Agrupación Coral Alcorisana abesbatza aurtengo Andramarietan Lezamara etorri bazen, Ekidazu Abesbatzak bisita itzuli eta Teruelgo Alcorisa herrira joan zen urriaren 18an, bertako koruarekin batera kontzertu bat ematera. Esperientzia zoragarria eta aberasgarria izan da!
Bezperan autobusean irtenda, heldu ginen koru kideok eta lagun batzuk Alcorisara; 3.300 biztanle inguru dituen ‘Bajo Aragón’ eskualdeko herrira. Han egon ziren Benito, Jose Mari eta bertako koruko beste dozena bat antolatzaile itxaroten, hiru egunerako gure etxea izango zen Udal Aterpean afari gozoa prest-prest zeukatela.
Asteburu luzea igaro genuen, aurretik zehaztasun handienarekin prestatutako programa bizi eta bete arte, ia-ia dutxatzeko astirik gabe. Larunbateko iluntzean musikaldia eskaini aurretik, hauek bisitatu genituen: Alcañizeko Calatravatarren gaztelua eta udaletxe azpiko elurtegia; Calaceite erdi aroko herri ederra eta zaindua, bertako alkateordearen azalpen jakintsu zein beroen eskutik; eta Valderrobres estilo bereko herritxoa. Iberoen zein mairuen eta Espainiako Gerra Zibileko aztarnak nonahi, harea-harrizko armarridun etxe dotoreak, historiaz beteriko kale estuak, idazle aurrerakoi famatuen tertuliarako ezkutu-lekuak eta bizilekuak, Buñuel zinemagilearen jaiotetxea, mediterraniar trilogia (olibondoak, almendrondoak eta mahatsondoak) betetzen duten lur eremu zabalak, eta abar.
Iluntzean, jendez beterik aurkitu genuen Alcorisako San Sebastián eliza-auditorio-museoa, Aragoiko eta Euskal Herriko kantak entzuteko irrikaz. Aragondigital komunikabideko kazetariak ere etorri ziren (www.aragondigital.es/asp/noticia.asp?notid= 52023). Alcorisa eta Lezamako bi neska-mutil gaztek proposatutako adiskidetze iniziatibaren kultur ekitaldi nagusia burutu zen iluntzean, bi kulturen folklore musikala ezagutzeko aukera politean: Alfonso Xgarrenaren Cantiga, Aragoiko jotak, Maitia non zira, Aldapeko, Euskaldunak… Opariak elkarri banatu eta La gran jota de la Dolores batera abestu ondoren, afaldu genuen bertako Udalaren gonbitez.
Hurrengo egunean gehiago: sakonki errotuta duten Aste Santuko tradizio eta folklorearen erakusgarriak, dokumentala eta eskulturak, kalbario-mendira ibilalditxoa, eta aipamen berezia merezi duen “herri eskolaren†museoa ere bai… Bertako produktu gozo-gozoz egindako bazkaria zezen plazan, kantuak, dantzak, besarkadak, agurrak… eta etxera.
Esperientzia ederra eta aberasgarria izan da. Jatorrak dira, bai. Itzel ondo tratatu gaituzte, larregi, momentu batez ere geure albotik aldendu barik eta euren onena erakutsiz eta eskainiz. Hau ez da horrela geratuko!