Alberto Iñurrategi, mendizalea: “Mendia errekor

Aikor aldizkaria 2008ko aza. 19a, 15:27

Argazkiak: A.I. eta Lagatzu

Alberto Iñurrategik ‘Begiz Begi’ dokumentala aurkeztu zuen urrian Zamudion. Mendizalearen hirugarren lana da, eta oraingo gure bidaiatzeko moduari buruzko gogoeta eragitea du helburu. Gustura izan zara Zamudion? Oso. Herri eta areto txikietan giro gozoagoa sortzen da, nire ustez, eta galdera-erantzunetarako tarte hori ere aproposagoa da. Hartu-emana askoz zuzenagoa da. Joan den urtean ere Zamudion izan ginen Gure Himalaya lanarekin, eta Begiz Begi dokumentala haren osagarria da. Lanaren irakurketa beste osotasun batekin egin daiteke, ondorioz. Kritika nagusi da dokumentalean. Mendizaleen ikuspegitik egindako autokritika da. Aspaldi honetan nahiko joera kaskarrak ari dira indartzen, eta Hirugarren Mundura bidaiatzen dugunean, errespetu falta nahiko handiaz ibiltzen gara. Mendizaletasuna asko aldatu da, beraz, hasi zinenetik hona? Bai. Azken boladan, kirolak nolako garrantzia hartu duen eta kirolaren arrakasta zelan tratatzen den begiratu besterik ez dago horretaz jabetzeko. Begiz Begi lana ildo horretatik doa. Dokumentala herriz herri zabiltza aurkezten, espero zenuen eragina izan du ikusleengan? Espero baino handiagoa. Leku askotan ez da galdera-erantzun sorta handirik sortzen, baina uste dut, lana ikusi ostean, jendea bere buruari galdezka irten dela aretotik. Eta hori da, hain zuzen ere, dokumentalaren helburua. Hau ez da zure lehenengo lana. Aurretik Hire Himalaya eta Gure Himalaya egin dituzu eta Oinak izarretan telebista saioaren kapitulu batzuk ere zuzendu dituzu. Zelan moldatzen da mendizalea kamara atzetik? Beti izan dugu irudietarako zaletasuna, eta, espedizioetatik bueltan, mendian bizi izandako esperientziak kontatzeko joera izan dugu hasieratik. Argazki-makinarekin erosoagoa sentitzen naiz bideokamerarekin baino; hala ere, ni ez naiz argazkilari profesionala, eta are gutxiago dokumentalista profesionala. Horregatik, bakoitza bere esparruan ona den profesionalekin lan egiten saiatu naiz beti. Kasu honetan, Koldo Izagirre idazlearen laguntza estimagarria izan dut, eta Diapolan enpresarena ere edizio lanetan... Eta hori emaitzan nabaritzen da. Ni bakarrik ez nintzateke gai izango halako lan bat burutzeko. Munduko hamalau zortzimilak burutu ostean, proiektu pertsonalagoetan murgildu zara. Non dago erronka? 1999tik 2002ra bitartean buru-belarri ibili nintzen zortzimilen zerrenda osatzen, nolabaiteko presioa nuen-eta. Baina zerrenda hori osatzeko orduan ere saiatu naiz betiko espirituari eusten. Hau da, gauzak ez egin zelan edo halan, baizik eta gutxieneko estilo bati eutsiz. Eta filosofia horrekin jarraitzen dut gaur egun: erronka berriak bilatzen, gauza bereziak egiten saiatzen... Ez zara errekorren laguna... Izan ere, mendia hori baino zerbait gehiago da niretzat; markak jartzea baino askoz inportanteagoa... Eta nik bide horretatik jo nahi dut. Zer da mendira lotzen zaituena? Elementu ezberdinek osatzen dute harreman hori. Onartzea kostatzen bazaigu ere, mendizaleok errekonozimendua behar izaten dugu jendearen aldetik. Eta horri milaka elementu gehitu behar zaizkio: arriskuaren erotismoa, esfortzuaren nekea, bidaia, harremanak….Errekonozimendua ezin da izan mendia egiteko indar nagusia. Berezko espiritua galdu du gaur egungo mendizaletasunak? Mendizaletasunaren joera garbiak estilo alpinotik ahalik eta hurbilen egon beharko luke, nire ustez; hala ere, gaur egun indarrean dagoen joera bestelakoa da: oxigenoa erabiliz eta sherpak eramanez, mendietara ahalik eta masifikatuen dauden bideetatik igotzea... Gailurrekin itsututa gabiltza, mendiak gailurra ez ezik beste edertasun batzuk ere badituela konturatu gabe: soka lagunak, bidea, estiloa... Proiekturik esku artean? Bueltaka gabiltza ideia batekin, baina datorren urteari begira. Beraz, astia egongo da horri buruz hitz egiteko.