxean izan dugun egonaldirik luzeena astebetekoa izan da.
Kalitatezko establezimenduak dira gureak?
Baietz uste dut. Etxe guztiak ondo hornituta daude, instalazio onak dituzte eta guztiek dute Internet konexioa. Zerbitzu pertsonalizatua ematen dugu eta, normalean, zure etxera datorren bezeroa eskualde honetako beste etxeetatik ere pasatu da. Eta pozik agertzen dira beti.
Desberdintasunik badago Txorierriko eta beste eskualdeetako establezimenduen artean?
Desberdintasunak ez dira eskualdeen artekoak izaten, ostatuen artekoak baino. Kasu batzuetan, etxe osoa alokatzen da eta, beste batzuetan, logelak baino ez. Alokatzeko etxe osoa jartzen dutenek asterik behin egin behar dute etxeko garbi-ikuzia. Alokatzeko logelak baino jartzen ez ditugunok, egunero. Gosaria eman behar dugu eta, bezeroek bazkaria eta afaria kontratatzen badituzte, haiek prestatu. Beste alde batetik, logela bakoitzean komuna dugu. Osoak alokatzen direnek komun bakarra baino ez dute izaten normalean, baina etxe horietara lagun-taldeak joaten dira, familiak... Beste bezero mota bat da.
Lehen hasi zara baserri turismoko eta landa turismoko etxeen ezaugarriak azaltzen: 12 lagunentzako tokia gehienez...
Beno, baserri turismoaren kasuan, plaza horiez gainera, apartamentu bat edo bi ere izan daitezke; 16 plaza egon daitezke gehienez. Landa etxearen jabeak ez du zertan etxean bertan izan bizilekua, baina baserri turismoaren kasuan bai. Gosaria egiteko zerbitzua derrigorrean eman behar da... Eta espero izatekoa denez, etxeak gutxieneko baldintza batzuk bete behar ditu: gelen neurriak, leihoenak, komunak, egongela... Baldintza horiek Turismo Sailak ezartzen ditu eta guztiak bete behar dira irekitze-baimena lortzeko.
Garestia da landa-turismoa?
Ez. Prezioa zonaren eta ematen diren zerbitzuen arabera ezartzen da. Ostatua 45 eurotan (gehi BEZa) topa dezakegu, baina baita 95 eurotan ere. Hotelek ematen duten zerbitzua eta gurea oso antzekoak dira, baina guk oso tratu xumea eskaintzen diegu bezeroei. Horregatik, nahiago dute gurera etorri. Baserri eta landa turismoetako etxeetan hotelean baino lasaiago egoten dira.
Nondik dator bezeroa?
Ohiko bezeroa Euskal Herrikoa da. Baina Internet erreminta bikaina da eta, hari eskerrak, Euskal Herriko landa turismoa mundu osoan da ezaguna. Estatuko bezeroak batez ere Bartzelonatik, Madriletik edo Valentziatik etortzen dira; atzerritarrak, hainbat herrialdetatik: Frantzia, Suitza, Belgika, Alemania, Ingalaterra, Holanda, Japonia, Korea...
Zeintzuk dira sektoreak dituen laguntzak?
Landa etxeek Landa Ingurunearen Garapenerako Sailetik jasotzen dituzte laguntzak; eta baserri turismoko etxeek Nekazaritza Sailetik. Modu independentean lan egiten dugu, baina modalitate biak Nekatur elkartearen barruan daude. Elkarteak webgunearen bidez laguntzen digu, promozioak egiten ditugu, azoketara joaten gara, aholkularitza jasotzen dugu, ikastaroak antolatu... Nekatur elkartean hiru lurraldeetako landa eta baserri turismoetako etxeak gaude; 270, guztira.
Eta zein da sektorearen gabezia nagusia?
Egon, asko egongo dira. Baina prestakuntzarik eza da inportanteena, nire ustez. Turismora beste sistema ekonomiko batetik ailegatu gara, eta badaude ezagutzen ez ditugun hainbat arlo: bezeroak nola hartu, etxea nola kudeatu, dekorazioa... Horri dagokionez, jardunbide egokien sistema lantzen gabiltza. Hura kudeatzeko sistema bat da eta eguneroko gauzekin lagunduko digu.
Modan dago landa turismoa...
Boom hori aspaldian hasi zen; guk baserri turismoko etxea ireki baino lehenago. Jendeak zerbait desberdina nahi zuen eta hura landa turismoan topatu zuen. Eta gauzak ondo egiten direnean, luzaro jarraitzen dute, gainera. Etorkizunean ere hala izatea espero dugu.
Aldaketa handirik izan da baserri turismoko lehenengo etxea ireki zenetik hona?
Sektore honetan hasieratik dabiltzanek baietz diote. Aldaketa hori nabarmena ei da bezeroengan: lehen, familiak ziren, batez ere; eta orain, bikoteak, langileak... Lehen etxearen jabearekin bizi nahi zuten ia guztiek; intimitatea nahiago dute orain.
Kuriositatez, nora joaten da oporretan baserri edo landa turismoko etxeen jabea?
(Kar, kar) Ba, edozein turistak bezala, bisitatuko duzun eskualdearen ezaugarrien arabera hautatzen duzu ostatua.
Iabiti Aurrekoa, baserri turismoko etxea
Arteaga auzoa, 13 (Zamudio)
Tel: 944522370
www.dormirbilbao.com
Nieves Martinez de Morentin: “Baserri turismoko etxea orain dela zazpi urte jarri genuen martxan. Gurasoek abeltzaintzari utzi, eta oso baserri handiarekin geratu ginen. Baserri turismoari eskerrak, zutunik mantendu ahal izan dugu baserria. Nebak lorategiko landareak ekoizten ditu gaur egunâ€
Miamendi, baserri turismoko etxea
Legina auzoa (Larrabetzu)
Tel: 944557084
www.nekatur.net
Fina Gato: “Ez geneukan etxebizitzarik, eta baserri turismoak aukera bi eman dizkigu: alde batetik, berton bizi gara eta, bestetik, negutegiaren osagarria da. Jendea lasaitasun bila dator eta etxean bezala sentitzen da. Hala esaten digute, gainera, eta eskertzekoa da. Arazo nagusia jendea erakartzeko modua topatzea da, nire ustez. Baina webgunea egiten gabiltza, eta horretan laguntzea espero dut. Etorkizuna? Gauzak ez daude ondo gaur egun, eta landa turismoa ere bide horretatik doa. Miamendi orain lau uda ireki genuenâ€.
Matsa, landa etxea
Aretxalde, 153 (Lezama)
Tel: 944556086
www.ruralmatsa.com
Sorkunde Landeta: “Landa etxea aita-amaginarrebek ireki zuten orain dela 16 urte. Astegunetan langileak izaten ditugu ostatuan, eta asteburuetan familiak-eta etortzen dira. Bezero fidelak dira; batzuk hasierako urteetatik etortzen dira landa etxera. Landa turismoa modan jarri zen orain dela hamar bat urte, eta, modek gorabeherak badituzte ere, deigarria da oraindik. Ekonomia ez dabil ondo, baina berton jarraitzen duguâ€.
Arriortua, landa etxea
San Kristobal auzoa, 29 (Derio)
Tel: 944543044
www.nekatur.net
Julen Fernandez. “Erakundeek bultzada handiagoa eman beharko liokete Bizkaiko turismoari. Txorierri oso hurbil dago Bilbotik, eta hori abantaila handia da kostaldean dauden baserri eta landa turismoetako etxeen aldean. Turistak Madriletik, Bartzelonatik eta Kanarietatik etortzen dira. Arriortua 2006an jarri genuen martxan, eta esperientzia ona izan da. Etorkizunari ziurgabetasunez begiratzen diot. Iazkoa oso urte ona izan zen, baina krisiaren eragina nabaria da aurtenâ€.
Arribeiti Zarra, landa etxea
Landatxu bidea (Erandioko Landea)
Tel: 944710491
www.nekatur.net
Gai nagusia