Enrique Otegi eta Angel Mourelle, Jehovaren lekukoak: “Bibliak diona betiko da”

Aikor aldizkaria 2008ko ira. 24a, 15:12
Testua eta argazkia: Gaizka Eguskiza
Txirrinak jo; Jehovaren lekuko bat dago atarian. Berarekin hitz egin eta gero, Bibliak esaten duena eguneroko bizitzan islatzen dela konturatzen zara. Normalean horrela batzen dituzte “anaiak” fede kristau horretan, eta Enrique Otegi eta Angel Mourelle ez dira salbuespena. Eurak Txorierrin dauden 40 Jehovaren lekukoetakoak dira. Aurreiritziak gaindituz, Aikor! aldizkaria hurbildu zaie. Aspaldian zaudete Derion, ezta? Bai, duela 34 urtetik hona, hain zuzen ere. Guztira, 40 lagun biltzen gara astean hiru aldiz. Batzarretan Biblia irakurtzen dugu eta horrek diona erabiltzen saiatzen gara eguneroko bizitzan sortzen diren egoeretan. Zapatuetan baten batek hitzaldiren bat botatzen du. Ez dugu apaizik eta txandaka hartzen dugu parte ospakizunean. Sondika eta Deriotik etortzen gara, batez ere. Nolako antolamendua du elizak? Guztiok gara berdinak eta “anaiak” esaten diogu elkarri. Salbuespenak “nagusiak” dira; maila hori ez du adinak ekartzen, baizik eta Biblia primeran ezagutzeak. Aholkulari jarduten dute. Dena dela, aginpidea duen bakarra Biblia da. Eta “nagusiek” Bibliak esaten duena baino ez dute esango. Zuen ezaugarri ezagunetako bat etxez etxe Ebanjelioaren berri ematea da. Zergatik egiten duzue? Guk Kristok esandakoari jarraitzen diogu. Berak esaten zuen Ebanjelioa jakinarazi behar zela. Katolikoek kanpaiak jotzen dituzte jendea hurbil dadin. Gure ustez, ostera, etxez etxe joan beharra dago jendearen bila, hasierako kristauek egiten zuten moduan. Guretzat erronka da. Alde batetik, oso gogorra da, zure denbora librean kaletik ibili behar delako, eta batzuetan jasotzen ditugun erantzunak desatseginak direlako. Hala ere, goxoa ere bada, batzuetan hitz egiteko norbait aurkitzen dugulako. Zelan tratatzen zaituztete txorierritarrek? Askok aurreiritziak dituzte hedabideen eragina dela-eta, baina Txorierrin primeran onartzen gaituzte. Hiri handietan, berriz, ezberdina da batzuetan. Dena dela gizartearen parte sentitzen gara, baina uste dugu helburu ezberdinak ditugula. Duela 25 urte edo, zailagoa zen. Gainera, gu gero eta gehiago gara. Estatuko biztanleen artean jende gehien biltzen duen hirugarren erlijioari jarraitzen diogu: 150.000 gara Estatuan, eta guztiok aktiboak. Beraz, Jehovaren Lekukoen 150.000 apaiz garela esan daiteke. Kristauak zarete, baina zerk bereizten zaituzte? Ezberdintasun asko daude eta zaila da guztiak esatea. Hasiera batean, Eliza katolikoak jaungoiko paganoen adorazioaren aztarnak egokitu zituen, ahalik eta jende gehien erakartzeko. Greziarren eraginez, esaterako, katolikoek uste dute arima hilezkorra dela. eta gu ez gaude ados. Gure ustez, Biblia da Jaungoikoaren hitza, hau da, egia. Eta bide horretatik ez doanarekin ez gatoz bat. Sinesmenei dagokienez, ez dugu sinesten Hirutasun Santuan: gure iritziz, Jaungoikoa bakarra da. Era berean, Amabirjina ez dugu adoratzen; uste dugu Kristo maisua dela baina ez Jaungoikoa, Bere semea baizik… Gainera, ez dituzue Gabonak ospatzen... Ez bazkaririk, ez oparirik, ez ezer. Inork ez daki ziur Kristo noiz jaio zen. Erromatarrek Saturnoren jaiak ospatzen zituzten, eta lehen esan dugun moduan, kristautasunean tradizioaren sinesmenak egokitu egin ziren, erlijio zabaltzeko eta herritarrak erakartzeko. Gabonak jai paganoak dira, gure ustez. Hala ere, azken afaria ospatzen dugu nissanaren 14an, egutegi judutarraren arabera. Aste Santuan izaten da gutxi gorabehera, eta edozein egunetan izan daiteke. Batzen gara eta hitzaldi berezi bat botatzen da. Lekukoei buruz aritzean gehien aipatzen den kontua odol transfusiorik ez onartzea da. Zergatik egiten duzue? Bibliak odola bizitza bezalakoa dela adierazten duelako. Baina norberak erabaki behar du zer egin. Horregatik ez dugu anairik txokoratuko. Dena dela, transfusioak ez dira uste bezain beharrezkoak. Medikuentzat, askotan, erarik errazena da tratatzeko. Gaur egun arazorik ez dugu normalean, medikuekin odolik ez erabiltzeko protokolo asko sinatuta baititugu. Guk ez dugu hil nahi, argi dago, eta tratamenduen bila gaude. Hedabideek esaten dute fanatikoak garela. Baina ez da egia, osasuna primeran zaintzen dugu, Jaungoikoak gorputza gure tenplua dela diolako. Eta ariketa fisikoa egiten dugu, osasuntsu jaten dugu…. Biblian oinarritzen dituzue sinesmenak, ezta? Liburua duela milaka urte idatzi zen, baina aldaketa asko gertatu dira harrezkero… Oraindik balioa du? Duela 2.000 urte ez zegoen ordenagailurik eta Bibliak ez du horren inguruan hitz egiten, ezta industria edo ekonomiari buruz ere. Bibliak, aldiz, moral-kontuak edo Jaungoikoarekin izaten diren harremanak jorratzen ditu, besteak beste. Eta duela 2.000 urte zeuden beharrak eta gaur egun daudenak berberak dira; hau da, guztiok lan on bat izan, eta osasuntsu eta familiarekin pozik bizi nahi dugu. Bibliak dio elkar errespetatu behar dugula, berdin dio zein egoeratan. Bibliak botatzen dituen oinarriak indarrean zeuden lehen, gaur egun ere badaude indarrean, eta beti egongo dira. Guri leporatzen digute Biblia literalkiegi ulertzen dugula. Eta literalak izan bagara, baina ez hitzekin, ideiekin baizik. Zaintzeko dorrea Charles Taze Russellek Jehovaren lekukoen eliza sortu zuen Estatu Batuetan 1875ean. Gaur egun, zazpi milioi lekuko daude 236 herrialdetan. Kristauak izan arren, sinesmen ezberdin batzuk dituzte lekukoek: ez dute umerik bataiatzen; elizetan ez dute gurutzerik, ezta irudirik ere; ez dute parte hartzen gatazketan edo politikan; eta odol-transfusiorik ez dute onartzen, besteak beste. Egoitza nagusia New Yorken dute. Bertan Watchtower (zaintzeko dorrea) elkartea dago, hau da, euren erakunde administratiboa. Horrek antolatze lanak egiten ditu. Izan ere, Jehovaren lekukuek zenbait argitalpen kaleratzen dituzte. “Adituak daude elkartean; ez Jaungoikoaren ordezkaririk, Vaticanon gertatzen den moduan”, azaldu du Angelek.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).