Lezamako Pelota Alkartea: Lau hamarkadako arrakast

Aikor aldizkaria 2008ko urr. 24a, 13:59

Testua eta argazkiak: Popspolin

1972. urtean sortu zan Lezamako Pelota Alkartea, herriko pelotari eta pelotazale batzuen ekimenez. Harrezkero su eta ke ibili dira beharrean pelotaren alde, Lezama kirol honegaz estu-estu betiko lotu arte (eta ez futbolagaz, batzuk uste daben moduan). Juan Mari Dañobeitia hasieratik dabilen historikoagaz eta Jaime Uriarte az-ken 16 urteotako presidenteagaz egon gara. Joan dan gizaldearen hasikeran eraiki zan frontoia Lezaman, herriko tabernaren ondoan, Hilario Astorkik emoneko lurretan. Herriaren erdi-erdian egoanez, laster zabaldu zan pelota za-letasuna ume, gazte eta nagusien artean, belaunaldiz belaunaldi gaur arte etorri dana. 1954. urtean, gitxi gora behera, zenbait txapelketa (herrikoa, eskualdekoa, profesionalak…) antolatzen zituen pelotazale komisio bat eratu zan (Jon, Markel, Loren, Rementeria, Josu, Bustinza…). Gorabehera batzuk sufridu ondoren, orain dala 26 urte sortu zan gaur dabilen pelota alkartea. Bere urte osoko zereginen artean (Uribe-kosta, herriko paleta txapelketea, udabarrikoak, eskolen artekoa, Andramarietako festibalak…), bi dira aipagarrienak: Eskualde Txapelketea eta Pelota Eskola. Pelota Eskolak 40 bat ume batzen ditu oraintxe bertan monitoreen esanetara. Bertan be izan dira gorabehera handiak; krisi sasoiak eta urte oparoak, 80 ume baino gehiago izateraino. Jaimek eta Juanmarik dinoskuenez, batzordearena baino as-koz be inportanteagoa da begiraleen beharra, pelota irakasle onak izateaz aparte, animadoreak eta ume zaleak izan behar dabelako. Euren artean, kanpotik edo federazinoak itxitakoak baino, pelotariak izanekoak eta herritarrak ditue gurago. Hainbat izan dira urte honeetan; eta onak, ganera: Juanmari, Bitortxu, Marci, Honorio, Iker, David, Ander, Iñigo, Txaber, Markel… Asteroko lan horren emoitza pozgarriak, beste askoren artean, honexek dira: umeek kirola egitea, pelota zaletasuna bultzatzea, “Vasconavarroa” bitan irabaztea, Eskola arteko Txapelketea (1979) eta, batez be, Bizkaiko Herri arteko Txapelketean 6 final jokatu eta 3 irabaztea (Ortuellaren kontra 1997an, Markinaren kontra 1999an eta Usansoloren kontra 2004an). “Horrelakoetan, herri osoa frontoian pozik ikusita, itzelezko poztasuna sentitzen dogu eta neke guztiak ahaztu egiten dira. Meritu haundia da gure moduko herri txiki batentzako”. Eta aurrerantzean zer? Oraingo batzordeak jarraituko dau gazteen erreleborik ez datorren artean, ilusio handiz jarraitu be. Ondo konpontzen dira euren artean eta batzuetan nekatuta egon arren, prest dagoz pelotaren alde egiteko, momentu hau krisi momentua izan arren. Hauxe bakarrik eskatzen dabe: laguntza apur bat gehiago gurasoen aldetik, inplikazino haundiagoa. Eta ez elkartean sartzeko edo lan egiteko (hori be ondo etorria litzatekeen arren), euren umeak frontoira eroateko eta zaletasuna bultzatzeko baino, zikeran be pelota mundua ezagutu barik beste kirol batera joan ez daitezen. Eskualde txapelketea, Euskal Herriko onenetarikoa Euskal Herrian antolatzen diran txapelketen artean, Euskal Pelota Federazinoak onenetarikotzat dau Lezamakoa, Elgeta eta Zaldibarkoa-kaz batera. Txapelketeak 50 urte be-te ditu aurten, eta zenbaki potolo eta borobilari zeozer berezia egin gura deutsie Pelota Alkartekoak: aurten be txapelketa on bat antolatu eta 50 urteko historia, testigantzakaz eta argazkiekaz, liburu baten batuta itxi. Hona hemen horren la-burpen labur-laburra. Urteren baten egin ez bada be, 1954an egin zan lehenengoz eta aurtengoa 50. edizioa izango da. 1965era artekoa izan zan txapelketearen urrezko aroa: Beitia, Alvarez, Jadrake, Elvis, Alegria, Zerain, Albizuri anaiak, Arrien, Cervera, Juanito Del Val… eta orduko pelotaririk onenak. Frontoia ganezka egoten zan, trenean edo bizikletaz etorten zan jentea herrira. Ospe haundia hartu eben Lezamako frontoiak eta bertan domeka eguerdietan jokatzen ziran partiduak, angelus eta guzti. Txapel bat be pasatzen zan jente artetik pelotariei ordaindu ahal izateko. 1965-72 urteetako krisialdia igaro ondoren, kirolez kanpoko arazoen erruz, barriro berbiztu zan txapelketea, 1972ean Pelota Alkarte sortu barriaren ekimenez: Barañano, Atxa, San Roman, Elkoro, Imaz, Artola eta beste asko, baita Lezamako Jesus, Juanmari, Luismari, Honorio eta abar. Oraintsuago, beste pelotari belaunaldi batzuk be jokatu dabe txapelketa honetan: Ansola eta Esnaola txapeldunak, Errazti, Almandoz, Otxandorena, Joseanjel, Atxu-tegi, Artetxe, Oliden, Retegi Bi, Arretxe II, Txaber, Asier (txapelketea irabazi dauan lezamar bakarra) eta beste abar luze bat. Eskualde Txapelketa honen maila adierazteko hauxe da beste datu interesgarri bat: urte berean parte hartu eben zazpi pelotarik debuta egin eben profesionaletan (Ba-rriola, Aimar, Pablito, Azkarate, Galarza VI, Goñi III eta Elkoro). Laburtzeko, zera esan daiteke: urtero-urtero momentuko afizionadu mailako pelotaririk onenetarikoek parte hartzen dabela. Baina ez da erreza hau lortzea, batez be pelotari onenak beste txapelketa batzuetan be parte hartzen dabelako sasoi berean eta antolatzeko datak finkatzea oso gatxa dalako. Halandabe, gehienetan bezala, aurten be etorkizuneko pelotariak, gazte mailan 16 bikote eta nagusi mailan beste hainbeste, dagoz konbidatuta. Txapelketeak lau hilabete iraungo dau, azarotik otsailera; guztira partidu biko 15 festibal jokatuko dira, beti bariku iluntzez eta kanporaketa sistemagaz. Lezamako Udalaren laguntza ekonomikotik aparte, EITBren laguntza be eskertu gura dabe antolatzaileek, aspaldiko urteetan finala telebistaz emoten dalako. Eta, zer esanik be ez, herritarrok be asko eskertzen dabe txapelketea hau, pelota partidu politak ikusiz ganera, barikuetan giro berezia sortzen dalako herrian. Ia lezamarrok eta txorierritarrok frontoia betetzeko kapaz garan! Zorionak Pelota Alkarteari!