Nuria Orbea, sopranoa nazioartean, kantu irakaslea

Aikor aldizkaria 2008ko uzt. 23a, 09:33

Testua: Pospolin / Argazkiak: Nuria Orbea

Bilbon jaio eta hiri horretan hasi zen kantu eta txirula ikasketak egiten. Ostean Salburzgoko Mozarteum Unibertsitatean graduatu zen liedean eta oratorioan. Nazioarteko hainbat lehiaketa irabazi ditu eta abeslari bakarlaria izan da leku askotan. Purcellen Didosen papera egin zuen bere debutean, eta harrezkero opera askotan abestu du. Arlo sinfonikoan bere parte-hartzearen zerrenda luzea bada, lied emanaldiena amaitezina. Lezaman ibili da iazko eta aurtengo kurtsoan Teknika bokala irakasten. Nola eta zergatik “jauzi” zara Lezama aldetik? Kasualitatez. Bilboko Koraleko irakaslea nintzelarik, bertako abeslaria eta Lezamako Abesbatzako zuzendaria denak zera komentatu zidan, bazegoela pertsona talde bat, koruko abeslariak gehienak, teknika bokala ikasteko gogo handiarekin. Proiektua interesgarria iruditu zitzaidan, eta Lezamako Udalari egin zitzaion Teknika Bokaleko tailerra antolatzeko proposamena. Horrek onartu, eta hor hasi zen nire bi urte eta erdiko Lezamarekiko harremana. Zer da musika zuretzat? Arnasten dudan airea, nire bizimodua, nire lan-erreminta, nire zaletasun handia, dena. Bizitza nire zaletasunaren eta orain nire profesio bihurtu denaren inguruan antolatu dut, eta zoriontsu bizi naiz eguneroko une guztietan musikaz inguratuta. Kantatzen, eta irakasten ere, gozatu egiten dut; ez bakarrik abesten irakasten, baita musika garantzen irakasten ere, paper batean idatzitakoak forma eta adierazpena har dezan eta pertsonen arteko komunikazio hizkuntza bihur dadin. Zein da entzuteko gustukoen duzun musika? Gutxi gorabeherako musikaren zazpi mendeen artean aukeratu behar izatea oso zaila da, aro bakoitzak berez altxor handiak gordetzen dituelako. Derrigorrean aukeratu behar badut, oro har kamara musikarekin eta Bach, Mozart , Mahler edo Strauss bezalako konpositoreekin geratzen naiz dudarik barik, euren formatuaren intimismoagatik. Eta lan egiteko? Lan egiteko dena gustatzen zait. Proiektu berri bakoitzarekin gauza berriak ikastea gustatzen zait, eta aniztasun honek, hain zuzen ere, laguntzen dit musikari eta interprete moduan hazten. Nire ahotsaren ezaugarrientzako errepertorio bokal handiak, koru musika sinfonikoa adibide bat jartzearren, egokienak badira ere, edozein motatako eta sasoiko errepertorioa abesten dut, barrokotik hasita musika garaikidera arte. Zer da zure lanean gehien eta gutxien gustatzen zaizuna? Uste dut nire lanean dena gustatzen zaidala: jendearekin eta publikoarekin kontaktua maite dut, proiektu bakoitzarekin gozatu egiten dut eta lankideekin ere bai, eurengandik egunero ikasiz eta adiskide handiak eginez eszenatoki barruan zein kanpoan. Okerren bat bilatzearren, zera aipatuko nuke, musika proiektu interesgarrien urritasuna eta ideia berrien inbertsio falta programatzaileen aldetik, kontzeptu berberak behin eta berriro errepikatzen baitira. Zer hobetuko edo aldarrikatuko zenuke zuk musikaren munduan? Nire aldarrikapena musika hezkuntzaren arlora zuzentzen dut, azken bi hamarkadetan asko hobetu den arren, oraindik Frantzia edo Alemania bezalako estatuekin konparatuz oso urrun gaude. Uste dut, hezkuntzaren oinarrizko atal modura ulertuta, musikaren garrantzia askoz ere gehiago azpimarratu behar dela, eta hortik, musikaren esparru guztietan, populazioa publiko aditu edota etorkizuneko musikari bihur dadin. Ikasleak Teknika bokala tailerrean Nuria Orbea soprano eta irakaslearen batutapean ibili dira kurtso osoan teknika bokala ikasten. Gehienak Ekidazu Abesbatzako kideak dira. Denak dira musika zaleak. Ohi den bezala, kurtso amaieran ikasitakoaren eredu edo erakusgai (entzungai, hobeto esanda) txikia eskaini zuten jendaurrean Lezamako Kultur Aretoan San Joan bezperan. Hauxe izan zen eskainitako programa: - Nere Maitia (J. Aranbarri). Abeslariak: B. Goikoetxea, A. Martin eta S. Ornes (kontraltoak). - No te olvido (M. Villar). A. Zabala (tenorra) eta F. Olabarrieta (baxua). - Egun batean (J. Canteloube). M. Meabe eta P. Olabarrieta (sopranoak). - Ara non dira (J. Bellportu). X. Agirre (baritonoa) eta J. Etxebarria (tenorea). - Ume eder bat (T. Garbizu). M. Meaza, A. Pascual eta L. Portillo (sopranoak). - Maitia nun zira (Uruñuela). Abeslari guztiak publikoarekin batera. Kantaldi laburra baina gozo-gozoa izan zen, jendearen gustukoa. Hori dena, Leire Iturrioz herriko piano-jolearen laguntza eta estaldura musikal bikainarekin. Datorren urtean ere jarraitzeko asmoarekin dabiltza. Ea Pavarotti edo Caballé-ren bat ateratzen den!