Sabin Ugarte, “Ezin naiz musikarik gabe bizi”

Aikor aldizkaria 2008ko ira. 24a, 14:51
Testua: Pospolin
Sabin Ugarte Dobaran, Erandio Goikoan jaio zen orain dela ... urte batzuk, baina aspalditik bizi da Sondikan. Bere aisialdian familia eta lagunekin egotea gustatzen zaio, baina hori baino oraindik gehiago musika mundua. Esaldi honekin zabaldu digu elkarrizketa: “…musika ezinbestekoa da nire bizitzan, entzuteko eta jotzeko”. Argi dago musikazale amorratua zarela, baina zer egiten duzu zuk musika arloan? Zer entzuten duzu, zer jotzen duzu? Taberna Ibiltariako partaidea naiz lau urterik hona eta perkusioa jotzen dut. Hortik aparte, inguruan dauden rock kontzertuetara joaten ahalegintzen naiz urte barruan, Bilbora, Gasteiza… Interneten musikaren inguruko foro batean ere bagaude Asier Bidaurrazaga sondikarra eta biok. Noiztik eta nondik datorkizu musika zaletasuna? Txiki-txikitatik. Niri betidanik gustatu izan zait zelan edo halan perkusioa eta bateria jotzea. Eskola garaian pupitre gainean eskuekin joz edo amari tuperwareak “ostuz” ibiltzen nintzen. Gero, 17 urterekin edo, Derioko Seminarioan sortu zen Zakil taldearekin hasi ginen berbenetan zehar. Aurrerago, 90eko hamarkadan Alproja rock taldearekin ibili nintzen eta orain Taberna Ibiltariarekin. Zein da, zure ustez, musikaren “osasuna” Sondika aldean? Badaude abesbatzak, akordeoi taldeak... Hortik aparte, ez ditut ikusten gazteak ezer egiten arlo honetan. Tabernetan ere gero eta ohitura gutxiago dago kantatzeko (herri guztietan), baina, hala ere, koadrilaren bat badabil noizbehinka poteatzen eta kantatzen. Taberna Ibiltariak ere hor dauka bere erronka. Zeintzuk dira zure etorkizunerako proiektuak musika munduan? Zazpi urte dira Taberna Ibiltaria sortu dela, euskal kantutegi popularra tabernetara eramateko asmoz. Letrak banatzen ditugu eta denok elkarrekin, jendeak eta geuk, abestu egiten dugu, eta horretan jarraitzeko asmoa dugu. Orain dela urtebete Dublinen egon ginen kantatzen kalerik kale,pubez pub. Etorkizunerako helburu argi bat daukagu, bi urte barru Boisera joatea, munduko euskal etxeak han biltzen baitira eta bertan egon nahi dugu kantatzen. Hurrengo baterako eta sakonago ezagutzeko utzi beharko ditugu musika talde honen “ibilteak”. Interesgarria eta aberatsa, benetan, egiten dutena!

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).