Gutun irekia Loiuko alkateari

Aikor aldizkaria 2008ko uzt. 23a, 09:24

Loiuko Zabaloetxe auzoko Elizondo Bidea kalean, elizaren inguruan, badira herriaren zentro historiko-artistikoa osatzen duten etxe batzuk. Herrigune txiki horrek jatorrizko baserri-nukleoaren tipologia tradizionalari eusten dio. Etxeetako bik ehun urtetik gora dute, eta Astobietabarri izenekoak Bizkaiko armarriarekin batera gure herriaren izena dauka. AIKOR! aldizkarian irakurri berri dugu Larrabetzuko gune historikoa inauguratu dutela; aurrez, gainera, multzo historiko-artistiko izendatu zuen Kultura Sailak. Irizpide horiek aplikatuz, gomendagarria eta exijitu beharrekoa izango zen Loiuko gune historikoan gauza bera egitea. Aldiz, Loiuko planteamendu berrian proposamen hau bultzatzen dabil Udala: etxeak antolamendutik ateratzea, ondoren eraisteko. Diotenez, xedea kalea lerrokatzea da, baina etxeak botatzeko aitzakia hutsa dirudi. Auzokook parez pare beste etxebizitza batzuk eraiki eta erosi beharko genituzke. Auzokook kontra gaude, eta orain bezala utzi gaitzatela baino ez dugu gura. Loiuko Udaletik garatzen ari diren hirigintza-politikekin errenta handiko biztanleria erakarri nahi da. Biztanle horiek bizigarritasun-baldintza eta baldintza ekologiko pribilegiatuak dituzten luxuzko bizitegi-ondasunak eskuratzeko gaitasuna eduki beharko dute. Baina Udala errenta handiko biztanleak erakartzeko ahalegin politiko-urbanistikoetan dabilen bitartean, uko egiten dio hirigintza-politika demokratikoak garatzeko ardurari; izan ere, ez lituzkete errenta ertain eta txikiko biztanle egoiliar historikoak ez kanporatu ez ordezkatu beharko. Atzerapen demokratikoak Gure etxeak eraisteko asmoz Udalak bultzatu duen ahalegin administratiboak desinformazioa eta auzokoek egitasmoan parte hartzeko aukerarik eza ekarri ditu, besteak beste. Alkatearekin berarekin bilduta ere, oraindik ez dakigu hau guztia nola amaituko den. Gainera, etxeetako batean egitura sendotzeko lanak burutu berri dira, Udalak eskatuta eta dagokion zerga-ordainketa eginda, eta orain dioskute bota gura gaituztela. Herriz Herri Txorierri aldizkariaren 15. zenbakian kexatu ziren Pilar Careaga Bilboko eta Loiuko alkate ohiaren hirigintza-jarduketa antidemokratikoez. Bada, oraingo hirigintza-jarduketa burutzen bada, mendeetan Loiun sortu ziren oinarri demokratiko sozialak ere ahulduko dira. Bidegabekeria hau burutuz gero, herria apur bat pobreagoa izango da. Herrien aberastasuna irizpide askori erreparatuta neurtzen da, eta ondare arkitektoniko-kulturalak gero eta pisu handiagoa du. Baina Loiun oso gutxi geratzen da jatorrizkotik. Horrexegatik saiatu behar dugu dagoenari eusten, protestatzen eta neurriz kanpoko hirigintza-jarduketak eragozten, batik bat ondarea errespetatu, handitu eta kontserbatu behar duten horiengandik datozenean. Elizondo Bidea kaleko (Loiu, Zabaloetxe) bizilagun kaltetuak