Erlantz Atutxa, nekaezina: “Besteak ibil daiteze

Aikor aldizkaria 2008ko ira. 23a, 14:49
Zaila da Erlantz definitzeko hitzik topatzen. Izan ere, 19 urteko loiuztarra saltsa askotan ibili den eta dabilen mutila da. Ikus dezagun zertan. Nondik hasiko gara? Ba, hasieratik. Oso ume geldiezina nintzen, eta amak kirol mundura hurbildu ninduen, ea lasaitzen nintzen! Hortik datoz nire amets gaizto biak. Zeintzuk? Ez nekien igeri egiten, eta amak Laredoko Klub Nautikoan –udak herri horretan ematen ditugu– sartu ninduen lau urte nituela. Esperientzia txarra izan omen nuen lehenengo egunean, antza, hurrengo goizean ohe azpian topatu baininduen. Klub hori gorrotatzen dut harrezkero! Urte bi geroago tenisarekin saiatu ginen. Oso txarra nintzen, bat ere ez nuen asmatzen! Bitartean, txistua jotzen eta dantza egiten ikasten nenbilen ikastolan. Beldurra kendu diozu urari, gaur egun surfa egiten duzu eta. Ez, inoiz ez diot beldurrik izan urari; klub horretako igerilekuari baizik. Bera handiegia zen, eta ni, txikiegia. Igeri egiten ikasi nuen eta izugarri gustatzen zait. Beste alde batetik, piraguismoa egin nahi nuen, surfa barik. Baina gurasoek ez zidaten utzi, eta anaiarekin joan behar izan nuen surf eskolara. Eskerrak! Pasada itzela da olatuak harrapatzea! Kirol ederra uda emateko. Txistu eta euskal dantzen mundutik zaldien mundura egiten dugu salto. Laukarizko Klub Hipikoan hasi nintzen hamar urterekin, eta lau urte eman nituen han. Oso gustura egiten nuen kirola zen. Eta helburu handirik gabe: neugatik eta neuretzat egiten nuen, disfrutatzeko, besterik ez. Tim zaldia gogoratzen dut bereziki: bizitzan ikusi dudan lehenengo zaldi arrea da. Baina hipika utzi zenuen, euskal dantzei berriro ekiteko. Lagunengatik izan zen hori. Guztiek Loiuko dantza taldean eman zuten izena, eta nik erabakia hartu behar izan nuen: zaldiak ala lagunekin egotea. Lagunak aukeratu nituen, eta ez naiz damutu. Irmotasun handia eskatzen duen arloa izan arren, oso gustura nago taldean. Entsegu guztietara joaten ahalegintzen naiz. Taekwondoan duela zazpi urte hasi zinen... Badaukat gerriko beltza. Gerriko beltza izanda, bederatzi dan eskuratzeko aukera dago, eta nik bi dauzkat. Malgutasun handiko mutila naiz –lagunek “amorfoa” naizela diote–, eta horrek izugarri laguntzen dit saltoa egin edo ostikadak emateko or-duan. Berdin dio aurkaria metro bikoa ba-da; beti ailegatzen naiz ailegatu behar den tokira (kar, kar). Zerk erakarri zaitu kirol honetatik? Kirolak berak baino gehiago, maisuak klasean sortzen duen giroak eta zabaltzen duen lasaitasunak. Horrek klasean jarraitzera animatu nau, eta gauza asko ikasi ditut ondorioz. Lagunak ere egin ditut, eta ez nau inork hemendik aterako! Euskadiko bigarrena zara teknika arloan; noraino gustatuko litzaizuke ailegatzea? Espainiako lehenengoa izatera, baina oso zaila iruditzen zait. Arbitro bakoitzak bere irizpideak ditu eta guztiek ez dute era berdinean arbitratzen. Ibilia zara borrokan? Noiz edo noiz ibili naiz, baina oso mutil lasaia naiz eta hau da nire leloa: besteak ibil daitezela elkar jotzen. Ah, maisu ere banabil Loiuko udal ikastaroetan. Igor Yebra dantzariaren akademian izan zara joan den ikasturtera arte. Nola ailegatu zaizu aukera hori? Nire malgutasunaren berri izan zuten lehengusinaren bidez, eta, probak egin ostean, urte biko beka eman zidaten. Oso esperientzia polita izan zen eta asko eskertzen diet beka hori eman izana, baina niri ez zait dantza klasikoa gustatzen. Akademia horretara doazen lagunek buru eta bihotz ekin nahi diote dantza klasikoari; eta nik, ez. Taekwondoa nahiago dut. Emanaldirik egin zenuten? Bai, Intxaur-jauskailua, Arriaga antzokian. Egunkarian ere agertu ginen! Aldi berean saltsa askotan zabiltza eta ibili zara. Korapilatsua da guztiei aurre egitea, ezta? Ez! Uda amesgaiztoa da niretzat, ez daukadalako zer eginik. Oso pertsona aktiboa naiz, eta eguna beteta izan behar dut. Oso ordutegi egokiak eduki ditut orain arte, eta arazo barik uztartu ahal izan ditut ekintzak. Gakoa gauzak ondo antolatzea da! Ekintzak eta ikasketak. Zer ikasten zabiltza? Psikologia. Oso karrera interesgarria da, eta, gainera, unibertsitatean ikasitako gauza asko praktikan jartzeko aukera dut: taekwondo eskola ematen diedan umetxoekin, batez ere. Ingelesa ere banabil ikasten, ea Advance titulua lortzen dudan! Zer geratzen zaizu egiteko? EGA titulua lortzea –euskaltegian izena emateko asmoa dut aurten–, eta berriro txistua ikasten hastea. Hapkido borroka-artearekin saiatzea ere gustatuko litzaidake. Izan ere, erraldoia ere bazara Bilboko Aste Nagusian. Goierriko dantza taldeko batek egin zidan proposamena iaz, eta animatu egin nintzen. Pitxitxi eraman dut sorbaldan joan den urtean eta aurten. Neketsua da eta sorbaldak apur bat sufritzen du, baina dantzatzen zoaz musikarekin batera eta ondo pasatzen da erraldoiaren barruan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).