Iran herria kolorez jantzia

Aikor aldizkaria 2008ko ira. 24a, 14:44
Testua: Igor Urrutikoetxea / Argazkiak: Fernando Bilbao eta I.U.
Udan Iran ezagutzera abiatu gara lagunak. Izan ere, zer dakigu mendebaldean Iranez? Ezer gutxi; edo hobe esanda, egia den ezer gutxi. Albiste beltzak heltzen zaizkigu beti: erregimen islamiko itxia, arma nuklearrak... Gaiztoenen artean gaiztoenetarikoak omen dira irandarrak. Gezurra badirudi ere, gure herriaz esaten diren topikoak errefusatu arren, beste lurraldeez esaten direnak sinestu egiten ditugu. Komunikabideetan esaten dena Jainkoaren berba balitz bezala. Iran beltzarekin lotzen dugu maiz: petrolioaren beltza, kabiarraren beltza, emakumezkoek janzten duten chador izararen beltza, hango berrien iluntasuna… Guk, topikoen gainetik, bestelako Iran bat ezagutu dugu, kolore askotakoa. Hirurogeita hamar milioi biztanle inguruko izugarri estatu handia da Iran, eta bertan pertsiar etniako jendea nagusi bada ere, badira gutxiengo etniko nabarmenak: kurduak, azerbaijandarrak, turkmenoak, balutxiak eta abar. Bakoitzak bere hizkuntza eta kultura ditu, baita janzkera ere. Janzkera Irango ezaugarri berezienetarikoa da. Beste herrialde musulmanetan ez bezala, Iranen derrigorrezkoa da “janzkera islamikoa” errespetatzea. Emakumezkoek, bertakoek zein atzerritarrek, zapia eraman behar dute burua estaltzeko, eta gizonezkoek debekatuta dute tirantedun kamisetak edo belaunekotik gorako prakak janztea. Emakumezko askok zapia edo chador-a eramateko aginduarekin bat egiten dute, baina beste asko ere ez daude ados zapiaren erabilera inposatuarekin. Horrela, pikareska ugari darabilte emakumezko aurrerakoienek: zapia ahal duten bezain atzera jartzen dute, ilea eta orrazkera modernoak erakutsiz aurretik. Kolore bizietako zapiak ere badarabiltzate; eta makillajea, gehienek. Sexu berdintasunik ez dago Iranen, baina mendebaldean uste dugunaren kontra, Irango emakumeak gizartearen eragile aktiboak dira: unibertsitateko ikasleen %65 inguru emakumezkoak dira, gidatzen edo beharrean ere ikus ditzakezu, banketxeetan, telebistan, medikuntzan edo irakasle, beste lanbide batzuen artean. Pribilejioa atzerritarrarentzat Beste alde batetik, Iran oso lurralde merkea, modernoa eta ziurra da, nor bere kabuz bidaiatzeko. Gu trenez eta autobus publikoetan mugitu gara, arazorik gabe. Komunikabideek helarazten duten irudi desitxuratuaren ondorioz, turismo gutxi dago eta lurraldeaz ia bakarrik disfrutatzea pribilejioa da atzerritarrarentzat. Izugarri toki politak gordetzen ditu bere baitan. Ezagunenak Persepolis eta Isfahan dira, beharbada. Lehena K.a. V. mende eta K.o. IV. mendearen bitartean akemenidar zibilizazioaren erdigunea izan zen hiri historikoa da. Bertako eraikin eta inskripzioak ikustea esperientzia zoragarria da, eta imajinazioak mendeetan atzera eramaten zaitu nahigabe, haitzetan horrelako irudiak eta hilerriak nola egin zitezkeen zeure buruari halabeharrez galdetzen diozunean. Eta nola deskribatu Isfahan? Iman Jomeini plaza erraldoia da hiriko bihotza, inoiz ikusi dugun politena. Bertan Imanaren Mezkita, Sheikh Lotfollah mezkita eta Ali Qapu jauregiak daude, zein baino zein ikusgarriagoak. Baina Isfahanera egindako bisita ez da osoa izango, Zayandeh ibaian zehar dauden eta mendeetako historia duten zubietatik ez bazabiltza eta euren azpian dauden te-etxeetan aterpe hartzen ez baduzu. Teheran hiriburuko kaosak zoratu egingo zaitu. Hamabi milioi biztanle ez dira edonon sartzen. 1979. urteko iraultzaren ondorioek bizi-biziak diraute hiriburuko bi tokitan, batik bat Estatu Batuetako enbaxada ohian, gaur egun Irango armadaren egoitza eta yankee-en aurkako pintadez hornituta dagoen horretan, eta, bestalde, Jomeini Imanaren Mausoleoan, oraindik eraikitzen dabiltzan monumentu erraldoian, Jomeiniren gorpuzkinak gordetzen dituena. Bertara sartzea, jendea otoitz egiten ikustea eta giroa ikuskatzea esperientzia biziki interesgarriak dira. Altxorrik preziatuena: jendea Baina Iran Jazd oasi-hiria ere bada, dena adobez eraikia eta Zoroastrok sortu zuen erlijioaren jarraitzaileen, suaren miresleen, pelegrinazio gune nagusia, bertan dagoelako V. mendetik amatatu gabe irauten duen sugar sakratua. Iran Bandar-e Abbas eta Hormoz irla ere bada, Pertsiar Golkoan kokatua, desertuaz inguraturik, arabiar gutxiengoen kokaleku eta non bertako emakumeek koloretako maskarak erabiltzen dituzten ezaugarri estetiko gisa. Dena dela, Iran ez da soilik desertua. Oso zonalde menditsuak ditu ipar eta erdialdean. Hor topatuko duzu Kurdistango “Irango” aldea, non 8 milioi kurdu bizi diren, kurderaz mintzo direnak. Turkian edo Sirian bezala, kurduek han ere errepresioaren biktima jarraitzen dute izaten, euren eskubide politikoen alde borrokan dirautelako. Baina euren hiriburua den Sanandaj-en, Marivan-en edo Howraman-en atzerritarra eskuzabal hartzen dute. Bizipen asko emango dizkizu Iranek, baina agian gomutagarriena udan parke batera zoazenean, egun pasa bertan dauden familiak zu agurtzera eta eurekin tea hartzera edo jatera gonbidatzean izago duzu. Berehala hasten dira barrezka eta berbetan kanpotarrarekin. Iran estatuko altxorrik preziatuena horixe delako: bertako jendea, sekulan ezagutu ditugun herririk abegikorrenak bizi direlako munduko puska honetan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).