Koldo Bilbao, Bizkaiko behi-aziendaren haragi alkarteen koordinatzailea: “Ezinbestekoa da Zamudioko txapelketea”

Aikor aldizkaria 2008ko urr. 24a, 09:08
San Martin jaiakaz batera Limusin txapelketea be egiten da Zamudion. Lehiaketa garrantzitsua da Estatu mailan eta Euskal Herriko limusin arrazako behi eta zezenik onenak jarten dira ikusgai bertan. Koldo Bilbaoren eskutik ezagutu doguz txapelketearen gakoak. Zelango garrantzia dau Zamudioko lehiaketeak? Ezinbestekoa da. Espainiatik be etortzen dira abeltzainak eta txundituta lotuten dira plazea, azpiegiturak eta abereak ikusten dabezanean. Zergaitik Zamudion? Hainbat arrazoigaitik: txapelketeagaz batera azoka haundia egiten da; Bilbotik hur dago; komunikazinoak onak dira; eta Udalak lehiaketearen aldeko apustu itzela egin dau. Zeintzuk ezaugarri dauz limusin arrazak? Mundu osotik zabaltzen ari da. Arraza Frantziatik dator eta garrantzitsuenetarikoa da han. Bizkaiko alkartean 54 abeltzain eta 1.859 buru dagoz. Limusinak erraz erditzen dira, eta horrek kezka gitxiago ekartzen deutse abeltzainei. Izan be, behiek urtean behin izaten dabez txahalak. Ustiategiak txikiak dira Euskal Herrian eta, ondorioz, Hobekuntza Genetikoaren plangintzak abeltzainen jarraipena egin leike. Beste leku batzuetan, ostera, behi asko dagoz eta ezinezkoa da. Beste alde batetik, haragi asko emoten dabe limusinek, eta primeran egokitzen dira edozein ingurunetara. Zeri begiratzen deutsie epaileek lehiaketean? Buruek limusinaren ezaugarri fisikoekin bat egin behar dabe: kolorea, neurria, altuerea, luzerea, zabalerea, bizkarra zuzen dauen ala ez eta pelbisaren zabalerea. Ganera, haragitarako behiak diranez, zama zabala eta ipurmami handia izan behar dabez, baita hanka indartsuak be. Beste alde batetik, abere mantsoak izan behar dabe, plazara atera ahal izateko, jendetza, argiak, zaratea eta abarrak egongo dira-ta bertan. Beraz, abeltzainak aldez aurretik egin behar dau lana, animaliak ohituteko. Azken finean, miss lehiaketa baten modukoa da: behiak desfilea egin eta politenak irabazten dau. Zergaitik esan dozu arrazea hobetzea garrantzitsua dala? Lehiaketara joaten diranak arrazea genetikoki hobetzeko plangintzen barruan dagoz. Arrazea hobetuteko, intseminazinoa erabilten da. Aiako zentro baten abelbururik onenak aztertzen dira ingurune berean, ondoen zein hazten dan jakiteko. Azterketa hori gainditzen dabenak Espainiako enkanteetara eroaten dira. Bertoko behiek prestigio haundia dabe eta, beraz, ez da harritzekoa saririk gehienak euskaldunek irabaztea. Teknologia abeltzaintzan be sartu da... Bai, teknologia erabilten dogu ustiategia hobetzeko; intseminazino artifizialaren bitartez, adibidez. Intseminazinoa Aberekin Derioko zentroan egiten da, besteak beste. Bertan zezen frantziar onenen hazia erabilten dabe. Gure animaliak genetika zein osasun mailan punta-puntakoak diranez, Estatura saltzeko aukerea dogu. Krisialdia askoz gordinagoa da abeltzaintzan? Esparru hori aspaldian dabil krisian. Gaur egun, abeltzainik gehienek beste lanen bat dabe eta abeltzaintza diru sarrera osagarria da, baserrian bizi baitira. Kobratzen dabena orain dala 20 urte kobratzen ebena da, nahiz eta ekoizpena, gasolinea edo garraioak askoz garestiagoak izan. Beraz, txahalak gizentzea ez da errentagarria. Halanda be, prestigio haundia dogunez, animaliak ondo saltzen dira.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).