Larrabetzuko Bihotz Bakartien Klubeko ‘Katamaloâ

Aikor aldizkaria 2008ko aza. 19a, 15:48
Testua: Gaizka Eguskiza; argazkiak: BBK
Oihala erori da; argiak amatatu dira. ‘Katamalo’ proiektua bertan behera gelditu da behin-betiko. Kideek aurreikusita eben arren, harritu egiten dau lortutako arrakasta kontuan harturik. Txorierriko partaideakaz, Aintzina Lekue, Gorka Mugarza eta Gotzon Barandiaran, egin dogu berba horren inguruan. Zaleei disko bi eta hainbat gogorapen itxiten jakiez. Ekimen arrakastatsua izan da, ezta? Zergaitik itxi? Aintzina: Hasi ginanean be jakin genduan amaitu beharko zala. Eta arrakasta ikusita hobe geunke holan amaitzea, jentea gugaz aspertzen danean baino. Gotzon: Arrakasta zergaitik? Ez dakigu. Osagai asko egon dira: diskoa grabatu dogu, Gorka Urbizu Berri Txarrak taldeko abeslaria gugaz egon da, baita Nerea (Urbizu), Itsaso (Etxebeste)… Taldea osatu dogu. Beste batzuek 20 urte daroez musika munduan; hori da arrakasta. Gurea... Gorka: Itxiko gendula esan genduanetik, gero eta jente gehiago etorri jaku kontzertuetara. Esaten badeuskue orain dala urte bi hasi ginanean, hainbeste lagun etorriko zala, itsu-itsuan sinatuko genduan. Gotzon: Bai, diskoa lagungarria izan da proiektua zabaltzeko. Ahoz ahozkoak be lagundu egin gaitu, promoziorik ez dogu egin interneten izan ezik. Era berean, Txorierriko jenteak itzel erantzun dau: lagunak, ezagunak etorri dira. Halanda be, ezin da jakin zergaitik batzen diran 1.000 lagun Durangon zu ikusteko. Behin-betiko agurra da? Itzultzeko asmorik badozue? Aintzina: Bai. Katamalo proektuari agur esan deutsagu; Bihotz Bakartien Klubagaz (BBK) zer gertatuko dan ez dakigu. Gorka: Gelditu behar dogu, hausnarketa egin… Ez gara profesionalak, bakotxak bere bizimodua dau. Eta hemendik sei, zortzi hilabetetara etorri ahal dana, etorriko da, baina eperik jarri barik. Eta arrakasta ikusita, ez dozue pentsatu profesionaltasunera salto egitea? Gotzon: Ez. Guk badakigu merkatuaren egoera txarra dala. Halanda be, Durangon egon ginanean, bezperan Zea Mays eta Kerobia taldeak ikusteko 700 lagun egon ziran. Ea jentea hasten dan barriro apurka-apurka euskal musika entzuten eta erosten. Taldean musikatik bizi diranak be badagoz, baina denok talde bezala.... Ez dakit nik. Aintzina: Lehenengo kontzertuan, Gasteizen, ez dakit nik 20 lagun bildu ziran; Elorriora 15 be ez ziran etorri. Esan gura dot dana ez dala izan arrakasta eta jentetza. Baina bat-batean... itxaroten ez genduan jentea etorri jaku. Zelan ikusten dozue ibilbidea? Gotzon: Taldekideak leku ezberdinetatik gatoz: Larrabetzutik, Deustutik, Lekunbe-rritik, Tolosatik... Horrek baldintzatu dauz entseguak, kantak egitea…. Halanda be, erraz atara dira kantak. Eta eskerrak! Guztiok larrabetzuarrak izango bagina, ez dakit hobeak izango ziran, baina ziur nago abesti gehiago egingo genduzana. Guretzat esperientzia itzela izan da. Gorka: Halan da. Katamalo ez eze, BBK-n be bizi doguna itzela izan da. Aintzina: Gorkak eta Nereak (Urbizu), Alexek (Arregi) berak be erraztasun handia daukie sormenarako eta asko ikasi dogu. Gotzon: Balorazioa oso ona da. Apurka-apurka egin dogu ibilbidea: taldea, diskoa, kontzertuak, zuzenenekoetara jente gehiago etorten, harrera hobea eukiten…. Aintzina: Lagun talde bat osatu da. Gotzon: Euskal Herriko areto asko ezagutu doguz, eta ikusi dogu hemen badagoala ziurkuitoa egiteko modua. Guztira, 42 emonaldi egin dozuez. Gustatuko litxakizue beste lekuren baten jotea? Gorka: Iparraldera ez gara joan. Akabuko kontzertuak jarri genduzanean, hara joateko proposamena luzatu euskuen eta ezetz esan behar izan genduan. Horrezaz aparte, Araban be gehiago jotea gustatuko jatan. Gasteizen hasi eta Durangon amaitu. Zergaitik ez Txorierrin? Gotzon: Zamudion eta Larrabetzun egon gara. Gainontzeko herrietatik ez gara ibili, deitu ez deuskuelako; deitu baleuskue, egongo ginatekeen, seguru. Ganera, Txorierriko aretoak txikiegiak izango ziran. Izan be, ekainetik aurrera jente asko hasi zan etorten gure kontzertuetara eta lekurik ez egoteko beldurra euki genduan. Larrabetzuko Hori bai aretoan egin genduan eta txiki gelditu zan, esaterako. Orain Bartzelonan be ibili zarie, ezta? Gotzon: Bai, gure azken-azken emonaldia izan da. Bertoko Euskal Etxeak gonbidatu gaitu EH Sona jaialdira. Orain dala urte bi be deitu euskuen Arrakalak aurreko proiektua eroateko, baina ezinezkoa izan zan. Alkarri agur esateko aprobetxatu eta asteburu polita pasatu dogu. Zein izan da momenturik onena? Gorka: Asko izan dira, bai joten zagozen momentuetan, bai eszenatokitik kanpo zagozenean. Mutrikuko saioan, adibidez, oso leku txiki baten egin genduan kontzertua, eta bertan oso hurbil egoan jentea, eta kantak hasi zan kantatzen. Gotzon: Sarrikoko kontzertua be nahiko hunkigarria izan zan. Areto Nagusian egin genduan eta 300 lagun inguru hurbildu ziran. Aretoa handia da eta bete-beterik egoan. Orduan konturatu ginan zerbait gertatzen ari zala. Donostian edo Durangon be berotasun handia jaso genduan, eta gustura ibili ginan. Aintzina: Nik Lezokoa be aipatuko neuke. Kanpoan itzelezko hotza pasatu genduan, baina barruan berotasun itzela somatu genduan. Atzeko lerroetan jentea berbetan ibili zan, eta aurrekoek isiltzeko esan eutseen. Gotzon: Eta kontzertuen ostean jente asko etorri jaku gugaz berba egitera eta zoriondutera. Beste alde batetik, internetetik izan doguzan mezuak be aipagarriak dira. Batek esan euskun ez ebala inoiz diskorik erosi, eta zein eta geurea erosi egin ebala. Horrelako gauzek erakusten dabe zerbait txukun egin dogula. Gorka Urbizu, Rafa Rueda, Maialen Lujanbio… Luxuzko laguntzaileak, ezta? Aintzina: Lagunak dira. Eta Gorka Urbizu laguntzailea baino, kidea da. Gotzon: Literaturzalea da Gorka, eta Arrakalak proiektua zala-ta ezagutzen gaitu. Orduan etorri jakun eta esan euskun antzeko proiektu baten hartuko leukeela parte. Eta holan jarri ginan martxan. Maialen Lujanbiori eskatu geuntsazan zuzenekoetarako kopla batzuk. Eta Rafa Rueda nire ikaskidea izan da, eta bere diskoetan parte hartu dot. Aspaldiko lagun zaharra da, musikari itzela, apala eta horrelako gauzak egiteko prest agertzen da beti. Aintzina: Eta zuk horreek aipatu dozuz, baina lagun gehiagogaz ibili gara: Bide ertzean taldekoakaz, Jose Luis Otamendigaz… Zergaitik akustikoan? Gorka: Rock kontzertuetan jentea zutunik dago; eta gu ikusteko, aldiz, jesarrita mahai gainean kafesneagaz… Gotzon: Musikaz aparte, testuak be landu eta errezitatu egin doguz. Diskoa kontzeptuala da, eta giro horretan sartzea eskatzen deutsu. Gitarra elektrikoak erabili ahal izan genduzan, baina kantek holan egiteko eskatzen euskuen. Biluzik agertu gura izan dogu. Gaur egun estilo gehiago lantzen dira euskal musikan. Eta gure entzuleen artean be danetarik dago: Berri Txarrak taldeko zaleak, esaterako, eta horreei beste giro baten eskaintzen bajake, onartu egiten dabe gure estiloa. Instrumentazio aldetik be gurea ez da ohikoa: akabuko kontzertu bietan bateriagaz egin dogu, baina normalean biolina, pianoa, gitarra eta bajua uztartuten doguz. Irakurri dot zuena ez dala poesia musikatua, kantu bihurtutako poesia baizik. Zein da aldea? Gotzon: Testuak oinarri hartu doguz, eta handik aurrera musikariek melodia landu dabe. Poesia musikatuan, ostera, testua irakurri eta musikak giroa berotzen dau atzean. Guk horrelakoak be egiten doguz, baina kantak egin doguz, batez be. Badirudi poesia urrun dagoala publiko gehienarengandik. Musikak laguntzen dau gerturatzen? Gotzon: Melodiaren bidez poemak errepikatu eta gogoratzen dira. Eta holan buruz ikasten doguz gure belaunaldiko idazleen lanak (Sarrionaindia, Lete, Atxaga). Donostiako kontzertuan Zarautzeko neska batzuek esan euskuen ez zirala inoiz euskal poesiara hurbildu, eta gure lanari esker hasi dirala. Pozgarria da. Erantzi dozue katamaloa, baina egin behar da benetan? Babesen bat behar dogu jentaurrean, ezta? Aintzina: Norberak erabagi behar dau. Guk horregaz esan gura dogu Katamalo proiektuari amaiera emoten deutsagula, antzezlana amaitu egin dala. Gotzon: Maialen Lujanbioren kopletan agertzen da: askok irudiko dau / ni nazela era batekoa / baina ni ez naz horrela / ikusten nauten bezala. Etxahunek be primeran azaldu zuen bertsotan: nahi baldin duzu utzi jarrita / nahi baldin baduzu bota airean / baina beti izan dadila / zuk aukeratzen duzuna. Eta orain zer? Gotzon: Dakigun bakarra da oso zaila izango dala talde hau berriro batzea. BBK oso talde dinamikoa da eta badakigu jarraituko dauela, baina gehiagorik ez. Larrabetzuko musika eskola dala-eta, musikari asko dabiltza sortzen, eta hurrengo proiektua gazteakaz jarriko da martxan, beharbada. Batek daki! Musika eta poesia uztartuta Larrabetzuko Hori Bai gaztetxeak urtero antolatzen dauz kultur ekitaldiak gabonetan. Horren babespean, eta irakurle eta idazlearen arteko harremanak estutzeko helburuagaz, “zoro talde batek” Bihotz Bakartien Kluba eratzea erabagi eban 2001ean, Gotzon Barandiaranen berbetan. Ordutik hona Harkaitz Cano, Pako Aristi edo Kirmen Uriberen moduko idazleak entzungai izan doguz Larrabetzun. Ganera, errezitaldiak egiten dabez gaztetxe, taberna eta kultur guneetan. Beste alde batetik, literatura eskola bultzatu eben, baita hainbat ekitaldi kultural be. Eta horreetako bat Katamalo dogu. Arrakalak ikuskizunagaz hasitako bideari jarraitzen deutso horrek. “Katamaloa esaten deutsagu euskaldunok gure aurpegia beste bat bihurtzeko erabiltzen dogunari. Poemak eta kantak benetan garana onartu gura ezaz idatzi doguz, ez garana azaldu beharraz, itxurakeriaz, hipokresiaz... Barre egingo deutsagu geure buruari eta hurkoarenari, tristetu egingo gara ispiluaren aurrean, eta harro eta pozarren biluztuko gara. Ostentzea agertzeko era bat baino ez dalakoan”, idatzi dabe webgunean. Gotzon Barandiaranen testuak oinarritzat hartuta, kantuak landu eta disko bi grabatu dauz taldeak: Katamaloa estudioan; Erantzi katamaloa, Gernikako Lizeo antzokian emondako zuzenekoan. Alex Arregik (ahotsa eta gitarra), Aintzina Lekuek (biolina), Gorka Mugarzak (soinua), Gorka Urbizu Berri Txarrak taldekideak (ahotsa eta gitarra), Itsaso Etxebestek (bajua), Nerea Urbizuk (ahotsa, teklatuak eta kaxa), eta Gotzon Barandiaranek (kanturako poemak eta kuatroa) osatzen dabe taldea. Halanda be, lagun batzuen laguntza jaso dabe; Rafa Rueda, Maialen Lujanbio edo Jose Luis Otamendi, besteak beste. Material eta informazio guztia: www.katamalo.org

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).