Euskaltegira datozen ikasleen perfila eta motibazioa guztiz aldatu dira. Garaiak aldatu egin dira, orokorrean. Lehen euskararekin motibatuta etortzen ziren euskaltegira; orain gehiengoa titulu bat lortzeko asmoarekin dator.
Jakin badakigu tituluak, masterrak eta perfilak eskuratu behar direla gaur egun lana lortzeko, curriculum itxurosoa baino areago erakargarria edo “betea†izateko. Baina euskaltegira EGA edo titulu bila datorren jendearekin nago arduratuta. Askotan espainolez sartzen eta irteten direlako, eta karrejoan ere ez direlako lotsatzen ahopeka inperioko hizkuntzaz egiten dutenean. Horiek ez dute pentsatzen euskara normaliza daitekeenik.
Euskarak aurrera egingo badu, lan munduan sartu eta bertan normalizatu beharko du; horretan bat gatoz denok. Baina, etxe hau eraikitzeko, ezinbestekotzat jotzen dut guztion artean normalizazio plan eginkorra egiten asmatzea; eta ez plan solteak.
Beste alde batetik, eta betiko aldarriei dagokienez: “Herri bat garaâ€, “hizkuntza bat duguâ€, “bere aldeko apustua egin behar duguâ€. “Egingo dugu, baietz?†“Ezetz?â€..., baietzaren alde egin genuen aspaldi, eta egiten jarraitzen dugu. Baina uste dut ez dugula asmatu ardura hori seme-alabei, auzokoei, lagunei eta ezagunei transmititzen.
Batzuentzat dagoeneko historia diren antzinako gau eskolak, ikastolen hasierako ezkutuko lanak, Euskaltzaindia, euskaltegiak, D eredua... euskararen aldeko apustuak izan ziren eta emaitza ona eman dute. Baina ez da nahikoa, eta ez gaitezen erlaxatu.
Paradoxa bat esango dizuet: datuen arabera, Txorierrin Derio da euskararen ezagutza handiena duen herria; eta haren atzetik, Sondika. Baina kalean ez dago horren pareko islarik.
Eskolak, institutua, Politeknika, hiru euskaltegi eta euskara elkarte bat daude Derion, baina kaletik euskara entzutea sano urria da oraindik. Gazteriak, antza, ez du antzinako euskararen aldeko erronkaren beharrik? Zer egin motibazioa lantzeko?
Zerbait apurtu ote da transmisioan? Etxeko lanak egin beharrean, eskoletara pasatu ote dugu ardura? Zer egin dezakegu tituluak gorde eta euskara mihi puntan dantzan erabiltzeko? Euskaraz bizitzeko?