Oinatz Bengoetxea, buruz buruzko pilota txapelduna

Aikor aldizkaria 2008ko uzt. 8a, 10:06

Argazkiak: Jon Goikouria

Bengoetxeatarren seigarrena bada ere, pilotarien lehenengoa izan da aurten. Izan ere, leitzarrak buruz buruzko pilota txapelketa irabazi zuen Donostiako Atano IIIean Abel Barriola herrikidearen kontra. Txapela ospatu ezinik, finala jokatu, eta handik astebetera Sondikako Gorondabeko pilotalekuan izan dugu. Bertan jaso ditugu bere hausnarketak. Zelan Sondikako partidan? Beno, Asierren (Olaizola) kontra galdu egin nuen. Ondo sentitu nintzen, baina oso partida gogorra izan zen, bero ikaragarria egin zuelako eta lau eta erdiko partidak gogorrak direlako beti. Gainera, Asier oso ondo ibili zen. Zelan zaude? Barneratu duzu txapelduna zarela? Ondo nago. Txapela erabat barneratuta dut, bai, sinesteko ordua da-eta. Txapela irabaztea ikaragarrizko ilusioa izan da, eta oso pozik nago. Irabaztea espero zenuen txapelketa hasi zenean? Itxaropena beti duzu. Aurten gogor prestatu dut txapelketa: ilusio osoz jokatu dut, eta gauzak ondo atera dira. Pixkanaka-pixkanaka joan naiz aurrera, finalera heldu eta irabazi egin dut azkenenean. Eta finalaren aurretik? Katedrak zure kontra egin zuen apustua… Faboritoren bat egon behar da beti. Ni ez naiz inoiz faboritoa izan, ez Aimar (Olaizola), ez Asier (Olaizola), ez Abelen (Barriola) kontra. Baina normala da, orain arte haiek nik baino maila handiagoa erakutsi baitute. Zelan gogoratzen duzu finala? Oso ondo. Partida oso ona atera zitzaidan, borobila. Tanto garrantzitsuak nire alde izan ziren; beraz, oso pozik nago. Erraza izan zela ematen du kanpotik… Ez, ez, batere ez, ezta gutxiago ere. Oso partida gogorra izan zen. Nik nire jokoari ekin nion, eta gauzak primeran atera ziren. Hori izan da finalaren gakoa. Final txarra izan zela diote adituek. Ados zaude? Ez, ez dut uste finala txarra izan zenik. Bakoitzak ahal izan zuen moduan aritu zen, eta partida ona izan zela uste dut. Zergatik ibili zen hain kaskar Abel? Ez dakit. Batzuetan gertatzen da. Batzuetan primeran ibiltzen zara, eta besteetan, ez hain ondo. Zein izan da momenturik onena? Azkenengo tantoa egin nuenean. Zer etorri zitzaizun burura? Halako momentuetan ez duzu gehiegi pentsatzen. Ilusio ikaragarria... eta ametsa errealitate bihurtu dela konturatzen zara, besterik ez. Abel Barriola bezalako herrikide eta laguna menderatzea goxoa ala garratza da? Finalera ailegatzeak ilusio handia egin zidan; eta herriko baten kontra arituko nintzanez, are eta askoz handiagoa. Gutako batek irabazi behar zuen, eta ni izan nintzen. Hori da finalaren gauzarik okerrena: biok ezin dugula irabazi; hurrengo batean galtzea egokituko zait, ziur asko. Zelan bizi izan da finala herrian? Ondo. Batzuek nire alde egin zuten; eta beste batzuek, Abelen alde. Jendea pozik ibili da oro har, herritar batek irabazi duelako. Eta orain zer? Partida asko egongo dira udan. Uztailean ez dut hainbeste izan, baina abuztuan hainbat jokatu beharko ditut. Nire mailarik onena ematen saiatuko naiz. Ea lesioek bakean uzten nauten. Hori da inportanteena, arazo fisikorik ez izatea, ahalik eta partida gehien jokatu ahal izateko. Osabak pilotariak izan ziren; pilota izango duzue mintzagai etxean beti… Bai. Familian ez ezik, herrian ere bai. Inguru honetan zaletasun itzela dago pilotarako. Familia oso pozik dabil lortu dudanarekin, noski. –Izena: Oinatz Bengoetxea Berasategi –Jaioterria: Leitza (1984-08-28) –Buruz buruko pilota txapelketa irabazi zion ekainaren 14an Abel Barriolari. 22-11 izan zen markagailua Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Finalera heldu baino lehen, Iñigo Leiza, Aimar Olaizola eta Asier Olaizolari irabazi zien. –Txikitatik jokatzen du pilotan. Ez da harritzekoa, Leitza oso herri pilotazalea baita; gainera, Juan Mari, Bengoetxea III, eta Mikel, Bengoetxea IV, pilotarien iloba da Oinatz.