Malen Amenabar, Larrabetzuko bertso eskolako bertsolaria: “Bertso eskolakoei esker ailegatu naz txapelketetara”

Aikor aldizkaria 2008ko uzt. 3a, 08:36

Orain dala gitxi Lezamara joan da bizi izatera, baina Malen larrabetzuarra da izatez eta bihotzez. Ekainean Bizkaiko Eskolarteko Bertso Txapelketaren finalean hartu dau parte 14 urtera arteko kategorian, baita Euskal Herriko Txapelketan be. Bigarrena lotu zara Bizkaiko Txapelketan; eta zazpigarrena, Euskal Herrikoan. Pozik emaitzakaz? Bai. Lehenengo aldia izan da halango txapelketa batean ibili nazena, eta ez neban itxaroten. Egia esan, ez neban parte hartu gura, baina bertso eskolakoek eta irakasleak animatu ninduen. Eta hainbeste jenteren aurrean bertsotan egin ahal nebala ikusi nebanez, pozik ibili nintzan. Euskal Herriko Txapelketara ailegatu hutsagaz pozik ibili nintzan; azkena lotuz gero be, pozik izango nintzan. Bertso eskolakoei zor deutsezuz emaitza horreek, beraz. Itzel lagundu deuste. Txapelketak prestatzeko, bertsotan ordu eta erdi emon dot astero eskolan, eta eurak laguntzeko prest agertu dira beti. Kanporaketa guztietara etorri dira, eta askotan aspertu badira be, ondoan izan dodaz beti. Eurei esker ailegatu naz txapelketa bietara. Zelan ikusi dozu zeure burua txapelketetan? Urduria izan arren, oso ondo ibili naz Bizkaiko txapelketan; pentsatzen nebana baino hobeto. Ahal neban guztia emotera urten neban oholera eta ondo egin neban. Ganera, oso lagun gaztetxoak ibili ziran kanporaketetan, eta ez zan oso maila alturik egon. Finalean, barriz, maila altuagoa izan zan. Eta Euskal Herrikoan, askoz maila altuagoa. Jentetzea egoan saioa ikusten eta nahiko urduri jarri nintzan. Egun txarra eduki neban, besterik ez. Hurrengo urteko txapelketei begira... Ez dakit; 15-16 urteko kategoriara pasatuko naz, eta hor maila haundia dago Bizkaian. Nik bertsotan jarraituko dot; gero gerokoak. Bitxikeria bat: bat izan eze, guztiak izan zarie neskak Bizkaiko finalean... Lehen ez zan neskarik ikusten bertsotan; eta orain denak gara neskak. Hobeak izango gara, beharbada? Ez, ez; ez dakit (kar, kar). Nondik jatortzu bertsorako zaletasuna? Bertsozaletasun haundia dago Larrabetzun, eta ikastetxean be bertsolaritza eskola emoten genduan. Urte baten bertso-udalekuetara joan, eta bertsolaritza oso gauza dibertigarria zala ohartu ginan, lagunartean landu ahal zala... Eta iaz emon genduan izena Larrabetzuko bertso eskolan. Gakoa jardutean dago. Ekinaren ekinez asko ikasten da: bat-batean ibiltzen, lotsa kentzen, euskara bertsolaritzan erabiltzen... Urtebete bakar baten Bizkaiko eta Euskal Herriko txapelketetan hartu duzu parte; fenomenoa zara, ala? Ez, ez dot uste. Noraino ailegatzea gustatuko litxakizu? Berdin deust horrek. Nik bertsolaritzan jarraitzea dot helburu, eta ondo pasatu. Zein da zure bertsolaririk kutunena? Asko daude: Etxahun Lekue, Xabi Paya, Miren Amuriza... Bakoitzak badu bere xarma.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).